Animalia bereziak al dira txakurrak?

Josu Lopez Gazpio / 2019-04-30 / 1026 hitz

Etxean eta gizakiongandik gertu dauden animaliak izanik, txakurrekiko dugun grina eta estimua handia izaten da. Txakurrekiko miresmen horrek, hala ere, sarritan haien adimena handia -edo behar baino handiagoa- dela pentsatzera eraman gaitzake. Duela gutxi Kaieran bertan adierazi zen bezala, gizakiok badugu geure burua eta geure bikotekidearen inteligentzia gehiago balioesteko joera.
Bada, gauza bera gertatzen da txakurren kasuan, eta ez bakarrik adimenaren kasuan. Beste gaitasunen kasuan ere, txakurrek ohiz kanpoko gaitasunak dituztela pentsa daiteke -eta horrexegatik aukeratu zirela etxeko animalia bezala-. Zalantza hori argitzeko asmoz, Stephen Lea eta Britta Osthaus ikertzaileek zientzia-literaturaren analisi sakona egin dute. Ikerketaren ondorioek harrituta utziko diete txakurren jabeei.

Geure gaitasunak eta inteligentzia gehiegi balioesteko joera dugu. Baita geure bikotekidearena ere. Etxeko maskoten kasuan ere, haien gaitasunak eta adimena objektiboki dena baino handiagoa dela pentsatzeko joera dugu. 2010ean argitaratutako ikerketa baten emaitzek erakutsi zutenez, katu eta txakurren jabeek, haien etxe-animaliak batezbestekoak baino gaitasun hobeak dituela uste dute. Ikerketak erakutsi zuen ezaugarri positiboak kontuan hartzean norberaren animalia batezbestekoa baino hobeto baloratzen dela.

Txakurren gaitasun kognitiboa bereziak diren edo ez argitzeko asmoz, Lea eta Osthaus ikertzaileek berrikuspen sakona argitaratu berri dute. Azken urteotan, txakurren gaitasunak bereziak izan daitezkeela esan da, baina, zeintzuk dira hain ezaugarriak konparaketa egokiak egiten badira? Egia da txakurrek historia luzea dutela eredu-organismo bezala, eta askotan erabili dira biomedikuntzaren arloko ikerketak egiteko. Aipagarria da, esaterako, Pavlovek 1927an Sobietar Batasunean egindako ikerketa aitzindariak, eta horren haritik hainbat hamarkadatan jarraitu duten ikerketa-lerroak zabaldu ziren. Mendebaldeko herrialdeetan ere txakurrak sarritan erabili ziren ikerketak egiteko, baina, konparazio-psikologiak hutsune garrantzitsuak izan ditu; izan ere, aztertutako eredu-organismoak komenigarriak izateagatik aukeratzen ziren eta ez teoria ebolutiborik kontuan hartuta. Gauzak horrela, zaila da txakurren gaitasun kognitiboak testuinguru egokian kokatzea. Hasteko, espezie desberdinen gaitasun kognitiboak neurtzeko oso tresna gutxi daude eskuragarri eta estandarizazio prozedurak ez daude definituta. Ez da lan makala, hortaz.

Txakurren testuingurua

Txakurrekin konparaketak egiteko beste espezieak bilatzeko, ikertzaileek hiru arlotan aztertu dituzte: filogenetikoki, ekologikoki eta antropogenikoki. Beste modu batera esanda, txakurrek kokapen ebolutiboa egin behar da txakurrak zein espezietatik datozen jakiteko, beste espezieekiko eta Naturako beste elementuekiko dituzten harremanetan kokatu behar dira, eta baita gizakion historiarekin duten loturan kokatu behar dira. Filogenetikoki, txakurrak Carnivora ordenakoak dira, alegia, ugaztun haragijaleak dira. Ekologikoki ehiztari sozialak dira, hau da, taldetan ehizatzen duten animaliak dira. Antropogenikoki, etxe-animaliak dira, alegia, gizakiari nolabaiteko laguntza emateko balio izan duten taldekoak. Haragijaleak soilik direnetan lehoia eta mapatxea sailkatu zituzten. Ehiztari sozialak soilik direnetan izurdea eta txinpantzea eta etxe-animaliak soilik direnetan txerria, zaldia, ahuntza eta usoa. Etxe-animalia eta haragijaleetan katua sailkatu zuten eta haragijale eta ehiztari sozialak direnetan, aldiz, hiena, Afrikako txakur basatia eta otsoa. Haragijalea, ehiztari soziala eta etxe-animalia den bakarra txakurra da. Baliteke hortik eratorritakoak izatea bere berezitasunak, baldin badaude.

Testuingurua kokatu ostean, ikertzaileek txakurren ezaugarrien analisi sakona egin zuten beste espezie horiekiko konparaketan. Analisi horren ondorioz, eta gaitasun kognitiboei buruz eskuragarri dagoen informazioa zein den jakinda, zortzi espezie aukeratu zituzten txakurrekin konparatzeko: otsoak –Canis generoan oso gertukoak direlako-, Afrikako txakur basatiak eta hienak -haragijale eta ehiztari sozialak direlako-, katuak -haragijaleak eta etxe-animaliak direlako-, izurdeak eta txinpantzeak -ehiztari sozialak izateagatik- eta zaldi eta usoak -etxe-animalien eredu gisa-.

Horren ondoren, hainbat arlotan eskuragarri dagoen zientzia-bibliografia sakon berrikusi zuten. Aztertutako arloen artean, hauek dira nagusienak: asoziazio-ikaskuntza, zentzumen-kognizioa -usaimena, dastamena, ikusmena, entzumena-, kognizio fisikoa -munduan dauden objektuek modu eraginkorrean erabiltzeko gaitasuna-, kognizio espaziala, kognizio soziala -beste espezie bateko animalien keinuak ulertzeko gaitasuna, ikaskuntza soziala egiteko gaitasuna-, norbere buruaren kontzientzia izateko gaitasuna eta buruz denboran bidaiatzeko gaitasuna deiturikoa -alegia, iraganeko momentuak gogoratzeko eta etorkizunekoak aurreikusteko gaitasuna-.

Txakurren konparaziozko inteligentzia eta ondorioak

Asoziazio-ikaskuntzaren kasuan, ez dago frogarik txakurrak ezaugarri bereziak dituztela esateko. Zentzumen-kognizioari dagokionez, konparaketan erabilitako beste espezieen antzeko ezaugarriak dituzte. Kasu batzuetan hobeak, esaterako, usaintzeko gaitasun oso handia dute, baina, beste zenbait haragijalek edo etxe-animaliek dutenaren antzekoa da. Oro har, txakurren zentzumen-kognizioa aztertutako beste espezieen mailakoa da. Kognizio fisikoari dagokionez, ez da txakurren atalik indartsuena. Oro har, aztertutako hiru taldeetan -haragijaleak, ehiztari sozialak eta etxe-animaliak- dauden beste espezieek txakurren gaitasunak berdintzen edo hobetzen dituzte. Arazo espazialak ebazteko txakurrek gaitasun ona dute, baina, aztertutako beste espezieek ere antzeko gaitasuna dute eta ez dago frogarik txakurrak apartekoak direla adierazteko.

Kognizio sozialaren arloan aurkitu dute ikertzaileek informazio gehien. Txakurrek gaitasun harrigarria dute beste animalien portaera bereziki gizakiona keinu edo gako gisa erabiltzeko. Beste haragijaleek eta etxe-animaliek ere gaitasun hori bera edo hobea dute, baina, oro har, ehiztari sozialek ez dituzte gaitasun horiek. Txakurrek ikaskuntza sozialerako bikainak dira eta haragijaleen artean otsoek bakarrik gainditzen dute txakurren gaitasuna. Etxe-animalien eta ehiztari sozialekin alderatuta, txakurren ikaskuntza sozialerako gaitasuna besteen parekoa da. Bestalde, litekeena da txakurrek ez izatea haien buruaren kontzientzia, ezta buruarekin denboran bidaiatzeko gaitasuna ere, baina, beste animalia gehienek ere ez dute gaitasun hori -aztertutakoen artean, txinpantzeak eta izurdeak bakarrik dute horretarako gaitasuna-.

Aztertutako guztiaren ondorioz, Lea eta Osthausen ikerketan ez da adierazten txakurrek aparteko gaitasun bereziak dituztenik antzeko beste espezieekin alderatzen direnean. Txakurren kasuan nabarmentzen da gaitasun itzela dutela gizakion portaera imitatzeko eta gako bezala erabiltzeko trebezia, baina, ez besterik. Hortaz, litekeena da txakurrak ez izatea ohiz kanpoko animaliak, baina, animalia interesgarriak dira kognizio ikerketak egiteko. Hiru talde handitako animalien ezaugarriak dituzte eta hainbat motako kognizio-analisiak egiteko aukera ematen dute. Hortik, posible da beste espezieen kognizioa hobeto ezagutzea eta ulertzea; izan ere, ezinezkoa litzateke espezie guzti-guztien ikerketa sakonak egitea.

Hala ere, eta txakurren jabe direnei lasaiago uzteko, esan behar da etxean txakur bat egotea onuragarria dela osasunarentzat. Suedian egindako ikerketa batean frogatu zen bezala –Nature aldizkarian argitaratu zena-, txakurren jabeek probabilitate txikiagoa dute bihotzekoak jota eta arazo kardiobaskularren ondorioz hiltzeko. Antza, txakurrek estres psikologikoa arintzen laguntzen dute eta, gainera, txakurra kalera atera behar izateak jarduera fisiko gehiago dakar. Hortaz, txakurra badaukazu edo baten jabe izan nahi baduzu, jakin ez direla animalia bereziak gaitasun kognitiboei dagokienez, baina tira, hori ez da guztia, ikerketetan neurtu ezin daitezkeen emozioak ere egon baitaude. Hori bai, txakurra nahi baduzu ez erosi, adoptatu. Munduak eskertuko dizu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Lea, Stephen E.G., Osthaus, Britta (2018). In what sense are dogs special? Canine cognition in comparative context. Learning & Behavior, 46 (4), 335-363. DOI: 10.3758/s13420-018-0349-7

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.