Dimentsio mugikorra

Gorka Julio / 2015-02-26 / 266 hitz

Informazio kudeaketa ezinbesteko gaitasun digital batean bihurtu da. Informazioa eskuratu eta antolatzeko garaian gero eta tresna gehiago ditugu, nahiz eta gutxi erabili. Orain horri guztiari, mugikor bidezko kontsumoari, dimentsio mugikorrari alegia, begiratu beharko diogu.

Informazio kudeaketa egoki baterako badira tresna ugari, hiru aipatuko ditugu bakarrik: jario irakurgailuak, lotura antolatzaileak eta sare sozialen kudeaketarako tresnak. Beren aurrekariekin alderatuz, horiek dimentsio mugikorra ere kontutan hartzen dute. Hau da, gailu mugikorretan erabili eta kontsumitzeko pentsatuak daude.

Jario irakurgailuek, nahi baino gutxiago erabili izan diren arren, oso tresna baliagarria izaten jarraitzen dute, informazioaren kudeaketa egoki bat egin nahi dutenentzat. Bakoitzak aukeratutako jarioak dituzten albiste iturrietara harpidetu eta informazioa bertan jasotzea oso aukera erakargarria da. Feedly (http://feedly.com) da zerbitzu moduan dagoen aukera interesgarri bat; software libreko tresnen artean: Tiny Tiny RSS (http://tt-rss.org).

Lotura antolatzaile asko dago, baina gutxiago dira hori era egoki eta erakargarrian egiten dutenak. Tresna horiek irakurri ez ditugun eta irakurri nahi ditugun loturak gordetzeko, antolatzeko eta biltegiratzeko balio dute. Normalean sarean aurkitutako artikuluak beranduago irakurtzeko erabili ohi dira askotan. Pocket da horietako zerbitzu bat. Software librean Wallabag bezalako proiektu interesgarriak daude.

Bukatzeko, sare sozialetatik informazio uholde handi bat jasotzen dugu eta askotan baita elkarreragin ere. Interesatzen zaizkigun gaiak jarraitu, kontu ezberdinak kudeatu edota jarraitzen ditugun pertsonak hobe kudeatzeko sare sozialek beraiek eskainitako tresnez gain, badira beste asko ere. Oso ezaguna da Hootsuite (http://hootsuite.com) zerbitzua, adibidez.

Laster nagusi izango den dimentsio mugikorrak informazioaren kudeaketaz gain, informazioa zerbitzatzen duten proiektuetan ere gogoeta sakonak eragingo ditu proiektu berezituak sortuz. Olatua hartuz, Mugikaria (Android / iOS) sortu berri dute (http://sustatu. eus/1424770280). Egunero bi ediziotan, euskaraz sarean sortzen diren albisteez informazioa jasoko duena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude