Basamortuaren emaria

Amaia Portugal / 2012-10-25 / 427 hitz

Duela 18 milioi urteko habia baten fosila identifikatu dute Bardean. Ez da, ordea, lehen ezusteko atsegina izan: hogei aztarnategitik gora aurkitu dituzte azken urteotan.

Orain ikusita gezurra badirudi ere, duela 30 milioi urte urik ez zen falta Nafarroako Bardean. Ez zegoen Ebro ibairik, eta, horrenbestez, ezta Mediterraneo itsasora zihoan ubiderik ere. Klima eta itxuraren aldetik, gaur egungo Afrikako laku handien eremuaren antza izango zuela dio Xabier Murelagak, EHUko paleontologoak. «Oso euri gutxi egiten zuen, eta nahiko lehorra zen, baina ur horrek ez zuen itsasora ihes egiten, lautadetan geratzen zen». Eta ura non, bizia han.

Miozenoko sabana baten gisakoa zen hura. Unibertsitateko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko kideentzat emari handiko iturria izan da 1980ko hamarkadatik hona. Duela 21 milioi urtetik duela 15 milioi urtera artekoa da han aurkitu duten erregistroa. Hogei aztarnategi baino gehiago; inguru hori krokodiloen, dortoken eta kastoreen bizitoki izan zela erakutsiz, besteak beste.

Baina inork ez dezala pentsa Bardeara joan eta fosil bat agertuko zaionik begien bistara: «Jendeak elefanteak eta horrelakoak bilatu nahi ditu, baina, askotan, luparekin begiratzeko moduko aztarnak dira. Hala ere, ematen diguten informazioa itzela da».

Ur gaineko habia

Murelagak eta lagun izan dituen ikertzaileek Bardeak egin dien beste opari baten berri eman zuten joan den astean: duela 18 milioi urteko habia baten fosila. Lehendik ere topatu izan dira dinosauroek eta beste narrasti batzuek arrautzak uzteko egindako zuloen fosilak, hori baino zaharragoak. Baina hau da, bioekintza bat dela tarteko, izaki batek eraiki duen habia baten inoizko fosil zaharrena.

«Landareak bilduta egin dute, eta oso berezia da, batez ere ur gaineko habia delako. Dinosauroek ez dute horrelakorik egiten», azaldu du ikertzaileak. Habia bera identifikatzeko nahikoa informazio topatu izana ere bada berezia. Izan ere, ez da batere ohikoa zenbait arrautzaren oskol zatien multzo oso baten fosila aurkitzea; eta are gutxiago arrautza ia oso baten aztarna tartean dagoela, kasu honetan gertatu den bezala. Habia horretan bost bat arrautza zeudela zehazteko gai izan dira horrela.

EHUko estratografo eta paleontologoek ez ezik, Kimika Analitikoa, Mineralogia eta Petrologia, eta Botanika sailetako zenbait kidek ere hartu dute parte fosil honen ikerketan; bai eta arrautzetan eta hegaztietan adituak diren atzerriko beste zenbait lagunek ere.

Guztien artean, habia horren eta horren ingurunearen historia berregiten jardun dute 2003tik, fosila aurkitu zutenetik hona. Orain karearria dagoen tokian duela milioika urte zegoen aintziran metatu ziren sedimentuak irudikatzen, gaur egun ikatza dagoen tokian zer landare mota zegoen igartzen…

Hala, habia flamenkoaren arbaso batena izan zela ondorioztatzera iritsi dira, eta belar multzo bat metatuta, lakuaren ertzetik pixka bat urrunduta eraiki zuela. Ziurrenik orain arte ezezaguna zen espezie berri baten habia izango dela dio Murelagak. Oraindik badago zer aztertu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude