Iñaki Berastegi / 2017-03-24 / 508 hitz
Bartzelonan, kaleko saltzaileen sindikatua sortu dute salmentan aritzen direnen eskubideak bermatzeko. Irtenbide bat lortuz gero, kaleko salmenta uzteko prest daudela dio Bathilyk.
Senegalen familia utzi, eta Europara bizitza hobearen bila joatea erabaki zuen Lamine Bathilyk (Konakry, Ginea, 1992) 17 urterekin. Las Palmasera (Kanariak, Espainia) iritsi zen lehenik, eta, ondoren, Bartzelonara bidali zuten. 18 urterekin paperak ezin izan zituen berritu, lanik ez zuelako. Oraingoz, paperik gabekoentzat «aukera bakarra» kaleko salmentan aritzea dela dio Bathilyk.
Bartzelonara iritsi aurretik, nolakoa zen zure bizitza Senegalen?
Goizetan, eskolara joaten nintzen, eta, arratsaldetan, aitari laguntzen nion; azoka txiki batean lan egiten zuen, produktuak saltzen. Bartzelonara joan izan ez banintz, ikasten jarraituko nuen etorkizunean irakasle jarduteko.
Nola hasi zinen kaleko salmentan? Nork lagundu zintuen?
Adingabekoentzako egoitzatik paperekin atera ostean, lan kontraturik lortu ez nuenez, Bartzelonan geratzeko baimena galdu nuen. Kaleko salmentan lan egiten zuten lagunak nituen, eta euren laguntzari esker hasi nintzen. 19 urte nituen. Udaberrian hasi nintzen, eguzkitako betaurrekoak saltzen.
Saltzen dituzuen produktuak non erosten dituzue?
Guk, erosi, eta berriro saldu baino ez dugu egiten. Badalonako [Bartzelona, Herrialde Katalanak] industrialdean erosten dizkiegu produktuak txinatarrei. Batzuetan galdetzen diot neure buruari zergatik jazartzen zaizkigun kaleko saltzaileoi, eta ez produktu horiek ekartzen dituztenei. Saltzen duguna hemen erosten dugu, ez dugu inondik ekartzen; ez gara mafia bat. Produktu horiek legez iritsi dira Bartzelonaraino.
Kaleko saltzaileen sindikatua sortu duzuenetik zuen lan baldintzek hobera egin dute?
Bai. Kaleko salmentan aritzen garenak batu egin gara. Lehen, polizien jazarpena pairatzen genuen, baina ez genuen ezer egiten; beldur ginen. Orain, ordea, egoera horiek salatzen hasi gara. Horrez gainera, kaleko saltzaileen bizitza nolakoa den kontatzen hasi gara jendeari.
Kaleko saltzaile batentzat zer da egun on bat?
Ez dago egun onik kaleko saltzaile garenontzat. Gaur, 50 edo 60 euro irabaz ditzaket, baina bihar hori baino gehiago gal dezaket.
Zein dira sindikatuaren lan lerro nagusiak?
Atzerritarroi kalte egiten diguten legeen kontra ari gara lanean, bereziki mozal legearen aurka. Legea aldatu aurretik, kaleko salmentan harrapatzen zituztenei isuna jartzen zieten, falta bat zelako. Orain, ordea, jarduera hori delitua da, eta horrek gure egoera zailtzen du. Poliziak, behin edo bitan harrapatuz gero, jaioterrira deserrira zaitzake.
Zenbateraino baldintzatzen du Poliziak zuen lana?
Azken finean, Poliziaren arabera lan egiten dugula esan daiteke. Polizia etortzen denean metroan ezkutatzen gara. Polizia joana dela edo badatorrela abisatzeko lan egiten duen jendea ere badago.
Legea aldatzeko proposamen bat helarazi duzue.
Kaleko saltzaileen lana despenalizatzeko proposamen bat aurkeztu dugu. Zigor aurrekariak badituzu, ezinezkoa da hemen bizitzeko paperak eskatzea. Gainera, aurrekari horiek kentzeko, hiru urteko prozesua abiatzen da.
Irtenbide bat lortuz gero, kaleko salmenta uzteko prest zaudete?
Bai. Bartzelonako Udalak ikastaro batzuk antolatu ditu kaleko saltzaileontzat, baina, orain arte, gutxirako balio izan dute. Oraingoz, hamar pertsona bakarrik hartu dituzte ikastaroetan, eta, Bartzelonan, 300 kaleko saltzaile inguru gaude.
Beste aukera bat litzateke zuen lana arautu edo legezko egitea.
Esan izan dugu bide bat dela astean hiru aldiz azoka txiki batzuk antolatzea. Zergak ordaintzeko prest gaude, dendarien elkarteen aldarrikapenei erantzunez. Alta, elkarte horietako batzuek ez dute gurekin hitz egin nahi izan.
Zuk zeuk urtebeterako kontratua lortu duzu, ezta?
Bai. Arrandegi batean ikastaroa egin ostean urtebeterako kontratua sinatu dut. Negoziatzen ari naiz, zigor aurrekariak kentzeko eta paperak eskuratzeko.