Urak landutako harribitxia

Jon Rejado / 2013-04-09 / 1.111 hitz

Mila metrotik gorako mendien babespean, dozenaka aukera eskaintzen du Valderejok; zabalera txiki batean, fauna eta flora oparoa ikusteko ez ezik, aukera ematen du inguruko etnografia, geologia eta kultura ondarean sartzeko.

Haitz harresi baten barruan gotortuta dago Valderejo. San Lorentzo baselizatik mendebaldera Anderejo mendilerrorantz hedatzen bada ere, natur parkearen bihotza Santa Ana (1.042 metro), Vallegrull (1.226 metro), Recuenco (1.240 metro) eta Arrayuelas (1.129 metro) mendien artean dago. Han, larre eta basoak zabaltzen dira, baita dozenaka txoko ere, non urak zizelkatutako bazterrek Arabako txoko horretako ohitura eta kulturarekin bat egiten baitute.

Valderejora kotxez sartzeko bide bakarra Lalastran bukatzen da. Lalastran dago Valderejoko parketxea, eta natur parkearen barruan dagoen lau herrietako bat da. Gaur egun, biztanleak dituen bakarra da, Lahozekin batera; Villamardones eta Ribera herriak 1960ko hamarkadan biztanleak galtzen hasi ziren, eta gaur egun hutsik daude. Ordea, izan zirenaren zantzuak ikus daitezke: etxeen aurriak, harraskak, errotak…

Alor guztiak elkar lotuta dauden arren, Leire Abin Valderejoko parketxeko gidetako batek nabarmendu du parkea bitan banatzen dela, funtsean, eta biak ondo ikusteko bi egunetan joatea komeni dela. Zati horietako bat Puron ibaiaren haizpitartetik doana da. Ibai horrek eman dio Valderejori kubeta forma, milurtekoetako erosioaren bidez, eta, uraren bideari jarraituta, parkearen zati deigarrienetako batzuk uzten ditu.

Haizpitarterako bidean, ezinbestean Ribera herritik igaro behar du bisitariak. 60ko hamarkadan biztanle guztiak galdu zituen; «orduko biztanleek errepidea bertara eraman ez izateari leporatzen diote herriaren gainbehera», azaldu du Abinek. Jon Elorriaga Valderejoko basozainetako batek ideia hori berretsi du, eta azaldu du Valderejoko herrien artean ur gehien zuela —Puron ibaia erditik igarotzen da—, eta gaineratu du tenperatura atseginena zuela.

Riberako harraskak, iturriak, etxeen arrastoak… Eta eliza. Muino baten gainean. Erromaniko estilokoa, San Esteberi eskainitako eliza horren barrualdera sartzeko aukera dago, kaiola baten babespean. Barruan pintura deigarri batzuk ikus daitezke, urteetan XV. mendeko erretaularen atzealdean ezkutatuta egon zirenak. Horma irudi horietan, Bibliako gai ugari lantzen dira, San Lorentzo ibarreko zaindariaren irudiarekin batera.

Ribera atzean utzi eta ondo markatutako bidean aurrera eginez, Puron ibaiak Santa Ana eta Vallegrull mendien artean zizelkatutako haitzartea suma daiteke. Garai batean kareharrizko pareta altu bat zegoen lekuan urak zuloak sortu zituen, eta, poliki poliki, egungo egitura geologikoa sortu zuen. Gaur egun, ibiltari gehien duen bideetako bat da hori, bai Lalastratik joandakoekin edota haitzartearen beste aldetik joandakoekin ere, Herranetik (Burgos, Espainia).

Abinek azaldu du bidaia antolatu askok norabide bakarreko bidea egiten dutela. Autobusak Lalastran utzi, eta Herranera doa gero ibiltariak hartzera. Aukera hori ez dutenek leku beretik itzuli edota Santa Anako bidea har dezakete Valderejoko kubetara itzultzeko.

Goitik ikusitako trantsizioa

Leire Abinek bigarren egunerako proposatutako bidea, haitz artean beharrean, haitz gainetik edota horien aurretik igarotzen da. Inguruko mendi tontorretarako bideak ateratzen dira parketxetik bertatik. La Sierra mendatetik Vallegrullera oinez joateko aukera dago —abuztuaren 15etik abenduaren 31ra arte—, haitzezko harresiaren goiko partetik, Portillo, Recuenco eta San Lorentzo baselizatik igarota. Handik, Valderejoko ikuspegi aparta dago, baita hango herriena ere. Bide horiekin gozatzeko aitzakia ederra ematen du urriaren azken asteburuan han egiten duten mendi martxak.

Valderejo iragaite klima eremuan kokatuta egonda, gunean egotearen berezitasunak suma daitezke basoetarako zein haitzetarako bidean gora egin ahala. Zuhaitzik ohikoena pinu gorria da, baina klima mediterraneoko artea eta klima atlantikoko pagoak daudela azaldu du Abinek. «Hegoaldera ematen duten paretetan artea da nagusi, eta iparraldera ematen duten horietan pagadiak daude».

Bide horretan historia aurretik ibilaldia ere egin daiteke oharkabean. El Gustal iruinarria, 3,75 metrokoa, ibilbide horretako leku adierazgarrienetako bat da. Ikerlarien arabera, duela 5.000 urte inguru kokatu zuten han; 1982. urtean antzeman zuten lurrean botata eta apurtuta, baina 2007an bi parteak elkartu eta zutik jarri zuen Arabako Foru Aldundiak.

Natur parkean beste bi iruinarri daudela azaldu du Abinek, biak botata dauden arren. Horiez gain, Lerongo mendatean labar-pinturak ere ikusgai daudela gaineratu du Abinek. 2006. urtean Arabako Arkeologia Institutuko kide batzuek aurkitu zituzten Brontze Aroko pintura horiek, duela 2.000-3.000 urtekoak. Dena den, aurkitu zituztenetik okerrera egin dutela ohartarazi du Abinek, jarritako babesak eraginda.

Ibilbideez gain, Lalastran ikusteko moduko beste zenbait pizgarri ere badaude. Herriko erlojua, errota, bolatokia, baita museo etnografikoa ere. Urteetan inguru horretako biztanleen egunerokotasuneko objektuekin: lihoa landatu eta manipulatzeko objektuak, herriko lanak banatzeko sistemak… Haitzean hondoratutako harribitxiaren historia hobeto ulertzeko gakoak ematen dituzten giltzak, hain zuzen ere.

——————

Fauna aberatsa, saien hegoen itzalpean

Giro ugari daude Valderejon, eta horrek animalia askori babeslekua ematen die; dena den, guztien artean, haitzetan bizi diren hegaztiek dute garrantzirik handiena, eta, horien artean, putreek.

Euskal Herriko natur parke txikienetan hirugarrena izan arren —Bertiz eta Pagoetakoen aurretik— Valderejok animalia aniztasun handia du. Zuhaitzetan, lurrean, ibaian… Ordea, haitzetan bizi diren hegaztiek dute pisurik handiena protagonismoa banatzean: sai zuria, aztorea, belatz handia… Dena den, protagonista nagusirik badago sai arrea da, parketxearen aurreko eskultura ikusita sumatu daitekeenez.

Hegazti handi horien populazioa egonkortu da azken urteetan; 90 eta 100 bikote artean bizi dira, batez ere, Vallegrullgo pareta handian. Ibarretik bertatik begiratuta, erraz sumatu daitezke zuloak pareta horretan, non habiak egiten baitituzte, eta ibiltaria nekez etxeratuko da sai bat ikusi gabe.

Hegaztien garrantzia agerikoa da, parketxeko eskaintza ikusita. Edonondik paseatuta saiak ikustea ohikoa bada ere, hegaztiak behatzeko ibilbide jakin bat dago. Bestalde, hiru ibilbidetan eragiten dute hegaztiek. Hain zuzen ere, urtarrilaren 1etik abuztuaren 15era haitzen goiko aldetik eta habien ingurutik doazen bideak itxita daude putreen hazkuntzari ez erasateko. Hortaz, natur parkeko bide guztiak irekita izango dituzte urte bukaera arte hara doazen bisitariek.

Hegaztiak parketxetik bertatik ikus daitezke, Vallegrull mendiko haitzetako habiak ikus baitaitezke. Ordea, handik aterata eta Villamardoneserako bidean aurrera eginez dagoen begiratokitik, ikuspuntu ezin hobea dago sai arreak ikusteko. Horrekin nahikoa ez dutenek, berriz, ibilbideari jarraitu, eta San Lorentzo baselizara jotzeko aukera dute. Handik, Vallegrulli bizkarra emanda, natur parkearen beste aldean, Valderejon bizi diren sai zuriak ikus daitezke kataloxa erabilita, sai arreak azpitik pasatzen direla. Animalia hori desagertzeko arriskuan dago gaur egun, baina aurten Valderejoko bikoteak txita izan du, eta Leire Abin parkeko gidariak jakinarazi du San Lorentzo aldean ikusi izan dutela.

Haitzetan hazten diren aurretik hegazti horiekin guztiekin batera, Valderejoko zerua zeharkatzen arrano beltza ere ikusi ohi dela jakinarazi du Jon Elorriagak, parkeko zaindarietako batek. Ordea, gaineratu du ez dakitela non dagoen animalia horren habia. Horiez gain, belatxinga moko horia, harkaitz zozo gorria eta beste hainbat hegazti daude.

Basurde eta arrabioak ere bai

Valderejon giro ugari daude, eta, horrenbestez, basoetan ere animalia asko ikus daitezke. Adierazgarrienak orkatza, basurdea, azeria, lepazuria, basakatuak eta urtxintxak dira. Otsoa bera ere agertu izan da azken urteetan Arabako inguru horretan. Animalia horrek gainerakoei eragin dituen eta eragin ditzakeen kalteen ondorioz, artzakurrak ere badaude parkean, seinale batzuek ohartarazten duten gisan. Lahozeko etxaldeko zaldiak, behiak eta astoak dira nagusi, baita ardiren bat edo beste ere.

Paretetara gerturatu ahala muskerrak edota arrabioak ikus daitezkeela esan du Abinek, baita amuarrainak eta ezkailuak ere Puron ibaiaren ur hotzetan. Ibaiaren inguruan animalia asko dago. Besteak beste, apo pintatuak eta baso-igel gorria ere aurki daitezke inguru horretan, saien hegoen itzalaren begiradapean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude