Gotikoen apetak

Imanol Mercero / 2014-06-29 / 190 hitz

  • Izenburua: Ada Goth eta sagu mamua
  • Egilea: Chris Ridell
  • Itzultzailea: Aitor Arana
  • Argitaletxea: Ibaizabal

Estetika gotikoa maite duten irakurleen apetak asetzeko-edo, liburu gutiziagarrien alde egiten du obra honek.

Osorik kolore more, zuri eta beltzarekin egina dago.

Dena da gotikoa, (haurren gotikoa?) berrehun eta hogei orrialde pasa dituen eleberri honetan. Ilustrazioak orrialde guztietan agertzen dira, handi ala txikiak, jauregiekin, banpiroekin, landare txundigarriz hornitutako lorategi sekretuekin eta konta ezin ahala objektu eta pertsonaiekin.

Esan dut, eleberri bat da. Haur irakurleentzako eleberri bat, luzea eta, beraz, irakurle saiatuentzako bereziki gomendagarria. Ala agian ez. Baloratu egin behar da ea haurra ase geldituko den amaierara arte irakurri gabe, ea irudiak eta gainerakoak ederretsiz haurrak plazer hartuko duen, nahiz eta jakin ez dela eleberria amaitzeko gai izango.

Bidenabar esan behar da testuak hari soil bat eskaintzen duela, ia gorabeherarik gabekoa, luzea eta pertsonaia ugarikoa, protagonistaren eta bere etxearen inguruan josia. Atal bakoitzeko gertakari xumeek osatzen dute ibilbidea, ia beti pertsonaia berri baten aurkezpena izaten dena.

Bistan da, gutxien inporta duena amaierara iristea da. Liburua zein orritatik zabaltzen dugun ere, segur aski, ez du inporta. Eta ez dakit hori ona ala txarra den. Besterik gabe, horrela da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude