Arropa merkea garesti ateratzen da

Jaione Dragdrommer / 2020-01-17 / 430 hitz

Merkealdi garaian sekulako pagotxak aurki daitezke, baina arropa merkearen atzean lan esplotazioa egon daiteke eta baita arropa horiek ekoizteak sortzen duen kutsadura ere, ingurumena narriatuz.

Kontua ez da diru gehiago xahutzea hain gustukoa duzun jertsea erosten, baldin badakizu merkealdietan erdi prezioan egongo dela. Besterik gabe, arropa izugarriki merketua (kasu %80ko merkealdiekin) edota euro oso gutxitan saltzen den arropaz ohartzea da. Hasierako pentsamendua hau litzateke: “A zer pagotxa! Aprobetxatu behar dut aukera!” Bada, puntu horretan gaudenean beharrezkoa da hausnartzea.

Hori dio Fashion Revolution mugimenduak. Mugimendu hau modaren kontsumo arduratsua zabaltzeko lanean dabil. Prezio merkeek kontsumitzaileei aurrezten ari direnaren sentsazioa igortzen diete, eta egia izan daiteke epe laburrera, baina epe luzera honen benetako kostua pairatuko dugu, arropa merkea ez baita jasangarria.

2019ko ekainean, Missguided denda kate britainiarrak libera bat balio zuen bikinia jarri zuen salgai eta horrelaxe promozionatu zuen sare sozialetan: “Guztiek nabarituko dute zure bikinia, baina ez zure banku-kontuak”.

Horraino kostu baxuko modaren adibide bat gehiago zirudien, baina bikiniaren osagaiak erreparatuz, %85 poliesterrarekin egina zela jartzen zuen, hau da, suntsitzen 200 urte beharko dituen materialez egina. Argi dago libera bat kostatzen den bikini bati ez zaiola kalitatea exijitzen eta horregatik ez dituela uda asko jasango, horregatik, logikoa da pentsatzea askok berehala zaborrontzian bukatuko dutela, horrek dakarren guztiarekin.

Nazio Batuen Erakundeak egindako txosten baten arabera, arroparen industriak munduko hondakin-uren %20 sortzen ditu eta munduko karbono igorpenen %10. Horrela, petrolioaren ondoren, kutsadura gehien sortzen duen bigarren iturria da.

Alabaina, ingurugiroari eragiten dion kaltea alde batera utzita ere, arropa izugarri merkeak gizakiak ere esplotatzen ditu. Aipatutako bikiniak libera bakarra balio baldin badu, hori landu duenari zenbat tokatzen zaio? Horrela, India, Pakistan, Bangladesh edo Maroko bezalako lekuetan lan egiten duten langileen soldatak barregarriak izatera ere ez dira iristen eta gainera lan ordu luzeak burutu behar izaten dituzten baldintza ezin kaskarragoetan.

Azkenik, aipatu beharra dago arropari gure gizartean ematen zaion balore eskasa, are gehiago gutxi ordaindu bada beragatik. Kafe bat baino gutxiago balio duen arropa zaborretara botatzeak ez digu minik ematen. Horregatik, merkealdietan eskuratzen den arropa askok ibilbide laburra izan ohi dute.

Zer egin honen aurrean?
Urte bukaerako merkealdiak aukera bikaina izan daiteke benetan nahi dugun edo behar dugun arropa eskuratzeko. Greenpeace edo Fashion Revolution bezalakoen aholkuak arropa gutxiago erostea da, ahal bada kalitate hobeagokoa urte gehiago iraun ditzan, bigarren eskuko arropa erostea edo lagunen artean arropa trukatzea, inguruko diseinatzaile eta marka lokalak babestea, horrela, milaka kilometro garraiatu behar den arropa erostea ekidingo baitugu eta arropa hori jasangarria den (birziklatutako materialekin egina) eta ekoizpen etikoa jarraituz sortua izan den informatzea dira. Beraz, hemendik aurrera arropa erostea atera aurretik arakatu armairua, ziur badituzula aspaldi janzten ez dituzun arropa eder ugari!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.