Sarean tokia egiten

Adrian Garcia / 2012-09-22 / 1.152 hitz

Euskararen presentzia sarean gero eta handiagoa da, batez ere sare sozialetan. Berriki Twitter euskaratu dute, eta Facebook, Tuenti eta Googleren zerbitzuak ere jaso daitezke euskaraz. Interneteko euskal komunitatearen lanari esker lortu da.

Normalizazio bidean dagoen hizkuntza batentzat ezinbestekoa da sarean ahalik eta presentzia handiena bermatzea. Eta euskarak bide horretan irmo jarraitzen du. Berriki, Twitter sare soziala euskaraz txioka hasi da. Facebook eta Tuenti sareak ere euskaraz erabil daitezke. Googleren zerbitzuak ere euskaraz jaso ahal dira, eta Wikipedia ezagutza libreko entziklopediak 100.000 artikuluren langa gainditu zuen iaz.

Twitterreko txoriak euskarazko txioak egiten ditu jadanik. Munduko sare sozial handienetako interfazea euskaraz dago eskuragarri. Aurretik katalanek egindako bideari jarraitu dio Lander Arbelaitz Argia.com-eko arduradunak, eta Twitter euskaratzeko baimena lortu zuen 2.000 erabiltzaileren babesa jaso ostean. Hastapenean, soilik ingelesez eta japonieraz erabil zitekeen sare soziala. Denboraren poderioz erabiltzaileak irabazten joan ahala, hizkuntza gehiagotara itzultzeko baimena ematen hasi zen sare soziala. Gaztelaniara, frantsesera eta alemanera itzuli zuten lehendabizi. Jarraian etorri ziren hizkuntza gutxituak, katalana esaterako. Twitter euskarazko interfazearekin erabiltzeko, ezinbestekoa izan da komunitate oso baten esfortzua. Baimena emateko komunitate horren indarra erabiltzaile kopuruaren bidez erakusteaz gain, behin baimena lortuta, komunitateak berak hartu du itzulpenak egiteko ardura ere.

Zenbait kontzeptu euskaratzeko zalantzak izan ziren, eta erabiltzaileen artean eztabaidatu eta erabaki zituzten, boto bidez. Tuit eta trending topic (TT) ingelesezko hitzak izan ziren eztabaidagai nagusiak. Twitterren erabiltzaileek idatz dezaketen 140 karakteretako mezua da tuit-a. Bozkatu ostean, gehienek txio hitza erabiltzea hobetsi zuten, eta horrelaxe erabiltzen da egun. TTa denbora tarte batean espazio geografiko batean gehien erabiltzen den hitza da, eta, hainbat proposamenen ostean, joera gisa itzultzea erabaki zuten.

UMAP edo txioak zenbatzen dituen sistemaren aburuz, 14.000 erabiltzailek baino gehiagok idazten dituzte testuak euskaraz. Igoera handia, kontuan hartzen bada kanpaina 2011. urtearen hasieran hasi zenean 1.700 besterik ez zeudela.

Hala ere, Luistxo Fernandez kazetari eta blogariak argi utzi du are garrantzitsuagoa dela erabiltzaileak sare sozialean euskaraz aritzea, tresneria bera euskaraz erabiltzea baino. Horregatik, 1.000 euskal intelektual Twitterrera ekartzea jarri du helburutzat. «Saiatzen naiz egiten, baina inork ez dit kasurik egiten. Gauza interesgarriak esaten dituzten pertsonak egon behar dira. Menuak baino gehiago, jana behar dugu euskaraz».

Blogak, aitzindariak

Twitter ez eze, Facebook sare sozialak ere euskaratua du interfazea, erabiltzaileen eskutik. Tuenti sare soziala ere euskarazko menuarekin erabil daiteke. Googlek ere, erabiltzaileen artean izan dezakeen harrera onaz oharturik, zerbitzu asko euskaratu ditu, hala nola Youtube bideoen sare soziala.

Euskarak Interneten bereganatutako tokia Wikipediari zor dio hein handi batean. Sareko euskal komunitatearen indarra eta lana islatzen du, izan ere, Wikipedia entziklopedia librearen euskarazko bertsioak. Auzolanean oinarritzen den jakinduria partekatzeko entziklopedia eleaniztuna da Wikipedia. Edonork jar edo molda ditzake edukiak, hori da entziklopedia askearen funtsa. 2001. urtean, lehenengo euskarazko edukiak plazaratu ziren, eta, egun, 137.000 artikulu inguru ditu. Artikulu kopuru aldetik, 34. postuan dago euskarazko bertsioa. Halere, hiztun kopurua artikulu kopuruarekin alderatuz gero, lehenengo postuetan da euskara sarean. «Hiztun kopuruak kontuan hartuta, seigarren Wikipedia da euskarazkoa», azaldu du Galder Gonzalez euskarazko Wikipediako administrazio taldeko kideak. Esperantoa eta haren gisako hizkuntza asmatuak baztertuz gero, aragoiera eta arumaniera daude bakarrik euskararen gainetik proportzio horretan. «100.000 artikulutik gora dituzten hizkuntza naturaletatik hiztun kopuru eta artikulu kopuru proportzio hoberena duena da euskarazko bertsioa».

Urtetik urtera erabiltzaileen ekarpenek loditu egin dute sareko euskal entziklopedia askea. 2009ko urte bukaeran, 50.000 artikulu zituen. Hiru urtean zifra hori hirukoiztu egin da kasik. Bot robot laguntzaileari esker egin ahal izan dituzte horrenbeste artikulu horren denbora gutxian. Edukiak automatikoki sortzen laguntzen du programak, datu estatistiko libreak erabilita. Esaterako, Frantziako udalerrien izendegia sortzeko baliatu zuten programa, eskuz nekez osatu ahalko zuten eta.

Euskal Wikipediaren edukiak gehitzeko saioa egin zuten Durangoko Azokan, entziklopediaren 10. urteurrenaren harira. Proiektuari buruzko hitzaldia eman ostean, egun osoan bertaratutakoek edizio maratoia egin zuten; hau da, egun osoan Wikipedian idazten jardun zuten.

Erakundeek ere ekarpenak egin dizkiote entziklopediari; Eusko Jaurlaritzak Lur hiztegi entziklopedikoa-ren eta Lur entziklopedia tematikoa-ren edukiak Wikipedia aberasteko erabili ditu. Lehiaketa publikoa irabazi, eta Elhuyar Fundazioak 11.000 artikulu sortu zituen eduki horiekin.

Wikipedia euskaraz erabili ahal izateko lan egiten duen jende kopuruaren arrasto bat ematen dute iragan abuztuko datuek. «213 lagunek egin zuten aldaketaren bat joan den hilabetean». 25 aldaketatik gora egin dituzten pertsonak, berriz, 23 dira. «Datu hori paretsu mantentzen da hilabetez hilabete».

2007. urtean, Jimmy Wales Wikipediaren sortzaileak hizkuntza gutxituen bertsioen adibide arrakastatsutzat hartu zuen euskara: «Argi eta garbi ikusten dut guztiz zentzuzkoa dela elkarlan proiektuen bidez zuen hizkuntzaren eta kulturaren zatiak iraunaraztea».

Bandalo-ak deritzenak urrun mantentzea da entziklopediako administratzaileen zereginetako bat. Bandalo-ek datu okerrak nahita ipintzen dituzte, baina, Gonzalezek argitu duenez, horrelako gutxi daude euskarazkoan.

Sarean euskarazko edukiak txertatzen aitzindariak izan dira blogak. Internet edukiak plazaratzeko euskarri merkea dela baliatuz, blogak edukiak era merke batean plazaratzeko bidea ematen hasi ziren. 2001. urtean hasi ziren lehenengo euskal blogak plazaratzen. Euskal blogosfera izenez ezagutzen denaren lehenengo euskarriak jarri zituzten, eta fenomenoak gorakada handia izan zuen hurrengo urteetan. Xabier Mendiguren idazleak 2004. urtean ekin zion Eibar.org blogean idazteari. «Teknologia berriek hizkuntza gutxituetako hiztunoi eta kulturgileoi leku bat eskaintzen digute gure sorkuntzak zabaltzeko».

Hastapenetan Sustatu.com izan zen ia blog bakarra blogosferan. Ondoren, hainbat blogari taldetan antolatu, eta plataforma horien inguruan hasi ziren blog pertsonalak kaleratzen.

Sare sozialen agerpenak, baina, Interneteko erabilera irauli eta blogen erabilera aldatu du, protagonismoa kendu baitie. «Hala ere, garrantzitsua da blogak hor egotea. Sare sozialetan idatzitakoa iraungi egiten da; blogetan idazten dena, berriz, geratu egiten da, eta corpus bat osa daiteke euskaraz», dio Mendigurenek.

Euskarak aurrera egiteko bizitzako alor guztietan sustatu behar delakoan dago Mendiguren. Hala ere, gazteek teknologia berriak erabiltzeko duten joera eta erraztasuna ikusirik, euskarak sarean lekua edukitzeak berebiziko garrantzia du.

                 —————————————–

Euskal Herriko boladako gaien zerrendaren bila

Twitter euskaratu duten arren, sare sozialak ez die aitortzen euskal erabiltzaileei komunitate izaera. Hori lortzeko, kanpaina bat abiarazi dute sarean.

Twitterren txioak euskaraz entzuten diren arren, pauso bat harago joan nahi dute erabiltzaileak: Twitterrek komunitate izaera aitortzea. Boladako gaiak edo trending topic deritzonak sare sozialean bolo-bolo dabiltzan gaiak zerrendatzen ditu, denbora tarte batean gehien errepikatzen diren hitz edo esaldiak. Hamar esaldi edo hitzeko zerrenda plazaratzen du, eta erabiltzaile guztiek ikus dezakete zeintzuk diren unean dauden modako gaiak.

Gai horiek geografikoki sailkatzen ditu Twitterrek, erabiltzaileen kokapenak arakatuz. Alde batetik, mundu osoko boladako gaiak ikus daitezke. Horrez gain, 34 estatuk haien modako gaien esparrua dute, hau da, eremu horietan gehien errepikatzen diren esaldien edo hitzen zerrenda ematen du sare sozialak. Estatuez gain, badira zenbait hiri euren boladako gaien esparrua dutenak, Lyon, Marseilla eta Paris Frantzian, Madril Espainian eta Bartzelona Katalunian, adibidez.

Twitterreko euskal erabiltzaileei ez die komunitate izaera aitortzen Twitterek—katalanei ez bezala—, eta, beraz, Euskal Herriko gaien zerrendarik ez da azaltzen. Espainiako eta Frantziako gai zerrendetan ito ohi dira euskal gaiak, eta oso gutxitan lortzen dute azalera hurbiltzea eta modako gaia izatea. Espainia eta Frantziako boladako gaien koloreetan galtzen dira euskal txioak.

Boladako gaietan kolore propioa edukitzeak Twitterreko euskal komunitatearen presentzia indartu eta erabiltzaileak kontaktuan jarriko lituzke, gai horiei buruz eztabaidatzeko aukera emango bailieke. Dixk Costolo Twitterreko zuzendari nagusiari eskaria helarazi diote, eta proposamena http://act.ly/61l plataformaren bitartez babes daiteke. Twitterrek, ordea, boladako gaien eremuak txio kopuruen arabera ezartzen direla dio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude