Koldo Mitxelenaren zubia

Elixabete Perez Gaztelu / 2012-10-11 / 847 hitz

Barkatuko dit irakurleak, ez nator Koldo Mitxelenaren gaineko berrikuntza nabarmen, ez ikerlan mamitsurekin. Gauza jakinak dira eta, gainera, ez dut oso urrutira jo. Lan honi nonbaitetik heldu behar eta, pentsatu dut egokia izan zitekeela begiratzea gure aurrekoen, gure eta ondoren datozkigunen arteko zubiak zertan diren. Adin batera iritsi gara eta. Hori egiteko gogoratu zait unibertsitateko 20 urte inguruko Komunikazioko Graduko ikasle multzo bati galdetzea ea Koldo Mitxelenaren izenak zer adierazten dien: liburutegi, kulturune, ikastetxe, plaza eta kale, sariak… aipatu dituzte denek bat-batean; gutxiagok «euskara aztertu zuen gizon inportantea» zela ere esan dute.

Hil zela 25 urte betetzen direla eta, ikasleei proposatu diet saio labur bat eskaintzea Koldo Mitxelenaz zertxobait ikasi, eta aztertzea ea oraintxe, 2012an, bizi dutenarekin inolako lotura edo zubirik ikusten ote duten.

Interneta jo dute berehala, Wikipedia (euskaraz eta gaztelaniaz) izeneko informazio-iturrira eta segundo batzuetan eskuratu bestek egindako Koldo Mitxelena Elissalten bizitzaren eta lanen berri laburrak: Errenterian sortu zela orain dela ia 100 urte (1915eko abuztuaren 20an), umetan gaixorik (eta geldirik) egoteak irakurtzera bultzatu zuela, gazterik hasi behar izan zuela lanean, gerratean gudari ibili eta preso harrapatu zutela. Beharrik bete ez zuten heriotza-zigorra ezarri ziotela, bi alditan eduki zutela kartzelan, aldi berean ikasi eta lan egin behar izan zuela, euskaltzain osoa izan zela, euskara batua eraikitzeko irizpideak finkatzeko eskatu ziotela, Salamancan, Parisen, Euskal Herrian unibertsitateetan lanean aritu zela eta «polifazetiko eta behatzaile zorrotza» izan zela…

Abiapuntu horretatik aurrera eginez, Interneten ere eskura dagoen Bidegileak bildumako alea ere eskaini nien. Gomendatu nien, hala ere, Mitxelenaren bizitzaz zuzenkiago eta gustagarriago ikasiko zutela irakurtzen bazuten, kalean diren Mitxelenaren gaineko paperezko artikulu eta liburu, eta bideo eta lan interesgarri asko baztertu gabe, Eugenio Ibarzabalekin izandako elkarrizketa luzea, 1977an liburu bilakatua. Hor erdietsiko zituztela Mitxelenaren ahotik jakingarri asko eta asko.

«Ze, etorri al zara?»

Liburu horretan makina bat ideia interesgarri eta deigarri topatzen ditut irakurtzen dudan aldiro, baina, aukeratu behar eta, lehen aldiz irakurri nuenetik buruan iltzatuta gelditu zitzaizkidan bi pasarte aipatu nizkien, gaurko gazte euskaldun Interneten erabiltzaileekin zubi zuzena dutelakoan. Zehatz esan, bi pasarteon gaia da Mitxelenak nola bizi izan zuen eta zer pentsatzen zuen euskaldunon izaeraren eta sentimenduak adieraztearen edo komunikatzearen artean.

Batean Mitxelenak kontatzen du ama-semeek ez zutela elkar ikusi zazpi urtetan (1936tik 1943ra), ia 21 urterekin gerratera joan zenetik, oso era txarrean bizi, kartzelan egon, heriotzako zigorraren mehatxupean bizi izan eta etxera itzuli zenean, amak semea eskaileretan hartu du hauxe esanez: «Ze, etorri al zara?». «Es literal» eransten dio Mitxelenak Ibarzabali.

Bigarrena jasotzeko Mitxelenaren hitzak egokiagoak iruditzen zaizkit nireak baino: «hay dos cosas que yo considero poco vascas: las efusiones sentimentales y las bravatas. Los vascos tendremos todos los defectos del mundo, pero esos dos no. Los sentimientos más profundos de los vascos son los que menos se manifiestan». Internetek eskura jarri dizkigun tresna bozgorailuok ditugula eta… pentsakizuna ikasleentzat eta gainerakoentzat.

Nik idazteut nai o itzein bezela

Egin genuen bigarren loturan ere tresna bat da tarteko; bestelako tresna, baina. Galdetu nien ea asmatzen zuten hezkuntza osoan erabili duten eta darabilten komunikatzeko kodeetako bat, euskara idatzia, batua, arautua, estandarizatuta ez balego zer ondorio ekarrizko zizkigukeen arau batu ezak, zer egoeratan biziko ginatekeen orain. Erantzunak: «Testu-liburuak?», «Hedabideak?», «Matrikula egiteko eta bestelako paper ofizialak eta?». «Eta egunero darabilgun Hiztegi Batua? Eta arauak?». Bada horretan guztian ere ez du zerikusi gutxi izan Koldo Mitxelenaren eskuak, jakinduriak eta lanerako gogoak. Hark bakarrik ez, baina haren gidaritzapean finkatu zituzten irizpideak 1968an euskara batua eraikitzen hasteko, Franco bizi zela, EAEn eta Nafarroan euskara ofiziala izan baino lehen, administrazioa erkidegoetan izan baino lehen.

Aipatzen ari garen solas-liburuan, eta baita ETBk 1986an eskaini zuen Euskaldunek hitza saioan ere, Martin Ugalde eta Koldo Mitxelenaren arteko elkarrizketa mamitsuan, besteak beste, garbi aitortzen du zenbat ahalegin eta neke eskaini behar izan zizkion Mitxelenak batuaren zutabeak finkatzeari. Alderdikide zituen EAJko zale asko batuaren kontrako sutsuak ziren eta errenteriarrak berak ere Errenterian bertan lagunak galdu zituen —ikasleei sinestezina egin bazaie ere—, batez ere h letra ere erabili behar zela proposatu zutelako. Mitxelenak goraipatzen du hasierako Eusko Jaurlaritzaren erabakia, gobernatzaileek ez zutelako batere erraza izan batua hautatzea hezkuntzan, administrazioan, komunikabideetan erabiltzeko, parte ziren alderdiari muzin eginez.

Zubi gizona

Loturak eta zubiak hizpidean ditugula, bukatzeko ekarri nahi nuke Koldo Mitxelenaren merezimendu askotako bat, hain zuzen ere, nire ustez, zubi izatea dela, aieka askotatik, gainera: gerra aurreko eta ondoko belaunaldien artekoa, euskararen historia aztertzeari argitaralan ugari emanak dituenez gero, lehenaren eta orainaren arteko zubia, euskalkien artekoa. Bere lanetara hurbiltzen denak mundu idatziaren eta ahozkoaren arteko zubia ere sumatuko du, idazle klasiko eta berrien artekoa, kanpokoen eta bertakoena, euskararen eta erderen artekoa, gizartearen eta bizitzaren artekoa (politikari sekulako garrantzia eman zion), sorterri txikia zuen Errenteriaren, Euskal Herriaren, Europaren artekoa eta beste franko…

Baina etorkizuneko zubia ere bada Koldo Mitxelena. Hiru besterik ez ditut aipatuko: euskararen azterketa gainerako hizkuntzen azterketaren maila zientifikora eraman, euskara estandarra oinarritu eta bultzatu eta euskara nonahi eta noranahi euskaldunen komunikatzeko bitartekoa izan zedin ordu arte idatzi ez ziren gaiez idatzi.

Azken buruan, argitaratu zirenetik horrenbeste urte igarota ere erdal eta euskal lanok baliotsuak eta biziak izateak adierazten digu Koldo Mitxelena Elissalten eta gure arteko zubiak zutik dirauela. Nahi nuke nire hitz hauen eta irakurlearen artean ere zubia osatzeko gauza izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude