Ikusmen nekatua zuzentzeko metodoak

Jabier Agirre / 2013-12-10 / 824 hitz

Presbizia dute 50 urtetik gorako ia pertsona guztiek. Begia zahartzearen ondorioz agertzen den degenerazio prozesua da presbizia. Lente konbexuek eta begiko kirurgiak ikusmena berreskuratzen lagunduko dute.

Gertutik ikusteko arazoak edukitzen hasten da jendea 40-45 urtetik aurrera, baita lehendik inolako ikusmen-arazorik eduki gabeko pertsonak ere. Irakurtzea, ordenagailuan lan egitea, idaztea eta antzeko jarduerak gero eta nekagarriagoak gertatzen dira, eta, gainera, buruko minak edo begietako narritadura agertuko dira. Hori guztia konpontzeko, hainbat aukera daude. Hasi gero eta erosoagoak diren betaurrekoetatik, eta kirurgia teknika sofistikatuetaraino.

Arrazoiak

Adinean aurrera joan ahala, begiko lente naturalak —kristalinoa da erretinaren eta irisaren artean dagoen lentea— elastikotasuna eta enfokatzeko gaitasuna galtzen ditu. Prozesu natural horren ondorioz, 0,5 dioptriarainokoa izan daiteke urteroko ikusmen galera, 65 urte inguruan erabat egonkortzen den arte.

Zer gertatzen da?

Akomodaziorako gaitasuna galtzean, begiak ez du gertura ongi enfokatzen. Aurrez inolako begietako akatsik ez zuten pertsonak eta urrutira gaizki ikusten zutenak —miopeak, alegia— beranduago konturatuko dira horretaz, eta galera arinagoa izango da. Lehendik hipermetropia zutenen kasuan, ordea, lehenago agertzeaz gain, presbizia gogorragoa izango da. Begiko nekearekin eta buruko minekin batera agertuko da. Astigmatismoa duten pertsonen kasuan, astigmatismo mailak erabakiko du. Miopikoa baldin bada, ez da hain gogorra izango; hipermetropikoa bada, aldiz, presbizia fuerteagoa izango da.

Egoera larriagotzen duten faktoreak

Badira denbora luzean hartuz gero presbizia lehenago agertzea ekar dezaketen zenbait botika: antihistaminiko batzuk, kortikoideak eta halakoak.

Presbizia ote da benetan?

Ondoren aipatuko diren sintomak lagungarri izango dira, pertsona batek ikusmen nekatua edo presbizia duen jakiteko.

Irakurtzeko zailtasunak. Letrak desitxuratu egiten dira, eta bata bestearen gainean ikusten dira, dantzan baleude bezala. Oso ohikoa da liburua edo egunkaria begietatik urruntzea hobeto irakurtzeko. Gainera, aurrez baino argi gehiago beharko da.

Ikusmen nekea. Irakurtzeko edo ordenagailuan lan egitekodenbora luze samar batez begirada finkatu ondoren, begiak nekatu egiten dira, eta urrutiko objektuak enfokatzea gehiago kostatzen da.

Buruko minak. Nahiko arruntak dira, batez ere lehendik hipermetropia edukiz gero.

Begietako molestiak. Begi-gorritasuna, mina eta malko jarioa izateko joera handiagoa.

Keinu bereziak. Begiak erdi-itxita edo bilduta edukitzea ere oso ohikoa da presbizia dutenen artean, gertuko gauzak hobeto enfokatzen saiatzeko.

Betaurrekoak aurreneko aukera

Ikusmen nekatuaren aurreneko sintomak sumatu bezain laster, medikuarengana joatea komeni da. Horrela, arazo hori duen pertsonaren bizi-kalitatea nabarmen hobetuko da.

Lente konbexuak edo lupak.

Bestelako ikusmen-akatsik ez badago, aski izaten da graduazio egokiko —1 eta 3 dioptria arteko graduazioa—lente konbexuak erabiltzea. Betaurrekoak erosterako, azterketa bat egitea komeni da, graduazioa zehazteko eta ikusmenarekin lotutako beste patologiarik ez dagoela ziurtatzeko.

Bifokalak

Pertsonak beste ikusmen-arazoren bat ere baldin badu, egin beharreko zuzenketak bi eratakoak izango dira. Horretarako daude lente bifokalak, bi zona diferentetan banatuak. Behekoak gertutik enfokatzeko edo irakurtzeko balio du; goiko partea, aldiz, urrutira ikusteko erabiltzen da. Lente horiek erabiltzen dituzten pertsonek zona egokitik begiratzen ohitu beharra daukate. Horren ondorioz, bifokalak deseroso samarrak gertatzen dira. Gainera, bi zatiak bereizten dituen marra nabarmenagatik, ez dira oso betaurreko estetikoak. Bi eragozpen horien ondorioz, apenas erabiltzen diren gaur egun.

Progresiboak

Aukerarik modernoena. Hiru zona edo eremutan daude banatuak: urrutikoa, tartekoa eta gertukoa. Baina itxuraz lente normalak dirudite. Izan ere, kristalean ez dago inolako zatiketa edo marrarik. Kalitatearen arabera, hainbat mota bereizten dira:

Oinarrizkoak. Aurrez aurreko ikusmen ona eskaintzen dute, baina objektuak distortsionatu samarrak ikusten dira.

Aurreratuak. Hauen ikuseremua zabalagoa da, eta, beraz, ikusmen askoz ere hobea eskaintzen dute.

Neurrikoak. Erabiltzailearen neurrietatik abiatuz fabrikatzen dira: pertsona bakoitzaren begien eta buruaren mugimenduak, pupilen diametroa eta abar kontuan hartuz, alegia.

Kirurgia, erabateko soluzioa

Duela oso urte gutxira arte, betaurrekoak ziren arazo hori konpontzeko irtenbide bakarra, baina, azken urteotan, begietako kirurgiak alternatiba eraginkor eta segurua eskaintzen du.

Laserra

Teknika kirurgiko honek kornearen kurbatura naturala aldatzeko modua ematen du.

Begi barruan lenteak inplantatzea

Presbiziaz gain, beste ikusmen-akats batzuk —hipermetropia edo astigmatismo altuak— daudenean, edo pertsonak jadanik begi lausoak edo kataratak dauzkanean, kirurgiarik egokiena begiaren barruan lente artifizial bat ezartzea da. Teknika horrekin, nahiko hondatua dagoen kristalinoaren ordez, ikusmen egokia ziurtatuko duen lente multifokal bat jartzen da begi barruan.

———————-
Zaindu begiak elikadurarekin

Ikusmena zaintzeko garrantzi handia dute jarraian azaltzen diren bitaminek eta mineralek. Horregatik, ez lirateke sekula falta beharko eguneroko jan neurrian.

A bitamina. Esnekietan, arrautzetan, azenarioan, brokolian eta abarretan aurkitzen den bitamina honen defizitak iluntasunean ikus zolitasuna gutxitzea eta begi konjuntibako lehortasuna dakar.

B2 bitamina. Ikusmenaren nekea arintzen laguntzen du. Haragitik, arrainetik, garagar-legamiatik, lekale integraletatik eta abarretik lortzen da.

C bitamina. Antioxidatzaile bikaina. Begi lausoak eta adinarekin lotua dagoen makulako endekapena jasateko arriskua gutxitzen du. Tomateak, zitrikoek, piperrek eta hosto berdeko barazkiek C bitamina ugari ematen dute.

Selenioa. Ikusmenaren funtzionamendua hobetzen du. Fruitu lehorretan, lekaleetan, frutetan, barazkietan eta arrainetan aurkitzen da.

Lutenina. Begiak eguzki izpietatik babesten ditu, eta kataratei aurre egiten die. Karotenoideen taldeko pigmentu bat da. Honen iturri nagusiak kalabaza, tomatea, piperra, artoa, letxuga, espinakak, arrautzaren gorringoa eta kiwiak dira.

Saihestu beharreko jakiak. Erradikal askeen ugalketak oso lotuak daude adinean aurrera joan ahala gertatzen den begiaren zahartze prozesuarekin. Hori gerta ez dadin, trans koipeak murriztu behar dira: opil industrialak eta aurrez prestatutako jakiak, batez ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude