GAZTEENTZAKO SAIOAK ETB1EKO DENBORALDI BERRIAN

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Lehiaketa, esperimentu sozialak, bidaiak, realitya eta beste hainbat saio izango dira programazioan. Gaur ‘Bikiak’ telesail norvegiarra estreinatuko dute eta ostegunean Leire Palaciosek munduko hainbat hiritan gidatutako programa.

Kalea bizi lelopean, Euskal Telebistak 2021-2022 denboraldirako programazioa aurkeztu du. ETBko zuzendari den Unai Iparragirrek adierazi duenez, “ETB gizartearen isla izatea nahi dugu; modernoa, solidarioa, aurrerakoia eta lehiakorra izatea, eta euskal gizarteari bide horretan aurrera egiten laguntzea”. Horretaz gain, helburuetako batzuk “publiko gaztea eta familiarra erakartzea eta berrikuntza bultzatzea” direla nabarmendu du.

Publiko mota horri zuzendutako zenbait saioren berri eman dute hain zuzen ere. Ainhoa Etxeberriak Zurekin Bat lehiaketa aurkeztuko du irailaren 20tik aurrera, astelehenetik ostegunera. Lau kideko bi taldek euren ametsa betetzeko borrokatuko duten galdera-erantzunen formatua duen saioa izango da. Xabier Madariagak, berriz, Abiapuntua saioa gidatuko du, “aurreiritzien aurrean begiak zabaldu ditzagun nahi duen tartea”. Astero, gazte talde batek errealitate desberdinak biziko ditu esperimentu sozial batean parte hartuz; horretarako, atal bakoitzean gai bat jorratuko dute: gaitasun intelektual murriztua, zahartzaroa, arrazakeria eta ingurumena, esaterako.

Piztu Telebista ere eskainiko dute urritik aurrera, Googlebox izeneko nazioarteko formatua oinarri duen saioa, ere badakar, familia eta bizikide ezberdinek telebista nola ikusten duten erakusten duena. Astero, zortzi etxetan sartuko dira, eta bakoitzak telebista nola ikusten duen erakutsiko dute. Guztiek tarte bera ikusiko dute, eta egiten dituzten iruzkinak, erreakzioak eta eztabaidak bilduko ditu saioak.

Bidaiatzeko aukera ere izango da Leire Palacios kazetariaren eskutik ostegunetik aurrera, Munduko Plazan saioan. Palacios munduko sei hiritan -Mexiko hirian, Varsovian, Lisboan, Istanbulen, Atenasen eta Zurichen-  ibiliko da, hiriak eta bertako egunerokoak ezagutzeko.

Klaudio Landak aurkeztutako Baserria ere bueltan izango da irailaren 19an. Igande gauetan realityaren atal bat eskainiko dute eta asteartetan eztabaida izango da zuzenean, igandean gertatutakoa aztertzeko.

Herri Txiki, Infernu Handi saio ezaguna irailaren 15etik aurrera izango da ikusgai ETB1en. Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik aurkezten duten saioak igandetik asteazkenera aldatuko du emanaldiaren eguna, eta Euskal Herriko eta bertako geografian barrena ibiliko da herritarren istorio berezienekin.

Bestetik, Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztutako Biba zuek saioa, Ilaski Serranoren Ahoz aho magazina eta Go!azen telesaila ere izango dira denboraldi honetan. Ezin ahaztu Artefaktua literatura saioa, bertsoen inguruko Hitzetik hortzeraEITB Kultura eta Teknopolis. Gastronomia saioak ere ez dira faltako: Txoriene eta Sukalerrian

Norvegiako telesaila gaurtik aurrera
Kristofer Hivyu aktore ezaguna protagonista duen Bikia (Twin, 2019) telesail norvegiarra estreinatuko du gaur ETB1ek, 22:30ean. Telesaila bizitza erabat ezberdinak dituzten bi anaia bikiei buruzkoa da. Eztabaida gogor batean, bietako bat istripuz hilko da eta besteak bere nortasuna ordezkatuko du.

Beste telesail bat ere eskainiko dute azaroan, #Martyhilda thriller txekiarra. Drama honen gai nagusia bullying zibernetikoa eta bere ondorioak dira, eta benetako gertaeretan oinarritua dago.

3 Ene Kantak eta marrazki bizidun berriak ETB3n
Lagun berriek parte hartuko dute 3 Ene Kantak saioaren denboraldi honetan. Dagoeneko ezagunak diren Eneko, Urbi, Astonauta eta Satorjatorri, Argi pertsonaia eta Antxus maskota batuko zaizkie aurten. Horrez gain, ETB3ko eskaintzaren barruan, hainbat marrazki bizidun estreinatuko dira datozen hilabeteetan, besteak beste, SpiritDanger Mouse% 100 Otso ā€“ Ilargi-harriaren kondaira eta Pan Tau fikziozko telesaila. Saioko eduki guztiak 3 klubaren webgunean, app-ean eta HbbTVan izango dira eskuragai, telebistan eskaini bezain laster.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude