Ezezagunaren lurraldean

Elixabet Epelde / 2013-11-28 / 438 hitz

J.M. Coetzee Nobel saridunaren azken eleberria euskarara itzuli du Gorrotxategik: ‘Jesusen haurtzaroa’.

«Ezohiko bideak jorratzen ditu. Eleberri hau apustu bat da, bai prosaz eta baita ere edukiz, liburu ezberdin bat egiteko. Ezberdina, eta arrisku handikoa». Halakoa da John Maxwell Coetzee Nobel saridunaren azken nobela, Jesusen haurtzaroa (Meettok), euskarara itzuli duen Aritz Gorrotxategiren hitzetan. Kontatu duenez, oso liburu irekia egin du hegoafrikar idazleak oraingo honetan, eta ezezagunaren lurraldean barneratzen ditu irakurleak.

Gizon bat eta haur bat toki batera iritsi berriak dira. Ez dira aita-semeak, baina haurraren ardura du gizonezkoak. Badirudi erbesteratuak direla, baina ez du argitzen nondik datozen, ezta ere zergatik joan behar izan duten euren jatorrizko lurraldetik. Esaten duen bakarra da lurralde berri horretan gaztelera hitz egiten dela. «Itxura guztien arabera, Hego Amerikako herrialde batean daude», esan du Gorrotxategik. Horixe da Coetzeeren azken nobelaren abiapuntua. Zalantzaz jositakoa da hasiera, eta eleberria aurrera joan ahala Nobel saridunak ez ditu galdera horietako asko erantzungo.

Bi habe nagusi ditu kontakizunak, Gorrotxategik azaldu duenez. Batetik, etorkin izanik, bi lagun horiek lurralde berrian egin behar duten egokitzapenaren istorioa dugu. Lana bilatu, hizkuntza ikasi, haurraren hezkuntzaz arduratu, kulturen arteko talka… Eta bestetik, haurra bere amarekin elkartzeko bi protagonistek egiten duten ibilbidea. «Oso datu gutxi dakizkigu amari buruz, badirudi haurrak ere ez duela oso ongi gogoratzen ama, baina haren gutun bat zeraman eta hura galtzean egiten du topo gerora bidelagun izango duen gizonarekin. Hark ama bilatzen lagunduko dio, baina nahiko modu xelebrean», kontatu du Gorrotxategik.

Fabulen tankera

Itzultzaileak berak azaldu duenez, oso estilo argian idatzita dago Jesusen haurtzaroa. Galdera asko egiten ditu idazleak eleberrian, eta gai ugari jorratzen ditu. Besteak beste, etorkinen gaia, hezkuntzarena, haurren heziketarena, guraso eta seme-alaben arteko harremanena. Idazkera aldetik fabula edo ipuin zaharren tankerakoa dela dio: «Oso baliabide gutxirekin asko iradokitzen saiatzen da». Horretarako indar berezia duen prosa bat erabiltzen duela gaineratu du. Baina gauza guztien gainetik, Coetzeeren nobelarik irekiena dela nabarmendu du Gorrotxategik: «Nobela irekia da, narratiboki gauza asko uzten ditu zehaztu gabe, eta bukaera bera ere nahiko irekia da».

Jesusen haurtzaroa izenburua badu ere Jesus ez da inon ageri, Gorrotxategik adierazi duen bezala, eta ez da Jesus izeneko protagonistarik ere. «Ez du zerikusirik denok ezagutzen dugun Bibliako Jesusen istorioarekin, baina, behin liburua irakurrita, haur horren istorioak Jesusen bizitzarekin hainbat lotura badituela ohartuko da irakurlea». Hain justu, Coetzeek liburua azal zuriz argitaratu nahi izan zuen, eta izenburua liburuaren amaieran jarri, baina editoreek utzi ez ziotela eta, protesta egin zuen urte hasieran nobela aurkeztu zuenean.

Euskarara itzultzen duten Coetzeeren bigarren lana da Jesusen haurtzaroa. Aurretik, Lotsaizuna euskaratu zuen Oskar Aranak, idazle hegoafrikarraren eleberririk ezagunenetarikoa. Gorrotxategik beharrezkoa ikusten du haren lanak euskaratzea, azken 20-30 urteetako idazlerik interesgarrienetakoa dela baitio, «interesgarriena ez bada».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude