Francesc Seres, idazlea: Zerbait berria bilatzen dut beti, irakurlea eta biok asper ez gaitezen

Ion Olano Carlos / 2014-03-09 / 1.126 hitz

Euskal Herrian izan da asteon Francesc Seres, Pasazaite argitaletxearen eskutik, ‘Hobe kontatzen ez badizut’ ipuin katalanen antologia aurkezten. Aragoitarra da sortzez, katalana mintzairaz, idazlea ogibidez.

Aragoiko (Espainia) herri batean sortu zen, eta han kokatu zituen bere lehen hiru liburuak. Gero Kataluniara joan zen ihesbide bila, eta baita Errusiara ere, asperduratik ihesi. Gaztea izanagatik, egungo literatura katalanean idazle sendoenetako bat da Francesc Seres Guillen (Saidi, Espainia. 1972). Joan den ostegunean Garoa liburu dendan izan zen, Zarautzen (Gipuzkoa), Pasazaiteren azken alea aurkezten: Hobe kontatzen ez badizut.

Nolako sentipena utzi dizu Zarauzko aurkezpenak?

Bada, oso ona. Han izan ziren Aritz [Galarraga] eta Gerardo [Markuleta], baita liburu dendako jendea ere. Ederki hartu ninduten, eta aurkezpena oso ondo joan zen. Izan ere, zenbait ikuspuntu azaldu genituen: antologoarena, itzultzailearena eta egileetako batena. Hartara, ikusmira zabalez azaldu ahal izan genuen zer-nolako garrantzia duen ipuingintzak egungo literatura katalanean. Gainera, esango nuke bertaratu zirenek ere oso ondo hartu zutela.

Antologiarako aukeraturiko zure hiru ipuinetan jende arrunta ageri da, kezka eta arazo arruntak dituztenak. Zure ipuingintzaren lagin adierazgarria dela uste duzu?

Bai. Uste dut antologoak helburuan jo duela; izan ere, sakon aztertu du hainbat egileren lana, eta, nire kasuan, konforme nago hautaketarekin. Ipuinetako jendeari buruz mintzatzeko, ez dakit arrunt hitza erabiliko nukeen, baina bai, beharbada, ohikoa. Ze, ipuinotan ageri direnak ohiko susmagarriak dira. Maite dut esamolde hori, erakusten baitu denok ezkutatzen dugula zerbait gure egunerokotasunean. Gauza arraroak, susmagarriak… hain zuzen, arruntzat jotzen ez direnak. Dudarik gabe, denok ditugu beldurrak, ziurgabetasunak, banitateak eta, finean, horrek egiten gaitu gizaki.

Hitz gutxitan azalduko al zeniguke, euskal irakurleoi, nola ikusten duzun egungo narratiba katalana?

Ea bada: begira jarrita, ikusten ditut irudi dinamikoak, ez finkoak. Nondik gatozen jakinda, ikus dezakegu zer gertatzen ari den orain, eta nora jo dezakegun. Urte asko eman ditugu berreskuratzen, normalizatzen, industria editoriala sendotzen, eta abar. Kakots artean esan genezake lortu dugula halako heldutasun moduko bat. Era berean, heldu gara besteekiko berdintasunera, kakots artean betiere. Alegia, orain geure kabuz azal dezakegu zein den gure mundua. Idazle katalanok elkarrizketan ari gara gainerako idazleekin. Dena den, aitortu behar dut galderak ihes egiten didala.

Zabalegia delako, jakina. Zure lanera itzulita, 2012ko Mossegar la poma da (Sagarrari ausiki) argitaratu duzun azkena. Aurkezpen testuak dioenez, ipuinotan amodioaz mintzo zara, eta haren bikote desamodioaz. Bereizezinak al dira?

Ez dakit… [barrez]. Tira, baietz esango nuke, baina zaila da horri buruz hitz egitea, pinpirinkerian erori gabe. Egun eta gau ari gara maitemintzen jendearekin, gauzekin, eta aldi berean desmaitemintzen. Liburu horretan argi ikusten da etengabe jorratzen ditugula estrategiak desamodioa uxatzeko; edo, bederen, hori erakusten saiatu nintzen.

Prentsarako idatzi ohi dituzu gaurkotasunezko iritzi artikuluak, eduki politiko esplizituz. Egungo kazetaritzari zelako ekarpena egin diezaioke idazketa literarioak?

Uste dut joan-etorriko bidea dela. Irakurleari iritzia zehatz-mehatz adierazi beharrak zera esan nahi du: diozunaz oso ziur egon behar duzula. Nik eduki politiko esplizituak ematen ditut, zinez; ihesbiderik gabe, bete-betean sartzen naiz ene testuetan. Esaterako, pentsatzen badut Kataluniak independente izan behar duela, hala adierazten dut, hedabidearen [El País] ildo editorialarekin bat ez badator ere. Badago gauza bat behintzat ikasi dudana: hobe dela ez pentsatzea zer ezin dudan esan. Denok izan dugu, noizbait, astakeria bat botatzeko tentazioa. Baina horrela esango al nuke? Erantzuna ezezkoa bada, hobe horretan ez pentsatzea. Estutze hori ere badago narratiban; gainera, argi dago literaturan mundua azaltzeko moduek eragiten dutela kazetaritzan. Ontzi komunikatuak dira, zentzurik hertsienean.

Contes russos (Ipuin errusiarrak) balizko idazle errusiarren antologia faltsu bat da. Proposamen berezia benetan, eta arriskatua. Zein asmoz idatzi zenuen?

Egiari zor, ordura arte egindakotik aldendu nahi nuen. Estreinako liburuak argitaratzean, kritikari askok aipatu zuten ene estiloa, bereizgarria balitz bezala, eta berezkoa. Ez dakit hala den; neurri batean bai, eta bestean ez. Hortaz, ipuinak idazten hasi nintzen, imitazioz, eta Errusian kokatu nituen. Nirekin zerikusirik ez zuten idazleak hautatu nituen, esaterako [J. D.] Salinger, eta haren ipuin baten egitura mantenduz, Errusiara lekualdatu nuen. Hamabost bat ipuin osatzean, editoreari bidali nizkion, eta hark berehala argitaratu nahi izan zituen. Ni zalantzatan geratu nintzen: liburua izenpetuko dut, ala ez? Urteak eman nituen lan horretan, 2002tik 2008ra, apurka-apurka, entrenamentu gisa, plazaratzeko asmorik gabe.

Kronika liburu berezia da, era berean, La matèria primera (Lehengaia). Elkarrizketatan oinarrituta, kontatzen duzu nola ateratzen duen jendeak bizimodua. Badoa galdera potoloa: prekarietatea berezkoa al da gizakiongan?

Ufa, ez dakit zer erantzun. Esan dezakedana zera da: badirudi pentsatzen dugula, une batetik aurrera, dena joango dela bere kabuz. Elkarrizketak egiten ari nintzela, ohartu nintzen ozta-ozta eutsita zegoela dena. Izan ere, dena zen prekarioa, baita prekarietatearen aurretik ere. Edo, hobeto esanda, are prekarioagoa zen orduan. Ekonomikoki sendoak ginela uste genuenean, orduan zegoen dena kolokan, egonkortasunik gabe. Lehen, klase ertainekoak uste zuen hori zela bere lekua, ez zegoela jaitsigailu sozialik. Bada, mundu osoan badagoenez, hemen ere badugu jaitsigailua, alafede!

Zure lehen ipuin liburuak, La força de gravetat-ek (Grabitatearen indarra), irakurle asko harritu zituen. Badirudi arriskua konstantea dela zure ibilbidean.

Arriskatua iruditzen zait arriskuaz hitz egitea. Ene ustez, gehiago du berrikuntzatik, arriskutik baino. Izan ere, zerbait berria bilatzen dut beti, irakurlea eta biok asper ez gaitezen. Arazo handi bat daukat horrekin: ez naiz asperdurari eusteko gai. Beharbada, pazientzia falta dudalako.

Trilogia sonatua izan da De fems i de marbres (Simaurrez eta marmolez), harrera aparta izan duena irakurle eta kritikari artean. Nola oroitzen dituzu lehen urrats haiek?

Oroiminez, hain ziren xaloak. Eta, batez ere, askatasun handikoak. Istorio haien ingurunea nik bakarrik ezagutzen nuen: neu nintzen jaun eta jabe! Ez nion inori konturik eman behar, nahi nuena esan nezakeen. Diotenez, denok daramagu liburu bat gure baitan. Nireak hiru ziren, baina bakarra zen. Hori botatakoan, bila jarraitu behar izan dut.

Katalunian egin zenituen Arte Eder eta Antropologia ikasketak. Horren aurretik, ba al zenuen idazle izateko asmorik?

Ez. Izatez, uste dut Arte Ederrak ikasten hasi nintzela ihes egiteko gogoa nuelako. Premia nuen mundu berriak ezagutzeko, ordura arteko guztia aldatzeko. Egia esan, ez naiz gauza sentitzen arrazoi argirik emateko. 18 urte nituelarik, den-dena nuen argi, arrazoiak izan ezik. Baina, beharbada, hasieratik uztartu nahi izan nituen bi kontu: ikasteko gogoa eta sormena.

Aragoiko herri batean sortu eta hazi zinen, hain justu, katalana mintzo den inguruan. LAPAO delakoari buruz, hobe galdetzen ez badizut, ezta?

Lasai asko galde dezakezu, noski. Hizkuntza pururik ez dago inon, denok mintzo gara idiolektoz, eta gurean, katalanez mintzo gara. Zorigaiztoko egitate bat da LAPAO, erakusten duena Aragoik ez duela inolako proiekturik, gaur-gaurkoz. Edozein pitokeria asmatzeko gai dira, soil-soilik, izutzen dituen hori ez aipatzearren: katalana!

————————

Katalanezko ipuin garaikideen antologia argitaratu du Pasazaitek

Juan Luis Zabala

Quim Monzo, Imma Monso, Sergi Pamies, Empar Moliner eta Francesc Seres dira narrazioen egileak

Quim Monzo, Imma Monso, Sergi Pamies, Empar Moliner eta Francesc Seres idazle katalanen hamalau ipuin jasotzen ditu Pasazaite argitaletxeak argitaratu duen Hobe kontatzen ez badidazu katalanezko ipuinen antologiak. Imma Monsoren bi narrazio daude liburuan, eta gainerako idazleenak hiruna. Aritz Galarragak, antologiaren prestatzaileak, bizirik diren egileen «azken urteetako ipuinak» hautatu ditu libururako, hitzaurrean dioenez, eta haiek euskaratzeaz Gerardo Markuleta arduratu da, Zazpi poeta katalan poesia antologiaren (Ibaizabal, 1997) itzultzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude