Entzumen absolutua, belarri finen gaitasuna

Uxune Martinez / 2021-04-12 / 594 hitz

Mozartek entzumen absolutua zuen. Gaitasun honek botere harrigarri bat eman zion eta zazpi urte eskasekin, Salzburgoko gortean zeuden musikarien akatsak zuzentzeko gai zen. Mozartek soinu bat entzuten zuen eta zehatz-mehatz zekien zein nota zen. Gainera, egun batetik bestera soinu zehatzak gogoratzeko gai zen, inolako erreferentzia osagarririk gabe eta zehaztasun handiz. Musikari klasikoek entzumen absolutuaren gaitasuna errazago garatzen omen zuten, txiki-txikitatik jasotzen baitzuten musika entrenamendua, eta horrek laguntzen zien. Hala ere, entzumen absolutua ez da ohikoa gizakietan. Bai ordea, animalia batzuen artean.

Entzumen absolutua, gizakien artean hain berezia, ez da dohain arraroa animalien erreinuan. Hegazti kantari askok entzumen gaitasun hau dute. Hegaztiez gain, otsoek, arratoiek eta beste karraskari batzuek ere, beraien espezieko beste kide batzuk ezagutzen dituzte txorrotxio, ulu edo deien tonuagatik. Horrek esan nahi du gai direla soinuen oinarrizko maiztasuna modu absolutuan identifikatzeko eta egun batetik bestera gogoratzeko.

Animalia horientzat soinu bakoitzaren maiztasuna garbia da, gizakientzat koloreren pertzepzioa argia den bezala. Bitxiena da, ikertzaileek uste dutela sasoi baten gizakiok ere entzumen absolutua genuela baina denborarekin galdu egin dugula.

Hala ere, gure entzefaloak eta beste tximinoenak tonuen irudikapen zuzena egiten dute. Gure belarrian bada koklea deitzen den organo bat eta honek soinuaren frekuentziak bereizten ditu. Koklea luzetara banatuta dago, mintz basilarraren bitartez, mintz hau gogorra da baina ez neurri berdinean mintz osoan zehar. Une batzuetan gogorragoa da eta beste batzuetan gutxiago eta horri esker mintzak modu selektiboan bibratzen du toki baten edo bestean soinua baxua edo altua bada. Frekuentziak gure entzumen-kortexera iristen dira, bertan mapa tonotopiko da eta mapa hori modu batean edo bestean aktibatzen da “sol”,”la” edo “si” baten soinua bada.

Erresonantzia funtzionaleko tekniken bidez ikusi da, entzumen absolutua dutenek tonua hautemateko garun-area handiago dutela. Hala ere, ikertzaileak paradoxa baten aurrean aurkitu dira: pertsona bat zein nota entzuten ari den antzeman dezakegu garuna aktibatzeko patroiak behatze hutsarekin. Baina pertsona bera ez da gai informazio hori kontzienteki eskuratzeko. Informazioa nola lortu ahaztu izan balu bezala da.

Hori da, hain zuzen ere, musikaren eta hizkuntzaren antropologo eta psikologo batzuen hipotesietako bat. Duela ehunka mila urte gure arbaso guztiek entzumen absolutua zutela uste dute. Baina mendeak aurrera egin ahala, galdu egin omen genuen gaitasun hori, eboluzioari dagokionez askoz erabilgarriagoa zen beste bat menderatzeko: hizkuntza. Gure mintzamenaren ingurunea, prosodiaren emozioak eta beste gizaki batzuekin komunikatzen garen bakoitzean aireratzen ditugun doinuak ezagutzeko dugun gaitasuna gure belarri erlatiboaren mende dago, eta gaitasun hori, eboluzioari dagokionez, entzumen absolutua baino askoz bereziagoa da.

Entzumen erlatiboa, gutxi gorabehera, musika bitarteak, tonalitateak eta notak identifikatzeko gaitasuna da. Hau da, belarri erlatiboa noten arteko erlazioari esker ingurune melodikoa hautematean datza. Entzumen absolutua duten animaliek, esaterako, ez dute gaitasun hori. Gure entzumena, aldiz, harreman, distantzia eta bitarte melodikoei sentikorra da, batez ere. Hori da bere benetako superboterea, abesti berbera entzuteko gaitasuna izatea nota guztiak aldatu badira ere.

Entzumen absolutuak nota bakartu baten doinu altua identifikatzeko balio duen bitartean, GPS koordenatuak bezalako zerbait litzatekeena, entzumen erlatiboa soinuen arteko distantziekiko sentikorra da, berdin dio non dauden, bat ezagututa, beste guztiak kalkula ditzake.

Entzumen erlatiboaren arrakastaren sekretua soinuen maiztasunaren arteko proportzioak ezagutu ahal izatea da; musikan, bitarte deitzen zaio horri. Guztiok partekatzen dugun gaitasuna da, agian horregatik ez dugu behar bezala baloratzen.

Iturriak:

  • Pérez Iglesias, Juan Ignacio (2017). El oído absoluto y las lenguas tonales. Cuaderno de Cultura Científica, 2017ko uztailaren 31.
  • Castro, Almudena (2021). El oído absoluto de MozartCuaderno de Cultura Científica, 2021eko martxoaren 25a.
  • Castro, Almudena (2021). El oído absoluto de los animalesCuaderno de Cultura Científica, 2021eko apirilaren 8a.

Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.