Belaunaldi bizi baten orbainak

Oihan Vitoria / 2015-09-06 / 933 hitz

Hizki larriz giltzapetua dago drogaren itzala herritar frankoren akorduan. Denborak jazotakoaren arrastoa zertxobait lausotu badu ere, ez du estali heroinak eragindakoaren aztarna sakona, eta gaur egunera ailegatu dira triskantzaren zauriak.

Drogen fenomenoa berria zen Euskal Herrian indartsu sartu zenean. Trantsizio garaiaren ostean agertu zen, eta 1970eko hamarkadaren hondarretan nahiz 1980koaren hasieran zabaldu zen lau haizeetara. Urte apurtzaileak ziren, gordinak. Frankismoko zentsura garai ilunak atzean laga berritan, gauza berriak probatzeari ekiteko sasoia zen: liluragatik, batzuetan; ezjakintasunagatik, besteetan.

Hala barreiatu zen droga inguruotan, etenik gabe ia, egunerokoa bete-betean baldintzatzeraino. Ezpata buruaren gainean izatera ohituta, legerik eza gailendu zen orduko gazteengan, eta koktel lehergarria osatu zuten askok.

Nekeza da oso heroinak 1980ko hamarkadaren bueltan egindako sarraskiaren neurria zehatz-mehatz kalkulatzea. Izugarrizko sarraskia gertatu zen urte horietan, belaunaldi oso batek pairatu eta maiz oharkabean igaro zena, tragedia gertutik jasan zuten familia eta hurkoentzako izan ezik. Heriotza horiek normalean ez zuten tokirik hedabideetan, eta familia dezentek isilpean, beldurrez, gorde zuten hondamendiaren larria.

Nafarroako Sakana eta Iruñea, Gipuzkoako Arrasate, Errenteria, Hernani, Irun eta Pasaia, Bilboko eta Donostiako aldirietako auzoak (Otxarkoaga, Altza, Herrera…) eta Bizkaiko Ezkerraldea. Ugariak izan ziren zigortutako udalerriak. Dozenaka gazte kutsatu ziren, eta horietako zenbait ez ziren sekula heroinara katigatuta egon: noizbehinkako kontsumitzaileak baino ez ziren. GIB birusa harrapatu zuten, nolanahi ere, eta 1990etik aurrera, ia egunerokoak izan ziren heriotzak: Arrasaten, Errenterian, Pasaian, Irunen eta Bermeon, esaterako, kuadrilla osoak suntsitu ziren drogaren erruz.

Heroinaren agerpena, alabaina, ez zen egun batetik besterako kontua izan: baliabideak zituzten gazteek lehendik kontsumitzen zuten. Ordukoa, dena dela, «droga garbia eta ongi prestaturikoa» zen, Hies Ekimena elkarteko presidenteorde Domi Kortak (Zestoa, Gipuzkoa, 1945) kontatu duenez.

Eragozpenak gero iritsi ziren, beste substantzia batzuekin nahasteari ekin ziotenean, galtzeko ezer ez zutelakoan. «Zikinkeriaz beteta eta moztuta ematen zieten droga: aspirinekin, talkoarekin, arratoientzako pozoiarekin…».

Asko eta asko orduan gaixotu ziren; bata bestearen atzetik, oldean ia. «Xiringak fundamentuz erabiltzen ere ez zekiten gehientsuenek, eta maiz lehertzen zituzten zainak. Jasangaitza zen ikustea». Kortak uste du, halere, psikikoki zirela drogaren menpeko, ez hainbeste «fisikoki». Zergatik? «Jende asko Guardia Zibilaren zerbitzura zegoelako». Kortaren aburuz, gazte guztiak zeuzkaten kontrolpean. «Izan droga kontsumitzaileak, matxinoak eta euren aliatuak zirenak. Eta geure seme-alabak drogen mendekoak ziren heinean, zoritxarrez edozer egin zezaketen haiekin. Edozer».

Xiringak partekatzearen ondorioz kutsatzen ziren gehientsuenak. Iñaki Ortiz arrasatearra izan zen haietako bat, Domi Kortaren bost seme-alabetatik gazteena. Nekeza egin zitzaion etxean egoera asimilatzea. «Drogaren eragina hain agerikoa zenean, zaila zen atzera egitea». Dirua falta zitzaiola ohartzen hasi zen gero. «Gauza baliotsurik ez izatea zen egin genezakeena; era batera edo bestera moldatzen zen droga erosteko».

22 urte eskasekin atzeman zioten hiesaren gaitza Ortizi, eta, erizainek bizpahiru hilabete baizik ez zuela iraungo esanda ere, zortzi urtez eutsi zion birusari; 30 urterekin hil zen, 1995ean, hiesak jota. Ortizen kasua, halere, ez zen salbuespena izan. Kortak zehaztu du bere lagun taldea osatzen zuten hogei kideetatik bi besterik ez dela geratzen bizirik. Aitor Arsuaga (Arrasate, Gipuzkoa, 1963) da, justuki, haietako bat: «Kontsumitzeko premia genuen guztiok partekatzen genuen xiringa, eta horrela kutsatu ginen». Xiringak lurrean botata ikustea ohikoa zela oroitu du: «Drogen gotorleku bihurtu ziren toki batzuk».

Musikaren eragin «zitala»

Semeari hiesa detektatu ziotenetik lan eskerga egin du Kortak eritasun hori duten gaixoen alde. Besteak beste, droga kontsumitzen zuten tokira joaten hasi zen. «Farmazietan ez zietenez ematen, ni hasi nintzen haientzat xiringak eta preserbatiboak eskuratzen: droga kontsumitzen bazuten, garbi kontsumi zezaten».

Mehatxu hark ez zituen salbuetsi urte horietan Euskal Herrian loratu zen punk musikaren olatu hartako taldeak. Kontrakoa: hildako musikarien zerrendari erreparatuta, badirudi giro horretan murgildu zirenek nozitu zutela bereziki heroinaren zartada. Gasteizko Cicatriz musika talde mitikoak, kasurako, kide guztiak galdu zituen heroinaren ondorioz. Natxo Etxebarrieta abeslariaren amak, Tati Jimenezek, musikak eragin «zitala» eduki zuela deritzo: «Ingalaterrako taldeak zituzten eredu; hona etortzean, iruditu zitzaien hori zela bizitzeko era».

Urria eta kontraesanezkoa zen garai hartan «modu traketsean» hedatzen zen informazioa, eta berez larria zen arazoa are gehiago larriagotu zen 1984an hiesa agertzean. Ezer gutxi zekien Kortak gaitzaz: «Tarteka iristen zitzaizkigun AEBetako kasuak; finean, baina, zer zen ere ez genekien».

Drogaren erabilera politikoa

Errua, batik bat, gay eta lesbianei eta prostitutei leporatzen zitzaiela gogorarazi du Kortak. Baina uste zabaldu horrekin ez zegoen konforme, eta hiesaren «egia» azaleratzeko bideari ekin zion, bi aldiz pentsatu gabe, Jon Salaberri lagun minarekin. «Geure kabuz jardutea zen aukera bakarra». Eta ez zen bestela izan: buru-belarri aritu ziren datuak nonahi biltzen.

Euskal disidentzia erabat suntsitzeko, aginte polizialen konplizitatearekiko eta drogaren erabilera politikoarekiko mamua hor egon da beti. Eta ez ziren horretara mugatu: Donostiako elkarte batekin lankidetzan, heroinaren jatorriari erreparatzeari ekin zioten. Kortaren arabera, «mundu guztiak» zekien nola ailegatzen zen droga Euskal Herrira, baina nolabait frogatu beharra zegoen.

Gazteek drogak samurregi lortzen zituztelako kezkatuta, gaiari heldu zioten, eta gogotik bota behar izan zuten izerdia fruituak erdiesteko: «Guardia Zibila zegoen atzean». Donostiako Intxaurrondo auzoko kuartelaren buru Enrique Rodriguez Galindo, hain zuzen ere. «Espero bezala, hura zen erantzulea», ziurtatu du Kortak.

Agiri guztiak, «desagertuta»

Ahoz ahokotik harago, poliziak inputa zitzaketen frogak lortu zituzten: besteak beste, Galindoren emaztea Gasteiztik Madrilera arteko prostituzio etxeen jabea zela, eta handik banatzen zuela droga. Informazioa eskuratu, dokumentazioa prestatu, eta kostata, baina, azkenean, helarazi zizkioten agiriak Espainiako fiskal nagusiari. «Pentsa, ez geneuzkan sosak ere gastatu genituen horretarako». Hilabeteak pasatu ziren, baina ez zuten erantzunik jaso. Fiskalarekin jarri ziren orduan hartu-emanean, etsi-etsian. Espero gabeko kolpea jaso zuten: «Galindori buruzko agiriak fiskalaren bulegotik desagertu zirela esan ziguten».

Berriz hastera derrigortu zituzten. «Dokumentazio osoa berriro bildu behar genuela agindu ziguten». Erabat lur jota geratu ziren; ezin zuten sinetsi. Baina, hain zen handia «egia» bistaratzeko obsesioa, koba ilun horretan murgiltzea otu zitzaien, asmoei eutsita. Berdin gertatu zitzaien, hala ere: «Parez pare itxi zizkiguten ateak, eta, hortik aurrera, jazarri egin ziguten: joaten ginen tokira joaten ginela, jarraitu egiten gintuzten».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude