5G-ri buruzko bost jakingarri

Aitor Biain / 2020-10-04 / 1083 hitz

Euskal Herrian erabilgarri dago dagoeneko 5G telefonia sistema berria, nahiz eta zerbitzuak muga asko dituen oraindik. Pixkanaka hedatzea espero da.

Telefonia sistemaren bosgarren belaunaldia edo 5G martxan da dagoeneko Euskal Herrian. Iazko ekainean abiarazi zuten zerbitzua aurrenekoz, baina pixkana hedatzen doa, eta konpainia gehiagok eskaintzen du gaur egun, muga askorekin bada ere. 1980az geroztik, hamar urtean behin belaunaldi berri batek ordezkatu du telekomunikazio sistema: ahotsa soilik transmititzetik hasi, eta mezuak, datuak nahiz bideoak igorri eta Interneten nabigatzeko aukera ekarri du belaunaldi bakoitzak. Bosgarren belaunaldiak etengabeko konexioari abiadura, estaldura eta latentzia erantsiko dizkio, eta horrek erabateko aldaketa ekarriko du norbanakoen egunerokoan. Aldaketa hori, ordea, ez da berehalakoan gertatuko. Jarraian, egungo egoerari buruzko bost jakingarri.

Non dago non dago erabilgarri eta nork eskaintzen du?

Gaur gaurkoz, soilik Hego Euskal Herriko hiriburuetan dago eskuragarri 5G sistema: Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean. Hori bai, toki jakin batzuetan baino ezin daiteke erabili oraindik, eta ez hiri osoan. «Populazio handiena dagoen eta jende kopuru gehien bizi den tokietan aurki daiteke oraingoz bakarrik», azaldu du Zaloa Campillo Euskadiko Telekomunikazio Ingeniarien Elkarteko arduradunak. «Pixkanaka ari da hedatzen. Norbanakoei dagokienez, jende kopuru gehien dagoen tokietatik hasten dira, eta gainerako lurraldeetara zabalduko dute gero. Erabilera pribaturako sarea ere ari dira hedatzen enpresetan, Industria 4.0 delakoan aplikatzeko, besteak beste».

Vodafone izan zen zerbitzua eskaintzen lehenengoa, iazko ekainean, baina harrezkero, gainerako konpainiak ere ari dira beren sarea egokitzen zerbitzua eskaini ahal izateko. MasMovil eta Dominionen ardura duen Guuk konpainia, esaterako, asteon hasi da 5G Bilboko, Gasteizko eta Donostiako bezeroei eskaintzen, eta iragarri du datozen hilabeteetan Iruñera eta Hego Euskal Herriko beste hiri eta herri batzuetara zabalduko duela. Zerbitzu horrek muga asko ditu, nolanahi ere, ez baita 5G erreala deiturikoa, hots, bere osotasunean garatutakoa.

Oraingoz, konpainiek ez diete kostu gehigarririk aplikatu 5G eskuragarri dagoen herrietako bezeroei, hain zuzen, estaldura eta zerbitzua ez delako bere osotasunean garatutakoa. Baina ikusteko dago zer gertatuko den aurrerantzean; izan ere, 5G teknologiak oso azkar kontsumitzen ditu datuak, eta, beraz, bezeroak datu gehiago beharko ditu sarearen ezaugarriez baliatu nahi badu. Eta horrek kostu gehiago esan nahi du, gaur egungo salneurriei edo eskaintzei erreparatuz gero. Aintzat hartu behar da, halaber, aurreko belaunaldietako sareak —2G, 3G, 4G— ez direla desagertuko.

Zer ezaugarri ditu egungo 5G-k?

Gaur egun konpainia guztiek eskaintzen duten 5G ez da bere osotasunean garatutakoa, 4G deritzonaren eboluzio bat da oinarrian. Horregatik, egungo 5G zerbitzuak muga nabarmenak ditu, eta ez da inolaz ere telefonia belaunaldi berriaren ezaugarrietara iristen, ez abiadurari dagokionean, ezta latentziari dagokionez ere. Behin-behineko sare horri 5G ez erreala edo Non Stand Alone deitzen diote: «Ez dauka potentzia osoa. Momentuz, bi gigabite segundoko abiadura eskaintzen dute 5G honetan, beraz, latentzia ere apur bat txikiagoa da, bost milisegundokoa», azaldu du Campillok. Eta erantsi du sarea bere osotasunean garatuta, «agian, hemendik hiru urtera» izango dela, ez lehenago.

COVID-19ak eraginik izan du sarearen hedapenean?

Euskaltel izango da, hain zuzen ere, 5G bere osotasunean 5G erreala edo Stand Alone deitutakoa— Euskal Herrian garatzen hasiko den aurrenetarikoa. Hamahiru enpresa biltzen dituen enpresa talde baten koordinatzaile izango da konpainia, eta hark jarriko ditu sarea kudeatzeko elementu nagusiak. Proiektu pilotu bat abiaraziko dute, eta hiru urteko epean, 5G errealeko sare bat zabalduko da Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako teknologia parkeetan. Tarte horretan, probak egingo dituzte, bereziki mugikortasunaren, energiaren, industriaren eta zibersegurtasunaren alorrean. Gerora, sare horri esker zerbitzua gainerako bezeroei zabaltzea espero du konpainiak. Jaurlaritzak babestutako proiektu bat da.

Hego Euskal Herrian, iaz hasi ziren zerbitzua eskaintzen, eta pixkanaka 5G hedatzen joatea espero bazen ere, COVID-19aren krisiak eragin nabarmena izan du sarearen ezarpenean, Campillok adierazi duenez. «Konfinamenduak bat-bateko jauzi teknologikoa egitera behartu gaitu, dena konektatuta izateko behar hori inoiz baino agerikoagoa izan da etxetik lan egiterakoan, adibidez: ordenagailua, mugikorra, telebista… Hainbeste tresna aldi berean konektatuta izateko behar da horri eutsiko dion sare bat».

Hala ere, Campillok azpimarratu du «trantsizio epe bat» beharrezkoa dela. Izan ere, sarea egokitzeaz gain, gailu elektronikoak eta tresnak ere aldatu beharko dira —sakelako telefonoak, batez ere—. «Gaur egungo gailuak 4G dira, eta ez daude prest 5G-aren onura guztiak eskaintzeko. Konexio horri eutsiko dioten txip bat behar dute». Eta, hain zuzen ere, hori da telefonia belaunaldi berriaren zerbitzua orokortzeko oztoporik handiena eta zailena; gaur egun, gutxi dira teknologia hori duten gailuak merkatuan, eta gehienak oso garestiak dira. Eskaintza pixkanaka zabaltzen eta handitzen joatea espero da datozen hilabeteetan. «Horrez gain, banda zabala ere egokitu eta ordenatu beharko da, eta horretarako denbora gehiago beharko da», Campillok esan duenez.

Zertarako erabili ahalko da?

Erabiltzaile arruntak, batez ere, konexioaren abiaduran, latentzian eta estalduran igarriko du aldaketa nabarmenena. 5G konexioa 4G baino hogei aldiz azkarragoa baita, eta horri esker nabarmen txikituko da informazio bidaltzearen eta jasotzearen artean dagoen atzerapena —4G sarean baino ehun aldiz txikiagoa izango da latentzia—. Horrez gain, konektibitate gaitasuna ere asko handituko da, eta horri esker gailu gehiago konektatu ahalko dira sarera aldi berean, sareak gainezka egin gabe —4G-rekin baino ehun aldiz gailu gehiago konekta daitezke metro koadro bakoitzeko—. Gauzen Internet (IoT) delakoa edo sarera konektatzen diren objektuak garatzen lagunduko du horrek.

Etorkizunean, besteak beste, Industria 4.0 delakoa garatzeko balioko badu ere, COVID-19-aren garaiotan ugaritu diren bideodeiak kalitate handian egiteko ere balioko du adibidez, Campillok gogorarazi duenez. «Latentzia txikituko duenez, gainera, denbora errealean lan egin ahalko da distantzia dena delako izanda ere. Eta horrek esparru guztietan zabalduko ditu ateak, ez bakarrik industrian». Osasungintza eta larrialdiak jarri ditu adibide gisa, zehazki: «Mendian laguntza behar duen pertsona bat baldin badago, eta iristea zaila den toki batean egonez gero, drone bat bidali diezaiokegu beharrezko materialarekin edo lehen arretako tresnekin, eta zuzeneko harremana izan dezake aditu batekin, adibidez. Ari dira dagoeneko halako probak egiten».

Zer arrisku ditu? Zertan jarri behar da arreta?

Azkenaldian ozendu egin dira 5G teknologia osasunarentzat arriskutsutzat daukatenen ahotsak. Uhin gero eta indartsuagoek minbizia sortzen dutela ziurtatu dute ahots horiek. Gaur-gaurkoz, ordea, ez dago kalte horiek baieztatzen dituen ikerketarik. «Egia da antena kopurua handituko dela, baina ez da uhinen potentzia handituko: 5G-ren uhinen potentzia txikiagoa da telebistako seinale batena baino. Gainera, TDT-ko frekuentzia aldatuko da 5G ezarri ahal izateko, bat egiten baitute frekuentziatan», zehaztu du Campillok. «Uhinez beteta bizi gara: unibertsotik iristen zaizkigunak, eguzkitik datozenak, eguneroko kable elektrikoenak».

Aditu askok, halere, zibersegurtasunean edota gizarte kontrolean eragin ditzakeen albo kalteez ohartarazi dute. Bada, Campillok bat egiten du kezkarekin. Haren hitzetan, erabileran jarri behar da arreta. «Telefonoan aplikazio asko jaisten ditugu, zer baldintza dituzten jakin gabe, eta gehienetan sarbidea ematen diegu gure gailuaren mikrofonora, argazkietara… Erabileran jarri behar da arreta». Finean, gero eta gailu gehiago konektatuta izateak norberaren pribatutasunerako ate eta leiho gehiago izatea dakar, eta horrek berekin dakar arriskua ere. «Gero eta giltza gehiago behar ditugu, hori bai».

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.