‘Best-seller’-en antipodetan

Juan Luis Zabala / 2014-11-27 / 492 hitz

Samuel Becketten ‘Molloy’ eleberria argitaratu du Meettok argitaletxeak, Gerardo Markuletak egindako itzulpenean.
Egilearen narratibako obrarik ezagunenetako bat da.

«Molloy eleberri erraza behintzat ez da», adierazi zuen atzo Gerardo Markuletak, Samuel Becketten Molloy nobelaren euskarazko itzulpena aurkeztean; Meettok argitaletxeak kaleratu berri baitu euskarazko bertsioa, Markuletak egindako itzulpenean. «Molloy literatura zorrotz, estu eta exigentea da irakurleekin, eta antipodetan dago ohiko best seller batetik. Gertakizunek, intrigak, anekdotek… ez dute garrantzi handirik. Eszena ederrak eta gogoangarriak daude, baina ez da hori inportanteena. Inportanteena da idaztearen, hitz egitearen ezintasuna, inpotentzia islatzea. Molloy, protagonista eta narratzailea, oso tipo berezia da, eta bere adierazpide ohikoena hauxe da: ‘Hura horrela gertatu zen’; ‘Ez dakit hura horrela gertatu ote zen’; eta aurrerago: ‘Hura ez zen horrela gertatu’».

Antzerkigile moduan ezagunagoa den arren, narratiba ere gogotik landu zuen Samuel Beckettek (Dublin, 1906-Paris, 1989), eta Molloy, Malone meurt eta L’innommable eleberriek osatutako trilogia du arlo horretako ekarpen ezagunena. 1950ean Beckettek kontratua sinatu zuen Jerome Lindon Les Editions de Minuit argitaletxeko editorearekin trilogia osorik argitaratzeko. «Testuaren edertasun izugarriak berehala harrapatu ninduen», idatzi zuen Lindonek, Molloy-z ari zela. «Ordu gutxi batzuetan irakurri nuen, lehenago sekula testu bat irakurri ez nuen moduan. Argitaratu gabeko eskuizkribu bat zen, eta hainbat editorek errefusatua. Ezin nuen sinetsi». Kontratua sinatu ostean, ohartarazpen gordina egin zion Beckettek Lindoni: «Zure argitaletxeak erreka joko du seguru».

Molloy eleberriak bi zati ditu, ondo bereiziak, Markuletak azaldu duenez. «Lehenengoan, Molloy bera da narratzaile. Etxegabe bat da. Ez dakigu zein adin daukan; zaharra dela bai. Batzuetan bere izenaz ere ahaztu egiten da. Ia-ia ezin da ibili, baina makuluekin eta bizikletarekin moldatzen da. Amaren etxera iristea du obsesio, eta oso harreman berezia du amarekin. Ama itsua eta gorra denez, kolpeka komunikatzen da amarekin, ukabilkadaka. Behin Poliziarekin egiten du talka Molloyk; beste batean, txakur bat harrapatzen du bizikletarekin, eta txakurraren jabeak bere etxean hartzen du denboraldi baterako… Esaldiak, pasarteak ageriko zentzurik gabe kateatzen dira. Adierazi nahi dena da Molloy izeneko eskale alderrai horren barne munduaren kaosa, barne bakarrizketaren haustura, noraez bortitza, hizkuntzaren ezintasuna… Absurdoaren teatroak zeuzkan helburu berberak».

Absurdoa berriro

Bigarren zatian Moran da protagonista eta narratzailea. «Ez dakigu detektibea den, polizia den, edo agente sekretua… Molloy aurkitzeko enkargua egiten diote. Semearekin abiatzen da Molloyren bila. Hasieran etxe-jabe kristau zintzo eta serioa bazen ere, pixkanaka Molloyren izaera bereganatzen du. Nobela bukatzean, ez dago oso argi Moran Molloy den. Baina ez dauka zentzurik Moran Molloyren bila abiatzeak, Moran Molloy izanda. Halako bukle bat sortzen da, eta berriro ere absurdoan geratzen gara».

50 liburutik gora itzuli ditu Markuletak, eta Molloy da, dioenez, guztien artean gehien sufriarazi diona. «Luzeragatik, obsesioengatik, zehaztasun ezagatik, eta narratzailearekin enpatia izateko ezintasun erabatekoarengatik. Nire itxaropena da itzultzeak niri eragin didan oinazea irakurlearentzat plazer literario bihurtzea. Eta nire beldurra da editore jaunak ez ote didan proposatuko trilogia osoaren euskarazko itzulpena bukatzeko». Oraingoz ez dute horretarako asmorik ez Ramon Etxebeste Meettokeko arduradunak eta ez Markuletak berak.

Euskarara itzulitako Becketten bigarren liburu osoa da Molloy. Lehena Godoten esperoan antzerki lana izan zen, Juan Garziak euskaratu eta Alberdaniak 2001ean plazaratua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude