Ezkabako Gotorlekuko iheslariak, 1938

Los fugados de Ezkaba 1938 / 414 hitz

1938ko maiatzaren 22an, Espainian Gerra Zibila hasi eta handik ia bi urtera, Ezkabako Gotorlekutik –San Kristobaleko Fortea ere deitzen zaio eta Iruñetik hurbil dago–, Errepublikarekiko leialak ziren 795 presok ihes egin zuten Frantziako mugara iristeko asmoz. Halako ihesaldirik ez da izan Europako historia osoan.

Frankistek, pertsekuzio gupidagabe baten ondoren, iheslarietako 206 harrapatu eta bertan hil zituzten, eta gainerako gehienak ere preso hartu zituzten berriro, hiru izan ezik, horiek lortu baitzuten beren helburua, hamar eta hamalau egun bitarteko ihesaldi epiko baten ondoren: Jovino Fernández, José Marinero eta Valentín Lorenzo, CNTko eta UGTko sindikalistak.

Hiru iheslari horiekin batera, badirudi laugarren bat, haren izena ez dakigun arren, Frantziara iritsi zela, eta bertatik, Mexikon barrena Kaliforniaraino, non bizi berri bati hasiera eman baitzion. 1997an, agure arrotz bat Gotorlekutik mugarainoko bidean dauden bi herritan agertu zen, fusilatutako bere iheslagunez galdezka, eta kontatu zien, herri horietako zortzi bizilaguni gutxienez, Frantziara iritsi zirenetako bat dela bera. Garai hartako gertaerez arrotz horrek esandakoa leku bat baino gehiagotan egiaztatu ahal izan da, baina ezinezkoa izan da nor den jakin. Datu gehiagoren bidez egiaztatu ez denez, laugarren iheslari horren kontua susmo bat baizik ez da oraingoz.

Jatorriz Azagrakotzat (Nafarroa) aurkeztu zuen bere burua. Familia apalekoa omen zen, 1936ko altxamendu militarraren ondorioz ezkutatu nahi izan zuen baten semea. Aita harrapatu eta fusilatu egin omen zuten, eta alarguna eta alaba utzi omen zituen. Arrotzak –adin txikikoa baitzen Gotorlekuan preso zenean– 1938ko ihesaldian parte hartu zuen, eta, bere lagunak galdurik eta beso batean zaurituta, Bankako –mugaren beste aldeko herrixka— baserri batera iritsi omen zen. Baserrian babestu zuen artzain samaritarrak –Martin Urrels— bi anaia bizi ditu –Michel eta Jean– Cedarvillen (Kalifornia), biak ala biak artzainak. Besoko zauria sendaturik, arrotzak esandakoaren arabera, Mexikora iritsi omen zen, eta handik Kaliforniara. Europara itzuli omen zen AEBetako tankelari gisa, eta gerora kamioi sail bat eskuratu omen zuen pixkanaka, orain haren seme-alaben esku dagoena, berak erretiroa hartu duenean.

Gaztelaniaz hemen dagoen testu osoak, F. Sierrak eta I. Alforjak 2006an argitara emandakoen ildotik, iheslarien oroitzapena berpiztu nahi du, bai beren helburua bete zutenena eta bai Nafarroako mendi-bazterretan gelditu zirenena. Hiru alderdi azpimarratu nahi izan dira: tokian tokiko laguntza, historia honetako emakume batzuen protagonismoa eta prentsa errepublikarrak eta garai hartako nazioartekoak ihesari emandako tratamendu okerra.

Aldi berean, dei bat ere izan nahi luke gai honi buruzko edozein informazio gehigarri edo ihes egindakoei buruzko xehetasunak eman nahi lituzketenei, bereziki laugarren iheslaria nor izan zen argitzeko baliagarriak izan daitezkeenak, gaur egun itzal bat baizik ez baita.

Inolako xehetasunen berri baldin baduzu, hona hemen nora bidali: losfugadosdeezkaba1938@gmail.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.