Saizarbitoria, exotismorik gabeko periferia berri baten bidea

Juan Luis Zabala / 2014-03-05 / 735 hitz

Ur Apalategik ‘Hamaika pauso, ‘Bihotz bi’ eta ‘Gorde nazazu lurpean’ aztertu ditu, frantsesez, saiakera batean.

Haren bigarren idazlealdia aztertuz, 1995etik 2000ra bitartekoa, Ramon Saizarbitoriak nortasun kultural periferikoari irtenbide berri bat aurkitu diola dio Ur Apalategi idazle eta Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak (Paris, 1972), Ramon Saizarbitoria. L’autre écrivain basque frantsesezko saiakeran (Ramon Saizarbitoria. Beste euskal idazlea), eta irizten dio Saizarbitoriak proposatutako irtenbide horrek gainditu egin duela Bernardo Atxagak euskal literatura nazioartera zabaltzeko sortu zuen «paradigma». Parisko L’Harmattan argitaletxeak plazaratu du liburua, 2000. urtean egile berak Bernardo Atxagaren ordura arteko obra aztertuz idatzi zuen saiakera kaleratu zuen argitaletxe berberak: La Naissance de l’écrivain basque. Évolution de la problématique littéraire de Bernardo Atxaga (Euskal idazlearen sorrera. Bernardo Atxagaren gai literarioaren eboluzioa). Bigarrenaren izenburuak iradokitzen duen moduan, bi liburuak elkarren osagarritzat ditu Apalategik.

Duela hamalau urteko saiakeran, Atxagaren ordura arteko ibilbide literarioa eta euskal literaturaren nazioartekotzea aztertu zituen Apalategik. Orain kaleratu duen saiakeran, erakusten du Saizarbitoriak (izenburuan l’autre écrivain izendatutakoak) nola jarri duen zalantzan Atxagak ezarritako paradigma, Saizarbitoriaren 1995 eta 2000 arteko hiru obra nagusiak aztertuz: Hamaika pauso (1995), Bihotz bi. Gerrako kronikak (1996) eta Gorde nazazu lurpean (2000).

«Atxagaren ibilbide literario harrigarriak eta horren atzean zegoen abentura intelektual gazi-gozoak euskal irakurle gisa geldialdi batean uzten ninduela sentitu nuen Atxagari buruzko lana bukatu nuenean», azaldu du Apalategik. «Atxagaren bitartez, munduratzen hasia zen euskal literatura, eta, horregatik, esker oneko nintzaion, noski. Baina, aldi berean, iruditzen zitzaidan bere liburuen bitartez munduratzen ari zen diskurtso euskalduna ez zela diskurtso zoriontsua, frustrazioz betea zegoela, nazioarteko sistema literarioak ez ziolako uzten beharbada nahi zuenaz eta nahi zuen moduan idazten. Iruditzen zitzaidan Atxaga hasia zela kanpotik eskatzen ziotena idazten, eta euskal irakurlea zela hiru aldeko harreman literario berri horretan osagai sakrifikatua».

Saizarbitoriaren obran, «geldialdi diskurtsibo horretatik irteten hasteko bidea» bilatu zuen. «Liburu hau bide hori da. Bide bat, nik neronek irakurle kritiko gisa egin dudana; baina bide bat, baita ere —eta hori frogatzen ahalegintzen naiz—, Saizarbitoria bera sortzen aritu dena urte horietan». Saizarbitoriaren 1995 eta 2000 arteko hiru nobelak «iniziazioko ibilbide gisa» ikusten ditu Apalategik. «Obra horietan, beretzako eta euskal literaturarentzako bide bila ikusten dut, testuinguru berri globalizatuan. Abentura intelektual miresgarria iruditzen zait, suspensez betea. Liburutik liburura bilakaera bat dago, eta egileak findu egiten ditu bere aukerak eta bere ikuspegia. Hori kontatzen saiatu naiz liburuan, nire irakurketaren bidez».

Bere pertsonaien bitartez, «nortasun kultural periferikoaz egin den gogoeta zintzo, gupidagabe eta sakonenetarikoa egin du Saizarbitoriak, hartara bere obrari dimentsio unibertsala emanez», Apalategiren ustez. «Autoironiaren bitartez, euskal nortasunaren tragikomedia intimoa behin eta berriro azalak bistan utziz, kulturalki periferiko sentitzen den ororentzat irtenbide posible berri bat eskaintzen du, norberaren exotikotasunaren derrigorrezko onarpenetik urrun. Postmodernismo globalak inposatzen duen jarrera likido eta onarbera gainditu egiten duen irtenbide neomoderno handinahi bezain zorrotza da Saizarbitoriarena». Horrenbestez, Atxagaren «paradigmari» sortu zaion «lehiakide sendoena» da Saizarbitoria. «Gure literaturaren eta nortasun nazionalaren definizioak daude jokoan bi autoreon obren arteko elkarrizketa gatazkatsuan».

Oraingoz, soilik frantsesez

Atxagari nahiz Saizarbitoriari buruzko liburuak, biak frantsesez argitaratuak, euskaratuta ere argitaratu nahiko lituzke Apalategik, baina ez du orain astirik itzulpenaz arduratzeko. Hala ere, nahiko luke finantzaketa lortu itzulpena eginarazteko. Zati batzuk, gainera, jatorriz euskaraz idatziak dira, eta horrek arindu egingo luke egin beharreko lana.

Saiakera izanagatik, nobela gisa irakur daiteke Apalategiren saiakera, Ibon Egaña literatur kritikariaren ustez. «Saizarbitoria da pertsonaia nagusia, eta haren inguruan egituratzen da analisi osoa, baina luxuzko sekundarioak ere badaude, Atxaga batez ere, eta baita Saizarbitoriaren nobeletako pertsonaiak ere. Saiakera honen ekarpenik garrantzitsuena da Saizarbitoriaren lanen irakurketa sakona egitea, baina, istorio nagusiaz gain, euskal literaturaren esparruaren azken hamarkadetako bilakaera osoa ulertzeko gako nagusiak ematen ditu: autonomia literarioa eta independentzia politikoaren tentsioa, merkatuarekiko liluraren eta literatura jasoaren arteko dialektika, euskal legitimazio instantzien eta Espainiako nahiz atzerriko legitimazio instantzien arteko talka, euskal literaturaren nazioartekotzearen eta euskal irakurlearen arteko gatazka…».

«Apalategiren lanak, Joseba Gabilondorenarekin batera, begiak zabaldu dizkigu bati baino gehiagori», aitortu du Iñaki Aldekoa editore eta literatur ikerlariak. «Biek, jardun edo ildo berean, testutik harago begiratuz, ekarpen handia egin diote euskal literatur kritikagintzari». Apalategiren lanak «Saizarbitoriaren obraren koherentzia eta batasuna erakusten du», irakurle gehienei oharkabean pasatutako elementu askoren berri emanez, eta geruza ezkutuak agerian jarriz.

————————–

Saizarbitoria eta Atxaga, euskal irakurlea bereganatzeko lehian

Apalategik Saizarbitoriaren Bihotz bi. Gerrako kronikak nobelaz egiten duen interpretazioaren arabera, Saizarbitoriak, Atxagak eta euskal irakurleak osatutakoaren metafora bat da nobela horretako narratzaileak, Adolfo izeneko pertsonaiak eta narratzailearen emazte Florak osatzen duten triangelua. Obra hori aztertzean, Adolfo-Atxaga izendatzen du liburuko Adolfo pertsonaia. Apalategik interpretazio hori sinesgarri egiten duten elementu ugari erakusten du azterketan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude