Gurpila

Angel Erro / 2015-10-04 / 165 hitz

Bada modu bat hiriak gizatiarragoak egiteko: bizikleta. Nire azken bidaian, lehen aldiz, bizikleta bat alokatu nuen hirian barna ibiltzeko. Amonak ere bizikletaz ibiltzen diren hiri batean bizikletaz ibiltzeak hiria beste modu batera ikusarazten dizu. Orain arte bizikletaz bakarrik bizi izan naizen hirietan ibili naizelako izanen da, baina hala sentitu nuen, bi gurpilen gainean eta nire ohiko urrats narrasez libre, hiri hori nireago egiten nuela.

Hemendik aurrera bisitatuko ditudan hirietan —egun batzuez herritar izanen nautenetan— aldapa gora eginen zait uneren batean bizikleta ez hartzea. Horregatik, hain zuzen, erdi oharkabean edo, hiri lauak baino ez zaizkit bururatzen hurrengo bidaiak, oraindik urrunak, pentsatzen hasita, bizikleta eraman edo bertan alokatzeko errazago. Adibidez, Kopenhage; oinez ezagutzen dudan arren, orain batere ez ezagutzearen irudipenak jotzen bainau.

Egiten dudan lotura ez da hain ausazkoa. Danimarkako hiriburuak izena eman dio —eta dirua ere bai, udalak ikertze proiektua finantzatu baitzuen— gurpil bati, edozein bizikleta elektriko bilakatzen duen gurpil bati. Ederra behar du zeure hiria munduko lehen asmakizunari lotuta egoteak, eta ez… Utz dezagun hor.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude