Bumerana, hara eta hona

Iker Tubia / 2019-04-10 / 1046 hitz

Berriz jarri dute martxan Australiara migratu zuten nafarren elkartea, batik bat 1958. eta 1963. urteetako migrazio programari esker hara joandakoen memoria gordetzeko. Elkarteak migrazio olde hori ezagutarazi nahi du, eta hurrengo belaunaldiek gogotsu hartu dute lekukoa zabalkunde lana egiteko.

Urrutira bota arren, bumerana beti itzultzen da. Hala egin zuten euskal herritar askok 1958. eta 1963. urteen artean. Urrutira joan ziren hobeto ordaindutako lan baten eske, Australiara, baina haietako asko etxera itzuli ziren, helburua lortuta. Orain, martxan jarri dute Nafarroako Bumeran Australia elkartea, han egondakoen ondorengoek, batik bat. Bumeranak bezala, joandakoak itzuli, eta memorian gorde nahi dituzte.

Han izan zirenentzat esperientzia ahantzezina izan zen, eta hala transmititu diete ondorengoei. Mahaiaren bueltan hiru belaunaldi bildu dira elkartearen nondik norakoez eta Australiako kontuez aritzeko: Agustina Cillero Australiara migratutako emakumea, Alberto Asin Australiara joandako Jesus Asin zenaren semea, eta Stephanie Crespo Cilleroren biloba. Azken hori da Bumeran elkarteko lehendakaria, eta bertako kide dira beste biak. Gai garrantzitsua da haientzat; solasaldia hasi bezain pronto antzematen da.

Elkartea aurretik ere existitzen zen. Australiara joandakoek sortu zuten, 1994an, baina 2009an bertan behera utzi zuten jarduna. «Elkartea berriz martxan jarri dugu hara joan zirenei aitortza egiteko, eta haien bizipen eta istorioak ez daitezen ahantzi», gogorarazi du Crespok. «Familiendako oso garrantzitsua da, eta gainerakoentzat, oso interesgarria. Izan ere, asko dakigu Argentinaz, Suitzaz, Alemaniaz, AEBez… baina Australiakoa ez da ezagutzen». Gainera, onartu du hara joandakoen artean gero eta gutxiago daudela bizirik, eta horrek ere kezkatu ditu. Orain, estatutuak legeztatzen ari dira, eta Nafarroa osoko migranteak bilatzen. Argazkiak eta bizipenak biltzeko lana ere hasia dute. Udan, gainera, bidaia bat antolatu dute Australiara, Bizkaiko elkartearekin batera.

Hego Euskal Herritik jende anitz joan zen Australiara lan bila 1958. eta 1963. urteen artean. Geroago ere bai, baina Espainiako Gobernuak tarte horretan egin zuen migrazio programa. «Morrosko indartsuak eta gogorrak zirelakoan deitu zituzten, herrikoak zirelako», dio Agustina Cillerok. «Herrietan lan asko egiten zen, baina gutxi irabazi. Horregatik joan ziren, hemen baino gehiago irabazteko». Aurretik ere joanak ziren euskaldun batzuk, 1920ko urteetan: «Ordutik, izen ona zuten euskaldunek».

Juan Jose Miranda, Cilleroren senarra, 1958an abiatu zen Australiara. Kanguru operazioa deitu zioten, eta hura izan zen programaren lehenbiziko bidaia. Alberto Asinen aitarekin elkartu zen itsasontzian. Suezeko kanaletik joan ziren, 40 egun eman zituzten bidaiatzen, eta hamaika tokitan gelditu ziren: Proventzan, Italian, Singapurren, Indian… Bidaia bera abentura bat izan zela gogorarazi dute haien senideek. «Itsasontzia hornitzeko eta janaria hartzeko gelditzen ziren. Gaur egun jendeak gurutzaontzietan egiten duena, baina haiek lanera zihoazen», aipatu du Asinek.

Kanabera biltzen

Azukre-kanabera sailetan lan egitera joan ziren gehienak, lan asko zegoelako. «Han ez zegoen lanerako inolako arazorik», dio Cillerok. Lana «oso gogorra» zela aitortu du: arratsaldez kanaberak erretzen zituzten, zomorroak uxatzeko eta hostoak kentzeko. Goizeko lauretan esnatzen ziren kanabera mozteko, eta 11:00etarako etxean ziren. «Beltz-beltzak etortzen ziren, goitik behera belztuak». Beroa egiten zuen; beraz, bazkalondoan kuluxka egiteko aprobetxatzen zuten.

Zazpi hilabeteko lana izaten zen, gutxi gorabehera. Horren ondoren, batzuk herrian geratzen ziren, langabezia kobratzeko aukera zutelako. Beste batzuek nahiago zuten beste herri batera joan, beste lanen batean aritzeko. Normalean, lanean segitzea erabakitzen zutenak tabako landareekin aritzen ziren, Mariban. Hala ere, batzuk galdategietan, eraikuntzan, mahastietan eta bestelakoetan aritu ziren. Normalki ez zuten etxerik erosten: barrakoietan bizi ziren, alokairuan.

Kanguru operazioa baino urtebete geroago abiatu zen Cerillo Australiara. Accion Catolicak bikotekide eta arrebei joateko aukera eskaini zien. Cerillo beste hiru nafarrekin batera joan zen, hegazkinez. Australiara ailegatu eta hogei egunera ezkondu zen. «Itsu-itsuan joan ginen hara, bikotekideak genituelako, baina ez genekien deus ere Australiari buruz», gogorarazi du Cerillok.

Autoekin harriturik gelditu zen. «Nire herrian auto bakarra zegoen, pentsa! Eta, han, familia batean bost kide baziren, bost auto zituzten. Eta nekazaritzako makinak ere oso aurreratuak ziren». Hego Euskal Herrikoa baino gizarte aurreratuagoa aurkitu zuten han. Ez bakarrik teknologiari zegokionez: «Gazteen bizimoduak harritu egin gintuen. Hemen bikotekideari ezin zenion eskutik heldu, eta, han, bikoteek elkarri musu ematen zioten gurasoen aurrean, eta ez zen deus pasatzen», kontatu du Cerillok.

Lanarekiko ikuspegia ere ezberdina zela ohartu ziren. Hori da Asinek aitaren ahotan gehien aditu zuena: «Hango jendea maite zuen. Oso langileak zirela zioen, eta langileei balioa ematen zietela. Aitak zioen hobeto ikusten zituztela landan aritzen zirenak bankuan aritzen zirenak baino». Ez hori bakarrik: «Langileen arteko batasuna zegoela esaten zuen, hemen ez bezala. Sindikatuek benetan defendatzen zituztela esaten zuen».

Haren aita bi alditan bizi izan zen Australian. Hiru urte eman zituen lehenbizi, eta, lortutako diruarekin, Nafarroan etxe bat erosi, eta ezkondu egin zen. Berriz joan zen, emaztea haurdun zegoela. Beste hiru urte eman zituen Australian, eta bueltan ezagutu zuen semea, haurrak 2 urte zituenean. «Aitak beti izan zuen itzultzeko gogoa», gogoratu du Asinek. Baina Nafarroan geratu zen, familiarekin. «Ni naiz lau anai-arrebetan gazteena, eta, hala ere, gogoan dut beti hitz egiten zuela Australiari buruz». Itzulita ere, askok harremana mantentzen zuten hangoekin. «Aitak eta hango jabeak argazkiak bidaltzen zizkioten elkarri. Aitak beti bilatzen zuen ingelesa zekien norbait eskutitzari erantzun ahal izateko», azaldu du Asinek.

Urte asko eman zituzten Australian, baina gehienek ez zuten ingelesa ikasi. Italiarrekin zuten harremana, batik bat. «Nire aitak puskaz hobeki zekien italiera ingelesa baino», azaldu du Asinek. Cerillok ere ez zuen ingelesa ikasi: «Ezagutzen bazenuen ingelesa zekien espainiarren bat, medikuarenera-eta laguntzen zintuen. Eta, bestela, italiarrekin. Ongi ulertzen genuen elkar. Italiar pila bat zeuden».

Animaliekin ere izan zituzten ezustekoak, fauna Nafarroakoaren bestelakoa baita. «Senarra baino handiagoa» zen kanguru bat ikusi zuenekoa gogoratu du Cerillok, edo «oilo erraldoi bat» ikusi zuenekoa —kasuario bat zen—. Kontuz ibili beharra zegoen: «Gernikar anaia batzuk, azukre kanaberan lan egin eta gero, etxera itzuli ziren, eta galtzak lurrean utzi zituzten. Bada, haietako bat jaiki, galtzak janzten hasi, eta suge bat igo zitzaion hankan gora».

Arbasoen bideari jarraikiz

Cerillok esan duenez, zoriontsu bizi ziren Australian, baina, alaba sortu eta zortzi urtera, itzultzea erabaki zuten. Hori egiten omen zuten gehienek: «Bestela, alaba handitu eta ezkonduz gero, denek han geratu beharko genuen». «Oso gaizki», erantzun dio bilobak, txantxetan. Berak txikitatik aditu du Australia, eta hortik herrialdearekiko miresmena: «Aitatxik han bizitako guzia idatzi zuen, eta nik testuak zuzentzen nizkion. Horretan oinarriturik, Australiara bidaiatu nuen: haiek egondako toki guzietan izan nintzen: 3.200 kilometro».

Asin ez da han izan oraingoz, baina sumatzen du zerbait geratu zaiola han. «Espero dut inoiz joateko aukera izanen dudala». Aurten ezinen du, baina akaso beste batean. Cerillo ere ez da itzuliko, baina kontent da elkartearekin: «Orain, seme-alabek eta bilobek ilusio eta gogo handia dute elkartearekin, eta guri ilusio handia egiten digu bizipen horiek gogoratzeak. Oso polita da».


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.