Kritikarako aukeran EHUn

Josu Amezaga / 2017-03-21 / 580 hitz

Herri Unibertsitateak gonbidatuta nire saioa amaitu nuenean paradoxa bat planteatu nuen han zeuden gazteen aurrean: saio hura ez zen HUrako propio prestatua; ohiko eskoletan egiten dudan zerbait aukeratu baino ez nuen egin. Eta ohiko eskola horiek «ikasleei eredu heteropatriarkal, kapitalista eta espainola irentsarazten dien EHUn» bertan egiten ditut.

Horra paradoxa: saioa ohiko eskoletan egiten dudanean irentsarazlea da, eta HUn egiten dudanean kritikoa? Gazteetako batek ebatzi zuen paradoxa: «Zure saioa berbera da, gure jarrera da ezberdina; hona izpiritu kritikoarekin gatoz, ohiko eskoletara ez, ordea». Bat nator ni ere unibertsitate kritikoaren ideiarekin, eta oraindik lan handia egin behar dugu gure ohiko eskolak horretarako espazio izan daitezen. Alabaina, ikasleen mugimendutik azken hilabeteetan zabaldu diren zenbait kontsignak EHUn horretarako aukerarik ez dagoela ebazten dute. Etsai bezala hartua eta tratatua izan da, bere kontraesanak lehertzera jokatu da, eskaintzen dituen aukerak baliatzera baino gehiago.

EHUk herri proiektu baterako asko eman dezakeelakoan idatzita daude lerro hauek.

Heteropatriarkala da EHU? Gizartea da heteropatriarkala, eta jendarteko praktika askok eredu hori birsortzen dute. Unibertsitatean bezala unibertsitatearen aurkako borrokan ere. Baina eredu hori gainditzera bideratutako praktikak ere ugariak dira EHUn. Errektorea emakumea da; Gobernu Batzordean erdiak emakumeak; langileen %49 emakumeak. Aldea egon badago emakume eta gizonen arteko soldatetan: %4ko aldea irakasle eta ikertzaileen artean (langileen hiru laurden), eta %9koa zerbitzuetako langileen artean; betiere gure inguruko gizartean baino dezente apalagoa (EAEn %24koa).

Kapitalista da EHU? Aurrekoan bezala, EHUn ere eguneroko ogia dira praktika kapitalistak, gure eguneroko bizimoduan beste. Enpresekin egiten da lan, bai; baina mezu iraultzaileak zabaltzeko erabiltzen diren Twitter, Facebook edo Youtube ere ez dira, zerbait esatearren, GKE gobernuz kanpoko erakundeak. Enpresatik at ere, beste askorekin egiten da lan EHUn: jendarteko eragileekin doktorego tesiak egiteko Zabalduz programan (beste toki batzuetan doktorego industriala deitzen dena) tesien heren bat GKE edo erakunde publikoekin batera eginak dira. Unibertsitatea-gizartea ikerketa proiektuetarako deialdian ere (beste toki batzuetan unibertsitatea-enpresa deitzen dena) laurden bat GKE eta antzekoekin egiten dira. Hori ez da kasualitatea: bertako langile askok jendartea aldatu nahi duten eragileekin duten konpromiso eta harreman mailaren fruitu dira.

Espainola da EHU? Nortasun Agiriak hala dio. Baina bertan matrikulatzen diren ikasle berrien erdiak baino gehiago euskal lerroan matrikulatzen dira (horrekin konforme ez, eta euskarazko matrikulazioa igotzeko kanpaina prestatzen ari da orain). Aurreko urtean 109 irakasle jubilatu ziren, eta 107 irakasle berri kontratatu, horietatik 104 euskaldunak. Goirizelaiak kargua hartu zuenean irakasleen %37 ziren euskaldunak, eta utzi zuenean, %54. Aginte organo nagusia den Gobernu Kontseiluko bileretan euskara gehiago egiten da gaztelania baino.

Kritika eta aldaketarako espazio hauek zabaltzea ez da erraza izan. Jaurlaritzak ez du EHU maite (iaz 307 milioi euro eman zizkion, AHTari baino 44 gutxiago). Espainiako lege eta arauek estu hartzen dute. Boloniako itunak baldintza zorrotzak ezartzen ditu (bidenabar esanda, Boloniatik gaur bertan irten gaitezke; baina une horretatik aurrera EHUk emango lituzkeen tituluek ez lukete balio ofizialik izango, akademia baten parekoak lirateke: mesede egingo ote lioke horrek euskal unibertsitate sistema bati?).

Gauza asko dago egiteke: hemen emandako datuak modu negatiboan irakurtzea nahikoa da horretaz ohartzeko. Bestetik, gauza batzuetan atzera egin dugu: ikerkuntza ebaluatzeko presioari eusten, adibidez, ez dugu asmatu, eta horrek euskarazko produkzio zientifikoari kalte egin dio.

Hutsuneak hutsune, jarduera kritikorako espazioa ere bada gaur egungo EHU, eta horretan ari dira langile ugari. Errektore hauteskundeetarako hautagaitza bakarra osatu izana bertako indar korrelazioaren aldaketa positiboaren seinale izan da. Kontraesanak baditu, jakina. Auzia da kontraesan horiekin nola jokatu: puztu, leherrarazi arte, gauza askotan proiektu bera partekatzen dugunon arteko borroka elkarren suntsitzaile batera joaz; edo mugimenduaren eta erakundearen arteko elkarlana bilatu, nork bere izaerari eutsiz eta ezinbestean gertatuko den tentsioa aberasgarri bihurtuz. Horixe nahi nuen transmititu HUn planteatutako paradoxaren bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude