Jaione Dagdrommer / 2020-05-19 / 278 hitz
Anne Hidalgo, Pariseko alkatearen proposamena da zerbitzu publiko zein pribatuak denentzat oinez edo bizikletaz gehienez 15 minutura egotea. Ekimen honen leloa “La Ville Du Quart d’Heure” da, hau da, hiria ordu laurdenean.
Hiri eredu honek kohesio soziala hobetzea du helburu eta Paris ekologikoago bilakatzea. Planteamendu honek hiritik mugitzeko moduan aldaketa erradikala ekarriko luke, komunitate buru askiak sortuz eta kutsadura, zein estresa gutxituz. Hidalgoren programak mugikortasun jasangarria bultzatu nahi du, oinezko, bizikleta eta ibilgailu jasangarriei lehentasuna emanez.
Guztia 15 minutura
Horrela, helburua beharrezkoak diren zerbitzu guztiak 15 minutura egotea da. Ekimen honekin batera, gune berdeak gehitu nahi dira, eta baita aparkaleku publikoak ere.
Ordu laurdeneko hirian proiektua Sorbonne-ko Unibertsitatean sortu zuen Carlos Moreno zientzialariak. Autoreak aipatzen duenez hiritarren bizitzan sei funtzio sozial oinarrizko daude: Etxebizitza duina, lan eskaintza egokia, hornidurak eskuratzea, aisialdi eskaintza, ongizatea bermatzen duten zerbitzuak eta hezkuntza.
Eredu honek espazio berdinean erabilera ezberdinak nahastu nahi ditu XX. mendeko eta XXI. mende hasierako planteamendu urbanistikoekin hautsiz. Erabilera bakarreko guneak sortzen dira oraindik ere, eta honekin amaitu nahi du eredu honek. Izan ere, geroz eta aditu gehiagok ukatzen dute hiriaren garapenerako eredu zaharkitu hori.
Ikuspegi berri honek ordea, denbora eta espazioaren arteko harremana aldatu nahi dira, hirietan bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetuz. Horretarako, hiria diseinatzerako orduan kontuan hartu beharko dira bizitza erritmo ezberdinak.
Antzeko ereduak
Munduan zehar antzeko planteamenduak existitzen dira. Adibidez, Ottawa hiriko (Kanada) hiritarrek 15 minutura dituzte oinarrizko zerbitzuak. Planteamendu deszentralizatzaile honek bertan bizi direnen bizimodua hobetzen du harreman sozialak sustatuz.
Egia da gure hirien konplexutasun eta aniztasunagatik zaila dela eredu berdina hiri guztietan klonatzea, baina eredu hau oinarri hartuta hiri jasangarriagoak planteatu litezke. Izan ere, ingurumenaren krisiak, ezberdintasun sozialek, osasun krisiak eta ezegonkortasun ekonomikoak ez digu beste aukerarik uzten: hiri sozial eta jasangarriagoak behar ditugu berandu baino lehen.