Ohatzeko hitz magikoak

Ainhoa Sarasola / 2015-04-01 / 666 hitz

‘Gaueko entziklopedia koxkorra’ kaleratu du 2princesesbarbudes talde katalanak, haurren begiradatik gauari lotutako hitzak, hotsak eta giroak biltzen dituen disko liburu ilustratua.

Eguzkia ezkutatzean, eguna amaitzearekin bat, beste mundu bat sortzen da inguruan: gauaren eremua da, iluntasunarena, magiarena nahi bada. Are gehiago haurraren begietatik; ametsen, pijamen, burkoen, ipuinen eta panpinen erreinuan sartzen den une berezia da harentzat. Gauari lotutako hitzak ez ezik, gaueko giro horrek iradokitzen zizkien hotsak eta doinuak ere bildu zituzten Kataluniako 2princesesbarbudes taldeko musikariek Enciclopèdia baixeta de la nit lanean, eta, orain, euskarara ekarri dute disko liburua, Gaueko entziklopedia koxkorra izenburupean. Ilustrazioz jositako liburu batek eta jostailuzko instrumentuekin sortutako hamahiru pop kantuk osatzen dute lana. Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin kaleratu dute, eta ikuskizun modura ere erakusten ari dira Herrialde Katalanetan. Ekain aldera Euskal Herrian ere taularatu ahalko dutela iragarri dute taldekideek, Gasteizen ziurrenik.

Helena Casas eta Marc Marce dira bi printzesa bizardunak. «Musika koxkorra» egiten dutela azaldu du Casasek (musica baixeta, katalanez), «ume koxkorrei begirakoa baita, era leun edo goxo batean sortua». Erabiltzen dituzten musika tresnak ere halakoxeak dira, koxkorrak. Bikotearen lehen semea jaio zenean jostailuzko tresna ugari oparitu zizkietela azaldu du Casasek, eta horiek erabili dituztela beren musika ontzeko: piano txiki bat, akordeoi txiki bat, jostailuzko tinbal bat, panderotxoak, karilloiak, minitronpetak, txintxarriak, txirulak, «estutuz gero ñigi ñigi eta halako soinutxoak» egiten dituzten beldar nahiz tximeleta formako perkusio tresna txikiak… «Musika soila da, gauza gutxirekin sortua. Ez dugu bateria batekin edo ordenagailu batekin aritu nahi izan… Uste dut maiz haurrentzako musika pixka bat basatia dela, gehiegi asaldatzen dituela…». Doinu goxoak eta erritmo leunak nahastu dituzte, hortaz, baina hautu horren atzean ez dagoela asmo pedagogikorik ere zehaztu du. «Ez dugu batere moralistak, didaktikoak edota pedagogikoak izan nahi, musika hezitzailearen topikoari ihes egin nahi izan diogu. Gure asmo bakarra da poesia dibertigarria egitea, polita, gauza txikiak izatea, besterik gabe».

«Zeinen ederra den gaua! / Lo aurreko ipuinen antzera / Zoragarria da gaua / xagu txiki bat dator kuku egitera». Halako poesia txikiz josita daude kantu guztiak. Gauari kantatzea erabaki zuten, «askorako» ematen duela iritzita, eta gai bakoitzari «beste buelta bat» eman nahian aritu ziren hitzak sortzen. «Horri edo besteari buruz zer esan genezakeen gogoeta egin, eta prosan idazten genituen hitzak». Bestelako forma ematen zieten gero idatzi horiei, «argiak eta ulergarriak izateko asmoz betiere, baina txepelkerian erori gabe». Melodiak, berriz, gitarrekin eta ahotsekin frogak egiten hasiz sortzen dituzte.

Pop doinuak atera zaizkie oro har, baina musika tradizionalaren eta bestelako estiloen eraginak nahastea ere maite dute.

Kantuei ez ezik, disko liburuaren diseinuari ere garrantzi handia eman diote printzesa bizardunek. Casasek ondu ditu liburuko ilustrazio guztiak, eta artisau kutsu handiko lana izan da emaitza. Proiektuari ikuskizun forma ere eman zioten, eta Kataluniako antzoki txiki, haur eskola zein bestelako guneetan ibili izan dira hura eskaintzen. Clown-a, antzerkia eta musika nahasten dituzte ikuskizunean, eta haurrentzat jotzea oso atsegingarria dela dio Casasek: «Oso esker oneko publikoa dira». Eszenografia ere asko zaintzen dute ikuskizunean; lanparatxoak, musika tresnak, altzariak… haurren eta gauaren munduan murgiltzen dute ikuslea.

Tapia eta Lujanbio lagun

Aspalditik dabiltza Casas eta Marce musikaren munduan, musika tradizionalarenean batez ere. Pomada taldeko kide izan zen Casas, eta Conxita taldean elkarrekin aritu ziren biak gero. Orain arte, ordea, ez zuten inoiz haurrei begirako proposamenik landu. Ipar Kataluniako eskolei laguntzeko disko batean parte hartu zuten, jostailuzko tresnekin sortutako kanta batekin, eta soka horri tiraka jarraitu zuten. Cançons i rimetes (2011) izan zen ildo berri horretan plazaratu zuten lehen lana; katalanezko kantu tradizionalen bertsioak ondu zituzten ordukoan, pop estiloan eta jostailuzko musika tresnekin. Haren ondotik iritsi zen Enciclopèdia baixeta de la nit, eta euskarazko bertsioa ondoren. Hirugarren lantzat ere har liteke azken hori, abestiak euskaratu baino gehiago, berreraiki egin dituztela esan baitaiteke.

«Filologia katalana ikasi nuenean, euskara ikasgaitzat aukeratu nuen, eta gerora Hizkuntza Eskolan ikasten jarraitu nuen, Ainhoa Aranburu irakaslearekin». Aranbururen «meritua» izan da, Casasen ustez, lana euskaraz kaleratu izana. Eta haren bidez parte hartu dute diskoko hainbat kantutan Maialen Lujanbiok eta Joseba Tapiak —Ondoloin kantuaren hitzak idatzi eta kantatu ditu Lujanbiok, eta Iluntzean, Asmakizunak, Saguxarra zein Ondoloin kantuetan abestu edo soinu txikia jo du Tapiak—.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.