Haurdunaldi subrogatua: bai edo ez?

Nagore Vega / 2017-04-11 / 494 hitz

Azkenaldian pil-pilean dabilen gaia da haurdunaldi edo gestazio subrogatuarena, bai hedabidetan zein gizartean bertan. Eztabaida pizten du. Nik neronek ere ez daukat batere argi alde edo kontra nagoen. Bi aldetan topa ditzaket konbentzi nazaketen argudioak. Horregatik, nagusi diren bi jarrerak, aldekoa zein kontrakoa, defendatzen dituztenak irakurtzen jarri naiz.

Edozertan hasi baino lehen argitu beharko dugu zeri deitzen zaion haurdunaldi subrogatua. Oso ondo azaltzen du Gotzon Hermosillak Berrian: “Lagundutako ugalketa teknika da haurdunaldi subrogatua, hainbat herrialdetan legezkoa dena eta beste askotan, Espainiako Estatuan esaterako, legez kanpo dagoena. Beste zenbait sistematan bezala, enbrioia in vitro lortzen da bikotekideen zein emaileen hazia eta obuluak erabilita, baina gero enbrioia beste emakume baten uteroan garatzen da erditzea iritsi arte. Horregatik, bide horretara jo dezakete uteroa osorik edo partzialki galdu duten emakumeek, bai eta bestelako gaixotasunen bat tarteko —bihotzeko arazoak, minbizi mota batzuk eta abar— haurdun gelditzeak emakumearen bizia arriskuan jar dezakeenean ere. Gainera, bikotekiderik gabeko gizonezkoek eta bikote homosexualek seme-alabak edukitzea ahalbidetzen duen teknika bakarra da”. Orain artesabelordekoak edo alokairuko sabelak (edota labe-emakumeak)  bezelako esamoldeak erabiltzen genituen gauza bera esateko, baina aldeko jarrera dutenek ez dituzte gustuko.

Ikus ditzakegun aldeko eta kontrako argumentuak, hurrenez hurren.

Alde

Haurdunaldi subrogatuaren aldeko jarrera dutenek elkartasuna eta maitasuna nabarmentzen dituzte. Guraso izan ezin duten horiekiko elkartasuna, laguntzeko asmoa. Eskuzabaltasuna, alegia. Maitatzeko gaitasuna ere garrantzitsutzat dute.

Adopzio prozesuak oso luzeak direla argudiatzen dute, eta irtenbidea hau izan daitekeela.

Edota heterosexual zein homosexualentzat aukera bakarra dela biologikoki guraso izateko.

Erregulatuta dagoen herrialdeetan garantia guztiekin egiten dela diote: gestantearentzat, haurrarentzat, gurasoentzat…

Kontra

Momentuz, baliabide ekonomiko dezente dituztenek bakarrik lor dezakete prozesua aurrera eramatea, Espainiako Estatutik kanpo, noski. Horrek eragiten du kasu batzuetan beste bide batzuetara jotzea, eta horrek garantia guztiak ez dizkie bermatzen, ez gurasoei, ez haurdun dagoen emakumeari, ezta haurrari berari ere. Izan ere, zenbait emakumek egoera ekonomiko latza dutelako egiten dute, ez eskuzabaltasun edo maitasunagatik.

Kontrako jarrera dutenek emakumeak instrumentalizatzea dela salatzen dute, “ontzi” edo “labe” soil bihurtzea, alegia: “Norbaitek organoen salerosketa kondenatu eta hau onartzen badu, azalpena bakarra da: emakumeekiko desprezio historikoa, baita euren gorputzekiko ere”. Haurdun geratzen den emakumearen osasunarentzat ondorioak asko izan litezke, eta txarrak. Hau,adibidez.

Horrez gain, aintzat hartu behar dugu guraso izatea ez dela oinarriko eskubide bat.

Zer gailentzen da?

Guraso izateko nahia? Emakumeek euren gorputzarekin nahi dutena egitekoa?

Guraso izateko beharra, emakumeok gure gorputzaren gainean ditugun eskubideen gainetik?

Baina, emakumeek prozesu honetarako gorputzak eskaini nahi badituzte, eta erabaki hori modu kontzientean eta informatuan hartzen badute: ez dira helduak euren askatasun indibiduala gauzatzen? Nor gara gu hori oztopatzeko?

Nik ez daukat argi. Dakidan gauza bakarra da gurera ere iritsi dela gaia eta mahai gainean dagoela. Gurasotasun baimena emango die, esaterako, Jaurlaritzak haurdunaldi subrogatuaren bidezko gurasoei. Hori bai, ez da eztabaidaren funtsean sartuko: “Jada existitzen den errealitate batera egokitu nahi ditugu ordaindutako baimenak”. Hala ere, haurdunaldi subrogatua arautzekotan, “ahalik eta adostasun zabalenarekin” egin beharko dutela dio. Horretarako, beharrezkotzat jo du eztabaida “zabal eta serioa” egitea.

Zein iritzi duzue zuek? Denak balio du? Lagunduko didazue argitzen? Mila esker!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.