Ezer ez

Ezer ezEgilea: Janne Teller
Itzultzailea: Juan Mari Mendizabal
Argitaletxea: Alberdania
Bilduma: Narrazioa
Urtea: 2012
ISBN: 978-84-9868-365-3
R: 6.784

Berehalakoan ez ahazteko moduko liburua da hau, irakurri eta zer pentsatua ematen duen horietakoa. Gordina da. Kapitulu laburrez osatua dago, eta askotan aurrera jarraitzeko amua dute bukaeran. “Garrantzia” kontzeptuaren erlatibotasuna erakusten du.

Agnes izeneko neska batek  zortzi urte aurretik Tæring herrian gertatutakoa kontatzen du, 2000. urtean. Pierre Anthon izeneko mutikoak, ikasturteko lehen egunean, gelakideen aurrean, ezerk ez duela garrantzirik eta, horregatik, ez duela ezer egitea merezi esanda eskolatik alde egingo du. Aranondo batera igo eta ikasleei aranekin batera galderak botako dizkie. Etengabe zirikatuko ditu. Gelakideek ezingo dituzte jasan hark esandakoak eta zuhaitzetik jaitsiarazi nahiko dute. Horretarako, garrantzia duten gauzak pilatzen hastea erabakiko dute, elkar hartuta buru-belarri, nagusien ezkutuan. Imajinatu ezindako muturretara iritsiko dira haien helburua lortu nahian, mugarik ez dute izango. Zeregin horrek ondorio larriak izango ditu, baina ez dute nola nahi etsiko. Apurka-apurka Pierre Anthonek arrazoia duela pentsatzen hasiko dira, baina temari eutsiko diote. Aurrera egin ahala, gero eta basatiago, krudelago agertuko dira.

Gaztetxoen bitartez gizartearen pentsaera islatzen da. Oso deigarria iruditzen zait besteentzat zer den garrantzitsua nola identifikatzen duten pertsonaiek, nahiz eta gero erakusten duen batzuetan ustea erdia ustel izaten dela.

Itzulpenak orrazketa falta du (batez ere ergatibo batzuk, komunztadurak eta aposizioak).

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude