Ezer ez eta nobela

Juan Luis Zabala / 2013-04-18 / 486 hitz

Karlos Linazasorok ‘Versus’ argitaratu du, pertsonaia bakarreko eta ekintzarik gabeko eleberri «minimalista».

Berrogeita hamar metro koadroko uharte bat, palmondo bat eta, han, «ezerezaren erdian», Versus izeneko pertsonaia, 1985az geroztik bertan bakartuta geratu den naufragoa. Besterik ez du behar izan Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) Versus idazteko, helduentzako bilduma batean argitaratu duen aurreneko nobela, Elkar argitaletxeak plazaratua. Eleberri «minimalista» da, egileak berak azaldu duenez. «Akziorik gabeko nobela bat da. Gertatu, ez da ezer gertatzen; ez dago peripeziarik. Versusengana ez da inor etorriko salbatzera, eta bera uharte horretan dago beti».

Nobela laburra da Versus, orrialde bana izatera ere iristen ez diren 99 atalek osatutakoa. «Nola nik ez dakidan luze eta hari bati jarraituz idazten, pentsatu nuen 99 atal labur idaztea, Raymond Queneauren Estilo-ariketak liburuari keinu bat eginez», azaldu du Linazasorok. «Queneauren liburuan, beti eszena bera errepikatzen da, aldi bakoitzean modu batean, estiloa aldatuz. Nik nobela 99 ataletan banatuta osatzea erabaki nuen, baina atal bakoitzean gauza desberdin bat kontatuz. Versus ez da uhartetik mugitzen, eta ikusi nahi nuen ea uharteko kontu xeheekin nobela bat nola egiten nuen. Horixe zen nire asmoa. Hain zuzen, 99 atal horiekin, argumentuaren hari bati jarraitu gabe, denboran atzera eta aurrera eginez, pertsonaia-nobela bat egin dudala uste dut; horretan saiatu naiz, behintzat».

Nobelak naufragoaren egunerokoa erakusten du, nola moldatzen den Versus uhartean, baina, betiere, Linazasororen ikuspegi literariotik begiratuta. Idazleak «pertsonaia gogoangarri bat» sortu nahi izan du, «irakurleen buruetan geldituko dena». Pertsona «maitagarria» da, «oso alderdi kontrajarriak dituena, ero samarra». Beste ezaugarri batzuk ere agerian geratzen dira eleberrian: «Irakurzale handia da, eta askotan ematen du bere irakurketen berri; poliglota da; kleptomanoa izan zen, zinegotzia ere bai —ez du zerikusirik batak besteraekin—; artezalea; inutil totala —ni bezala—; metafisika maite du; autozalea da…».

Idazteko bere moldeari ondo egokitzen zaion nobela taxutu du egileak, normalean jorratzen dituen testu labur askotarikoei harrera egiten diena —poemak, oihartzun aforistikoa duten esaldiak, ipuinak, mikroipuinak, hitz-jokoak, txisteak, adarjotzeak…— eta umore absurdorako joera argi eta nabarmenekoa. «Oso elementu gutxirekin osatu nahi nuen nobela bat, eta, horretarako, nire arma literarioak baliatu ditut».

Kontalari «nahiko berezia»

Hirugarren pertsonan kontatzen da nobela, eta kontalaria «nahiko berezia» da. «Ematen du asko dakiela Versusi buruz, baina nahiko zabarra da. Gauza batzuk badakizki, eta beste batzuk, ez; edo hemerotekan ez begiratzeagatik ez ditu zehatz kontatzen. Gauza batzuk zalantzekin kontatzen ditu; beste batzuk, berriz, oso zehatz».

Versusek munduaz duen ezagutza 1985ean bukatu zen, «negozio poetiko batek» hartaratuta hartu zuen itsasontzia hondoratu eta uharte txikira heldu zenean. «Versusek ez daki zer gertatzen ari den ez Euskal Herrian eta ez munduan. Bere oroitzapenen eta bere esperantzen artean bizi da. Norbait bila etorriko zaiolako esperantza dauka, baina urteak eta urteak pasatu dira, eta inor ez zaio etorri, eta seguru asko ez zaio honezkero inor etorriko». Horrek Linazasorok hain gustuko dituen egoera paradoxikoetarako aukera zabaltzen du; itsasoak uhartera GPS bat eramaten duenekoa, esate baterako: Versusek ez daki non dagoen bere uhartea, baina ezta GPSa zertarako erabil daitekeen ere, eta traste hura berriro ere itsasora botatzea erabakitzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude