Ana Galarraga / 2020-05-15 / 409 hitz
Azterketa serologikoen arabera, Euskal Herriko populazioaren zati txiki batek baino ez ditu antigorputzak SARS-Co-V-2 birusarekiko (%5ek baino gutxiagok). Horrek esan nahi du gehiengoak ez duela babesik COVID-19aren aurrean, eta, beraz, prebentzio-neurriak arintzearekin batera, izurria berpizteko arriskua dago.
Arrisku horri aurre egiteko neurriak hartuta ere, jarduera sozioekonomikoa berreskuratu ahala, fokuak piztu dira pandemiaren lehen kolpea azkarren gainditu zuten herrialdetan. Agerian geratu da zorrotz bete behar dela Osasunaren Mundu Erakundeak zehaztutako gidalerroa, fokuak lehenbailehen itzaltzeko: testatu, jarraitu eta bakartu. Lurralde bakoitzak bere egoerara eta baliabideetara egokitu du jarraibidea, baina lehentasunezko estrategia da denetan.
Testei esker, jakin daiteke pertsona bat une horretan infektatuta ote dagoen (birusaren RNAren detekzioa, PCR bitartez) ala infekzioa gainditu duen eta zer fasetan dagoen (antigorputzen detekzioa, test serologikoen bidez). Testak egiteko, populazio-talde batzuk lehentasunezkoak dira: osasun-langileak, adinekoen egoitzetako egoiliar eta langileak, zaintza-lanak egiten dituztenak, farmazialariak, jende askorekin harremana izatera behartuta egon diren langileak…
Gainerakoetan, berriz, norberaren ardura da adi egotea kutsatzeko arriskua saihesteko, eta, infekzioaren zantzurik izanez gero, osasun-zentrora jotzea, testa egiteko. Infekzioa baieztatuz gero, gainditu arte bakartuta egon beharko du. Behar duen tratamenduaren arabera, ospitalean edo etxean egon beharko du, infekzioa guztiz gainditu duela frogatu arte.
Aldi berean, transmisio katea eteteko, ezinbestekoa da jakitea norekin egon den infektatutako pertsona bakoitza, litekeena baita haiek ere infektatuta egotea. Horretarako, sakelako telefonoetako aplikazioak erabiltzen ari dira leku askotan, eta Euskal Herrian ere garatu dira horrelako sistemak. Telefonoen bidez zein beste metodoren bat erabilita, helburua da infektatutakoen kontaktu guztiak identifikatzea eta bakartzea, bi astez.
Hori dena modu sistematikoan egiteko, planifikazio sendoa eta baliabide asko behar dira. Hain justu, sistema prest izatea da konfinamendua arintzeko baldintzetako bat. Eta ardura handia da: huts egiten badu, berriro zorroztu beharko dira prebentzio-neurriak eta ondorioak larriak izango dira maila askotan.
Neurri batean, norbanakoen esku ere badago infekzioak prebenitzea. Horretarako, orain arteko jarraibideei eustea da eraginkorrena: ohitura bihurtzea eskuak eta gainazalak maiz garbitzea, aurpegia ez ukitzea, maskara erabiltzea leku itxietan, bi metroko tartea uztea beste pertsonekin, leku jendetsuetara ez joatea…
Portaera horiek norbereganatzeko, oso lagungarria da, batetik, ezagutzea jokabide jakin bakoitzaren onura (eta ez egiteak dakarren kaltea), eta, bestetik, eredu onak izatea. Zentzu horretan, arduradunek beti jokatu beharko lukete modu eredugarrian.
Eta baliabideak ere jarri behar dira. Adibidez, eskuak garbitzeko aukera eman behar da; maskarek eskuragarriak izan behar dute; espazioak eta zerbitzuak diseinatu daitezke pilaketak eragozteko; eta bakartuta egon behar izanez gero, epe hori modu duinean eta seguruan igaro ahal izatea bermatu behar da.
Denaren beharra egongo da, eta, guztiaren buru, hiru katebegiko estrategia: testatu, jarraitu, bakartu.