Esaiozu belarrira telefonoari

Lander Muñagorri Garmendia / 2012-10-14 / 1.152 hitz

Xabier Uribe-Etxebarriak Sherpa zerbitzua sareratu du Androidentzat. Makina eta gizakien arteko ahozko komunikazioan urrats bat gehiago da.

Makina batekin elkarrizketa bat eduki, eta hizketan ari garen bitartean, makina baten parean gaudela ahaztea. Horixe da Xabier Uribe-Etxebarriak garatu nahi duen teknologiaren bereizgarria. Horretarako, «pauso ugari eman behar dira», haren esanetan, baina lehen urratsak egiten ari da ekintzaile getxotarra (Bizkaia). Horren adibide da haren azken proiektua: Sherpa. Android telefonoetan aplikazio gisa instala daitekeen plataforma bat da, eta erabiltzailearentzako laguntzaile gisa definitzen du sortzaileak. Hau da, deiak ahots bidez egiteko eskatu, mezuak bidali, eguraldiaren berri jaso, inguruko jatetxeak bilatu, edozein informazio bilatu, sare sozialetan zure profileko egoera aldatu edo bisitatu, abestiren bat entzun, transferentziak egin eta abar. Hori guztia eska dakioke telefonoari, hari hitz eginez.

«Oraindik teknologiak asko du hobetzeko, nahiko genukeenaren zati txiki bat baino ez dugu lortu», dio. Edozein modutan, asteburuan izan diren futbol partiden emaitza jakin nahi izanez gero, eskatu besterik ez da egin behar, hark erantzungo du. Hori bai, oraindik gazteleraz bakarrik solastatu ahal izango zaio telefonoari: «Test moduko bat egiten ari gara, gaztelerazko bertsioan. Ondoren, ingelesez ere jarri nahi dugu mundu osora zabaltzeko, eta horren ostean beste hizkuntzetara ere itzuli nahi dugu, tartean euskarara». Aste bat igaro da produktua plazaratu zutenetik, eta dagoeneko 80.000 deskarga izan ditu Sherpa aplikazioak. «Oso gustura gaude, urteetako lanaren emaitza baita hau guztia».

Zehatzago esatearren, duela lau urte hasi zen Uribe-Etxebarria harreman interaktiboan oinarritzen den aplikazio horren teknologia garatzen eta patentatzen. Garai berean sortu zuen, baita ere, Anboto enpresa, kontsumitzaile eta ordenagailuen arteko elkarrizketa birtualari bide ematen dion baliabidea. «Bi proiektuak, ordea, ezberdinak dira; bai zerbitzuan, baita teknologian ere», dio. Izan ere, Anbotok eskaintzen dituen baliabideak enpresen beharrak asetzeko dira, hau da, informazioa lortu eta bereganatu, produktuak era multimodalean erosi edo pertsonen eta ordenagailuen arteko harremana naturalago bihurtu. Sherpak, berriz, norbanakoengana iritsi nahi du bere ekimenarekin. Zerbitzuak ezberdinak dira, eta horiek garatzeko teknologia eta euskarriak ere bai. Horregatik, bi enpresa ezberdin dira Anboto eta Sherpa. Eta programa berriarekin, Anbotorekin lantzen hasitako komunikazio interaktiboaren arloa sakontzeko beste urrats bat egin du getxotarrak.

Baina Uribe-Etxebarria ez da aitzindaria makinen eta gizakien arteko ahozko komunikazioan. Apurka garatzen ari den arloa da, eta sakelakoetan, esaterako, Siri aplikazioak ere bidea urratu du. 2007an sortu zen, eta hiru urte geroago Applek bereganatu zuen bere produktuetan erabiltzeko. Hala ere, Sherpa ez da sortu Siri-ri lehia egiteko: «Beste plataforma batean ari baikara gu; beraz, ez dut lehiakide gisa ikusten». Hala ere, konparazioa egin gabe ez da geratu getxotarra: «Euren produktua ona bada ere, gurea hobea dela uste dut». Izan ere, Appleren zerbitzua ez da Sherpa bezain osatua. Uribe-Etxebarriak eta haren lantaldeak garatu duen zerbitzuak Paypal diru transferentzia txikiak egin eta musika streaming bidez entzuteko aukera ematen du. «Errekurtso gutxiago dauzkagu, baina teknologia garatuago daukagu», dio.

Sistema hibridorantz

Makina eta pertsonen arteko ahozko hizkuntza garatzen hasi zen lehenbizi Uribe-Etxebarria Anboto enpresarekin, eta, egitasmo horri esker, teknologia alorreko munduko start-up onenaren saria irabazi zuen Innovate 2010 sariketan. Lorpen horrek Interneteko munduko meategira eraman zuen enpresa: Silicon Valleyra, hain zuzen. «Indarra eman zigun sari horrek, baina Sherpa beste enpresa bat da». Hala ere, egitasmoa finantzatzeko sarbide ona izan zen izendapena. Baina hori beste kontu bat da. Izan ere, Uribe-Etxebarria egitasmo berriarekin ari da buru-belarri, eta ohartarazi du orain aurkeztu duena hasiera besterik ez dela. «Sherpa ez da sakelako telefonoetara bakarrik mugatuko, etorkizunean autoetan eta telebistetan ere txertatu nahi dugu».

Ahozko komunikazioaren teknologiaren garapenak etorkizun hurbilean bilaketa sisteman aldaketak eragingo ditu Interneten. «Bost urte barru, bilaketak hibridoak izango dira». Hau da, idatziz eta hitz eginez eskatuko diogu gailu elektronikoari une bakoitzean nahi duguna. «Batzuetan, nahiago dugu botoi bat sakatu, edo agian beste pertsona batekin izango genukeen elkarrizketa bat eduki makinarekin». Bi aukera horiek eskutik joango dira, haren esanetan. Baina, horretarako, oraindik lan handia egin behar da. «Hizkuntza ulertzeko gaitasunak asko du hobetzeko, inteligenteago egin behar da, hitzen doinua edo ahotsa horren metalikoa ez izatea ahalbidetu eta abar», dio Uribe-Etxebarriak. Bide luzea izango den arren, lehen urratsetan dago makina eta gizakien arteko ahozko komunikazioa. Helburu nagusia ordenagailuarekin hitz egiten hasi eta makina baten parean gaudela ahaztea litzateke.

Eta, bide horretan, elkarrizketarako baliabideak eta informazio eskaintzak ere zabalagoa izan beharko du. Sistema hibrido horretan teknologia gehiago txertatu behako dira ahozko eta idatzizko komunikazioa ahalbidetzeko. Horien artean, esaterako, informazioa eskaintzeko iturriak. Sherpa programak zazpi eta hamar iturri artean erabiltzen ditu «zerbitzu bakoitzeko». Esaterako, pertsona baten inguruko zerbait jakin nahi izanez gero, Wikipedia webgunea baliatzen du, eta eguraldiaren berri izateko, bost iturritan konparatzen du informazioa erantzuna eman aurretik.

«Sistema osatua daukagu», baina oraindik kontzeptu ugari ez ditu ulertzen merkaturatu berri den zerbitzuak. Baina hobetzeko helburuarekin kaleratu dute: «Jakin baitakigu aldaketa eta moldaketa ugari beharko dituela, baina erabiltzaileen iritzia bildu nahi genuen». Astebetean 80.000 erabiltzailek probatu dute sistema berria. Erantzun ugari jasoko dute, beraz.

—————————-

Teknologia berri eta hizkuntzen artean

Xabier Uribe-Etxebarriak etxetik jaso du hizkuntzekiko interesa. Gregorio Uribe-Etxebarria aitarekin batera, Metalingua itzultzaile automatikoa garatu zuen, eta, ondoren, hizkuntzekin lanean segitu du, beste era batean.

Ahotsaren bidezko komunikazioa landu du Xabier Uribe-Etxebarriak lau urtean egindako lanean, eta horren erakusle dira epe horretan sortu dituen bi enpresak: Anboto eta Sherpa. Baina ahozko hizkuntzan murgildu aurretik, Gregorio Uribe-Etxebarria aitarekin aritu zen idatzizko hizkuntza lantzen. Metalingua sistema garatu zuten, hau da, itzulpen automatikoak egingo lituzkeen sistema bat. Gaztelaniaren, ingelesaren, frantsesaren eta euskararen arteko itzulpenak egiten ditu sistema informatikoak. «Kontzeptuetan oinarritzen den proiektua da», azaldu du Xabier Uribe-Etxebarriak. Hitz bakoitzak esanahi eta interpretazio ezberdin ugari izan ditzake, eta Metalingua sistemak anbiguotasun horiek argitu egiten ditu, eta hitz bakoitzari kontzeptu bat egokitu. Nola? Esaldiaren azterketa morfologikoa, sintaktikoa, semantikoa, pragmatikoa eta funtzionala eginez. Itzulpena egiten du, beraz, hizkuntzen arauen eta hiztegien arteko konbinazioen bidez. Hizkuntzen arteko zubi gisa definitu zuten bere garaian proiektu hura.

«Bertan lanean aritu nintzenean itzultzaile automatiko izugarria egin genuen, eta, kodea berridatzita, semantikako gauzak nola egiten diren ikasi nuen». Hizkuntzen inguruko nozio ugari ikasi zituen, beraz, semeak aitarekin lan egin zuen garaian. «Anboto eta Sherparen proiektuekin, ordea, pauso bat gehiago eman dut. Metalinguan ikasitakoa bertan txertatzen saiatu naiz, bertan garatu dugun teknologia elkarrizketa birtualean oinarritzen den arren». Era batera ala bestera, Uribe-Etxebarriaren bizitza profesionala hizkuntzarekin lotuta egon dela esan daiteke.

Hizkuntza txikiekin lanean

Baina lengoaiekiko daukan atxikimendu hori ez da berez sortu. Alderantziz, etxetik heldu zaio. Izan ere, Gregorio Uribe-Etxebarria aitak hizkuntzen eta itzultzaileen inguruan kezka berezia izan du, euskarazkoarekin batez ere. Eta hori haren ibilbidean islatzen da. Adibide moduan, Xabier semearekin batera garatu zuen proiektua aipa daiteke. Baina ez hori bakarrik.

2003. urtean hizkuntza gutxituen alde lan egiteko fundazio bat sortu zuten InterLan Systemek eta Unescok elkarlanean: Metalingua Unesco fundazioa. Informazioaren gizartean hizkuntza aniztasuna bermatzeko helburuarekin egin zuten indar metaketa hori. Munduko hizkuntzen %90 ez daude Interneten ordezkatuta. Beraz, fundazioaren sorreran, portzentaje horri bira emateko asmoa azaldu zuten alde biek.

Horretarako, hizkuntza gutxitu bat erabiltzen duen pertsona bat bere ama hizkuntzan idaztera bultzatzen dute, eta lekuan lekuko gizartea sentsibilizatzeko kanpainak garatu. Hizkuntza gutxituen erabilera birtualaren inguruko ikerketak ere egiten ditu fundazioak. Era horretan, komunitate gutxituen «babesle eta bultzatzaile» gisa aurkeztu zuten bere garaian proiektua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.