Jaione Dagdrommer /2021-06-03/ 324 hitz
Lehen aldiz energia berriztagarriek ez berriztagarriak gainditu dituzte, eta elektrizitate iturri nagusi bilakatu dira Europar Batasunean, 2020ko datuak aztertuta argitaratu den txosten baten arabera.
Energia eolikoa eta eguzkiarena bezalako energia berriztagarriek, kontsumitutako elektrizitatearen %38 sortu zuten Europar Batasuneko 27 herrialdeetan. Gasa edo ikatza bezalako energia fosilek berriz, %37 sortu zuten Ember & Agora Energiewende erakundearen ikerketa baten arabera.
Danimarka da Europar Batasuneko herrialdeetatik energia berriztagarrien kontsumo gehien egiten duena (%61). Ondoren Irlanda, Alemania eta Espainia leudeke, %30eko kontsumoarekin. Aurkako aldean, Eslovakia eta Txekiar Errepublika leudeke; %5era ere ez dira iristen. Ikerketak ohartarazten du eguzki eta haize baldintza bikainak dituzten Italia eta Portugalek apenas igo dutela energia berdeen ekoizpena 2015. urtetik.
Koronabirusaren krisiaren eragina
Pandemia dela eta Europar Batasunean elektrizitate eskariak %4 egin zuen behera, baina enegia fosilen kasuan beherakada handiagoa izan zen. Ikatza izan da kaltetuena, %20 erori zelarik. Pandemia aurretik ere ez zituen datu onak ia herrialde guztietan.
Ikatzaren beherakadak elektrizitate eskaria jaisteak ekarri du batez ere, baina baita energia berriztagarrien gorakada ere. 2021ean ikatzaren eskaria pandemia aurreko egoeretara itzultzen ari da, baina eguzki energia eta eolikoa martxa handiagoan doaz hazten.
Ez da nahikoa klima aldaketaren aurkako helburuak betetzeko
Berri ona bada ere, energia berriztagarrietan ezberdintasun handiak daude. Ikatzaren eskaerak nabarmenki behera egin badu ere, gasaren jaitsiera %4koa baino ez zen izan. Bestalde, energia nuklearrak azken 30 urte hauetan jasan duen beheraka handiena bizi izan dute, %10. Frantzia eta Belgikako zentraletan hori nabaritu da, eta Suedia eta Alemaniako zentralak betiko itxi dituzte joera aldaketa hau dela eta. Urtez urte, energia nuklearraren eskaria gutxitzen joatea espero da herrialde gehienetan eta batzuk zentral nuklearren itxiera erabatekoa aurreikusi dute: 2022an Alemanian guztiak ixtea espero da eta Espainian 2030erako.
Ikerketak azpimarratzen du ordea, energia jasangarrien igoera oso motela ari dela izaten. Eguzkiaren energia eta eolikoak hirukoiztu egin beharko luke bere igoera 2030eko Europar Itun Berdean zehaztutako helburuak betetzeko. Energiaren Nazioarteko Agentzien aurreikuspenen arabera, bi energia iturri hauek 2021ean lortuko dute euren hazkuntza errekorra, baina herrialdeen energia trantsiziorako planak ez dira nahikoa handinahiak Europar Batasunak ezarritako helburuak betetzeko.