Scribus: maketazioa software librean

Jabi Asurmendi Sainz / 2012-05-16 / 485 hitz

Argitalpen eta maketaziorako aplikazio librea da Scribus, dohainik deskargatu daiteke eta MS Windows, GNU/Linux zein Mac OS sistemetan erabil daiteke. Malgutasun handia ematen du argitalpenak sortzeko, eta, gainera, erabiltzeko erreza da.

Scribus, orrialdeak, dokumentuak, kartelak, triptikoak, liburuxkak, egunkariak, liburuak edo aldizkariak maketatzeko aplikazioa da. Halaber, PDF aurkezpenak eta formularioak ere sor daitezke aplikazio horrekin. Scribus software librea da, eta debalde deskargatu daiteke webgunetik (http://www.scribus.net). Sistema eragile askotan erabil daiteke, MS Windows, Ubuntu zein GNU/Linux, Mac Os X eta OS/2 sistemetarako bertsioak daude. Horretaz gainera, norberarena ez den ordenagailua edo hainbat ordenagailu erabili behar dituzten erabiltzaileentzat bertsio eramangarria ere badago. Bertsio eramangarria USB memoria edo kanpo-disko gogor batean instala daiteke, adibidez, eta erabiltzaileak nahi duen ordenagailuan erabil dezake. Hori bai, bertsio eramangarria MS Windows sistemetan baino ezin da egikaritu.

Adobe InDisign, Microsoft Publisher, Adobe PageMaker edo QuarkXPress, esate baterako, izan ahal dira Scribusen parekideak software pribatuaren munduan.

Erabilera

Scribusek malgutasun handia eskaintzen du maketatze lanetan; hala ere, ez da batere zaila erabiltzen hastea eta ikastea. Lehenengo urratsak eginda, zailtasun handirik gabe sortu ahal dira dokumentuak erabiltzailearen nahien arabera. Horregatik, eta software librea izanda, oso egokia da hezkuntzan erabiltzeko, esate baterako.

Aplikazioa irekitzean dokumentu berria sortzeko laguntzailea azaltzen da; horrela, era erraz batean aukera daitezke erabiltzaileak sortu nahi duen dokumentu motaren ezaugarriak. Aplikazioak, gainera, dokumentu mota askotarikoak sortzeko zenbait txantiloi eskaintzen ditu. Ondoren, dokumentu hutsean hainbat elementu mota gehituz joan daitezke (testu elementuak, irudiak, formak, formulario elementuak, besteak beste). Elementu mota zein gehien erabilitako aukerak eskuragarri daude ikonoen bitartez tresna-barratik, baina menuan are aukera gehiago daude.

Elementuak kokatzeko eta lerrokatzeko oso erabilgarriak dira erregela horizontala eta bertikala. Baina horietaz gain, orrialde-sareta konfiguratu eta erakuts daiteke, eta erabiltzaileak hainbat puntutan gida bertikalak nahiz horizontalak sor ditzake.

Scribusek formatu askorekin lan egin dezake, SVG (Bektore grafiko eskalakorrak), Open Document eta Open Office Draw fitxategiak, Post Script, Dia zein Kivio diagramak eta Adobe Ilustrator dokumentuak inporta daitezke. Era berean, Scribuskin egindako dokumentuak PDF, SVG edo irudi gisa gorde daitezke. Irudi formatu asko onartzen ditu, haien artean ezagunenak eta gehien erabiliak, jpg edo png gisakoak.

Scribus hainbat hizkuntzatan erabil daiteke, baita euskaraz ere, besteak beste; eta Scribus erabiltzen ikasi nahi izanez gero, euskarazko eskuliburuak ere badaude, IMHk egindakoaren modukoak, hona hemen eskuliburu honen helbidea: http://www.imh.es/dokumentazio-irekia/manualak /scribus-argitalpen-eta-maketaziorako-software-askea.

Garapena

Scribus, software librearen munduan beste kasu askotan bezala, borondatezko talde handi batek garatua da. Berez, lantalde ofiziala Franz Schmidek, Peter Linnellek, Paul Johnsonek, Craig Bradneyk, Petr Vanekek, Riku Leino-k, Craig Ringerrek, Andreas Vox-ek eta Jean Ghalik osatzen dute. Alabaina, laguntzaileen zerrenda luzeagoa da, lotura honetan ikus daitekeen bezala: http://wiki.scribus.net/canvas/Help:About_Contributors.

Plazaratutako azken bertsio egonkorra 1.4.1 da, hain zuzen ere, maiatzaren hasieran kaleratu zen. Egun, 1.5 bertsioan lan egiten ari da.

Scribus aplikazioaren lehenengo bertsioak 2001ean ezagutara zituzten. Hala ere, lehenengo bertsio egonkorra 2003ko ekainera arte ez zen argitaratu; Scribus 1.0 izan zen, hain zuzen ere.

Scribus gehienbat C++ programazio lengoaian garatuta dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.