Zientzia eta sasizientzia

Josu Lopez Gazpio / 2020-05-20 / 1055 hitz

Zientzia prozedura bat da, ondorio jakin batzuetara iristeko metodoa. Ondorio horiek Unibertsoan gertatzen diren fenomenoak azaltzeko balio izaten dute eta, horrela, metodo zientifikoari esker, pixkanaka, munduari buruzko ezagutzak lortzen ditugu. Badira, alabaina, ebidentzietan oinarritzen ez diren ideiak. Neurri batean, zientzia bera ere dena modu arrazionalean azaldu daitekeela pentsatzeko uste dogmatikoan oinarritu daiteke, zenbaitetan. Litekeena da guztia arrazionalki azaltzea posible ez izatea, baina, horrek ez du bidezko egiten ebidentzien aurka doana.

Momentuz azaldu ezin diren fenomenoetan eta faltsukerietan leku aproposa aurkitu dute hainbat sasizientziek haien atzaparrak zabaltzeko. Sasizientziak medikuntzan leku egokia aurkitu du, baina, ez bertan bakarrik. Zer da, baina, sasizientzia? Zertan desberdintzen dira zientzia eta sasizientzia?

Muga benetan lausoa da kasu askotan eta ez da erraza definizio zehatzak ematea. Arazo horretaz konturatuta, Karl Popper filosofoak muga hori ezarri nahi izan zuen: faltsugarritasuna. Zientziaren eta sasizientziaren arteko demarkazioa finkatzeko, Popperrek adierazi zuen zientzia faltsutu egin daitekeela, alegia, posible dela teoria jakin bat ezeztatzeko esperimentu bat diseinatzea. Sasizientzien kasuan, sarritan ezinezkoa da esperimentu bat diseinatzea haren oinarriak deuseztatzeko. Esaterako «ardi guztiak zuriak dira» faltsugarria da; izan ere, zuria ez den ardi bat bilatzea nahikoa litzateke «ardi guztiak zuriak dira» gezurra dela frogatzeko. Popperren arabera, sasizientzia gehienen printzipioak hain dira anbiguoak ezen ezinezkoa baita haiek gezurtatzea. Gezurtagarriak ez direnez, ezin da frogatu faltsuak diren edo ez. Horrexetan dago sasizientzien arrakasta. Ondorioz, sasizientziei aurre egiteko eszeptikoak izaten ikasi behar dugu.

Sasizientzia batzuk diotena horrela balitz, Fisikaz eta Kimikaz orain arte dakiguna zalantzan jarriko lukete. Esaterako, homeopatiaren oinarriak bateraezinak dira oinarrizko kontzeptu kimikoekin -Avogadroren zenbakia, esaterako-. Horrelako baieztapenak egiteko, jakina, ebidentzia asko eta oso sendoak beharko lirateke.

Proposamen zientifikoak gezurtagarriak eta errepikagarriak izan behar dute. Sasizientziak aldaezinak dira eta zientzia, aldiz, aldatu egiten da ebidentzia berriak dauden neurriak. Nolabait esateko, zientzia kritikoa da bere buruarekin eta ohiko jarduera da berrikuspen hori egitea. Informazio guztia aztertu behar da, metodo estatistiko egokiekin, eta ez bakarrik teoria jakin bat babesten duten esperimentuak aukeratu. Horretarako, metodo zientifikoak plangintza zehatzak eskatzen ditu esperimentuak diseinatzeko. Esperimentuak errepikagarriak izan behar dira munduko edozein laborategitan eta, oro har, baieztapen zientifikoak -medikuntzaren arloan, esaterako- nahiko zuhurrak izaten dira. Ez da ohikoa terapia batek edozein gaixori edozein gaixotasun sendatzeko baliagarria izatea, sasizientzia askok baieztatzen duten bezala.

Ebidentzian oinarritutako medikuntza

Medikuntza da sasizientziaren leku atseginenetakoa; izan ere, geure osasuna arriskuan dagoenean errazago joko dugu ahal dugun guztia egitera, ondo edo gaizki egon. Lehen arazoa definizioetan dugu. Medikuntza konbentzionala eta alternatiboa aipatzen direnean, badirudi alde batetik medikuntza tradizional, zahar bat dagoela eta beste aldetik medikuntza berri bat, aurrekoari kontrajarrita. Medikuntza integral edo osagarri ere baderitzo eta, sarri askotan, ez dago argi zertaz hitz egiten den. Hain zuzen ere, medikuntza alternatibo deitzen den horretan ebidentzia zientifikoan oinarritutako tratamendurik badago, ohiko medikuntzan sar daiteke arazorik gabe, hortaz, definizioak berak nahasgarriak dira oso. Munduko Osasun Erakundeak berak dio medikuntza osagarria onartu behar dela ebidentzia zientifikoan oinarritzen bada, baina, ebidentzia zientifikoan oinarritzen bada Medikuntza da, abizenik gabe.

Medikuntza bitan banatzen da: zientifikoa eta ez-zientifikoa. Medikuntza zientifikoa ebidentzian oinarritutako medikuntza da -konbentzionala edo alternatiboa izan- eta horrexek pasa ditu eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeko frogak. Ebidentzian oinarritzen ez den medikuntza, aldiz, arriskutsua da. Arriskutsua da ekintzagatik -alegia, tratamendua osasunarentzat kaltegarria da- edo omisioagatik. Azken horiek arriskutsuak dira; izan ere, tratamendua kaltegarria ez bada ere –homeopatia, kasu-, tratamendu hori hartzeagatik beste bat bazter daiteke eta horrek kaltea eragin dezake: gaixotasuna areagotu egin daiteke eta benetako tratamendua hartzeko beranduegi izan daiteke.

Zergatik funtzionatzen dute orduan, zenbait kasutan, sasiterapiek? Bada, hasteko, gaixotasun asko ziklikoak dira eta ziklo horiek aldi hobeak eta aldi okerragoak dituzte. Sasimedikuntzan sinesten dutenek sarritan zikloen aldaketa horiek hartutako tratamenduekin lotzen dituzte, baina, hori pertzepzio pertsonala bakarrik izan daiteke. Beste kasu batzuetan gaixotasunak arinak dira, hau da, immunitate sistemak aurre egiten die eta denborarekin sendatzen dira. Alabaina, tarte horretan pilula homeopatikoak hartu badira, baliteke horri esleitzea gaixotasuna sendatu izana. Horrexegatik dira hain garrantzitsuak saiakuntza klinikoak, horiek baitira informazio fidagarria lortzeko modu bakarra. Bestalde, kasu batzuetan sasiterapiak eta terapiak batera hartzen dira eta, hortaz, sendatu ostean ezin da jakin zein izan den sendagaia. Azkenik, plazebo efektuaren eragina ere aski frogatuta dago: sendatuko zarela uste izateak berak senda zaitzake. Hala ere, sasiterapien alde egotea plazebo efektuarengatik bakarrik ez da zentzuzkoa. Plazebo efektuak sendatu baino gehiago mina arintzen laguntzen du. Mina arintzeko medikuntzak baditu hainbat tresna eta, gainera, plazeboa sendagaia bailitzan saltzea ez da bidezkoa, iruzur egitea da.

Nola bereizi zientzia eta sasizientzia?

Zientzia eta sasizientzia bereiztea zaila da eta, gainera, askotan mugak oso lausoak dira. Alabaina, zenbait gomendio proposatu dira bereizketa hori egiten laguntzeko. Lehenik eta behin, aurkezten denaren helburua zein den aztertu behar da. Oro har, zientziak Unibertsoaren funtzionamendua azaldu nahi du, baina, sasizientziak ideologia bat hedatu nahi du, gehienetan, diru truke. Zientzia aldatu egin daiteke, hau da, ebidentziak frogatzen badu une jakin batera arte pentsatzen zena okerra dela, aldatu egiten da. Sasizientziak dogma gezurtaezinak ditu oinarri eta, hortaz, dogmak zalantzan jartzea eraso moduan hartzen da. Zientzia pixkanaka aldatzen doa eta, adibidez, medikuntza asko aldatu da azken mendeotan. Alabaina, sasizientziaren printzipioak oso gutxi aldatzen dira eta konstante mantentzen dira urteetan zehar. Zientzia dinamikoa da eta sasizientzia estatikoa izan ohi da. Hasieran azaldu bezala, proposamen zientifiko baten ezaugarri nagusiena faltsutzeko aukera egotea da. Nolabait, posible izan behar du ideia bat faltsua dela frogatzeko esperimentu bat diseinatzea. Sasizientzien kasuan, sarritan ezinezkoa da hori egitea.

Medikuntzaren kasuan, tratamendurik egokiena jasotzeko probabilitatea handitzen du ebidentzian oinarritzen bada, baina jakina, horrek ez du esan nahi medikuntzak huts egin ezin duenik. Argi izan behar dena zera da, Ben Goldacrek dioen moduan: hegazkin batek diseinu akats bat izateak ez du frogatzen alfonbra hegalarien existentzia. Medikuen erabakiak frogetan oinarritu behar dira eta ez antzinako ideiei diegun begirunean. Ezin dugu komeni dena bakarrik gogoratu eta, akatsak egiten ditugunez, horretarako daude saiakuntza klinikoak. Eraginkorra den edozein tratamendu ontzat ematen du, haren atzean edonor eta edozer egonda ere. Agian tratamenduak ez du azalpenik edo oso arraroa da. Isaac Asimovek esan zuen bezala, edozer gauza sinistu behar da, berdin du zenbaterainoko erokeria den edo barregarria ote den, baldin eta horretarako ebidentzia baldin badago. Zenbat eta erokeria handiagoa edo kontu barregarriagoa izan, orduan eta sendoagoa izan beharko du ebidentzia horrek. Hortaz, ebidentzia badago edozer izan daiteke tratamendu eraginkorra. Ebidentzia badago.

Informazio osagarria:

  • Edzard Ernst, Simon Singh. Trick or Treatment: The Undeniable Facts about Alternative Medicine. Bantam Press, London, 2010.

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.