Juan Luis Zabala / 2015-10-02 / 476 hitz
Munduko Poesia Kaierak bildumako 10, 11 eta 12. liburuak plazaratu berri ditu Susa argitaletxeak: Ingeborg Bachmannen poesia antologia, Nagore Tolosak atondu eta euskaratua; Eugenio Montalerena, Anjel Lertxundik atondu eta euskaratua; eta Jorge de Senarena, Rikardo Arregi Diaz de Herediak atondu eta euskaratua. XX. mendearen lehen erdialdean nabarmendutako poetak dira hirurak, Bachmann, Montale zein De Sena, hirurak aldez edo moldez ezarritako boterearen aurka borroka egindakoak, dela beren poemen bidez, dela ekintza politikoaren bidez.
Eugenio Montale, berriz, poeta «konplexua» da, «alde askotatik begiratuta», Lertxundiren ustez. Haren poesia itzultzen hasi zenean aukera hori egin izana damutu zitzaion, gero damu hori «bozkarioa» bihurtu bazaio ere.
Hondakinen poesia
«Faxismoaren erdian idazten hasi zen Montale, baina Gabriele d’Annunzioren poesia aberkoi eta entusiastaren antipodetan zegoen», Lertxundik azaldu duenez. «Guztiz antifaxista zen, baina ez zen nabarmentzen politikoki edo sozialki, aktibitate guztia bere poesian kokatzen zuelako».
Montaleren poesia «hondakinen poesia» da, Lertxundik dioenez. «Montaleren poemetan, askotan dago hondakinetako elementuren bat, elementu baztertu bat, signifikazio poetikorik izan gabekoa, poeman deklaratzen duena iluminatzen». Arte povera edo arte pobrea izeneko mugimendu artistikoaren sortzaileek Montaleren eragina aitortu zuten hasieratik, eta mugimenduaren izena ere Montaleren Arte povera poematik hartua da (liburuaren 38. orrialdean).
Hasierako hermetismotik pixkanaka-pixkanaka poesia argiago batera igaro zen Montale urteek aurrera egin ahala, «leihoak zabalduko balitu bezala». Irakurleari, horrenbestez, «eramangarriagoa» egiten zaio Montaleren azkenaldiko poesia hasierakoa baino, eta «interbentzio sozialean eraginkorragoa» ere bada Montaleren azkenaldiko poesia hori.
Kontrarioen uztarketa
Sofia de Mello eta Eugenio de Andraderekin batera, Fernando Pessoaren ondorengo portugesezko poesiaren gailurretako bat da Jorge de Sena, Rikardo Arregi Diaz de Herediak azaldu duenez. 1960ko hamarkadan —Portugaldik lehenik eta Brasildik gero ihes egin ondoren, erbesteraturik bizi zela—, lan handi eta eraginkorra egin zuen Pessoaren obra AEBetan ezagutarazteko.
«Adituek diotenez, hiru hitzetan laburbil daiteke De Senaren poesia», azaldu du Arregi Diaz de Herediak: «metamorfosia, lekukotasuna eta peregrinazioa». Portugalen bi joera nagusi zeuden aurrez aurre 1940ko hamarkadan: neorrealismoa eta surrealismoa. «De Senak hori gainditu egin zuen, eta kontrarioen konplementazioa egin zuen bere poesian. Errealismoa eta surrealismoa uztartu zituen, lirismoa eta dramatismoa, sentipena eta pentsatzea. De Senarentzat, poesia komunikazio bide modu bat da, poetaren, munduaren eta hizkuntzaren arteko harremanak ulertzeko, eta baita objektibismoaren eta subjektibismoaren arteko lotura egiteko ere».
Oso idazle oparoa izan zen De Sena. Poesia ugari ez ezik, nobelak, ipuinak eta antzerkia ere idatzi zituen, eta baita saiakera literarioak ere, Camoes eta Pessoari buruzkoak batik bat. Horrez gain, 20 poeta baino gehiagoren lanak itzuli zituen portugesera.