Jakin gabe ere, dagoeneko etorkizunean bizi gara

Sustatu.eus / 2017-04-05 / 327 hitz

Nabarmena da aldaketa teknologikoak gero eta bizkorrago gauzatzen direla. Azken 50-60 urteotan izugarri azkartu den prozesua da; are gehiago azken 20-30 urte hauetan. Atzo bertakoak dira ondorengo hiru albisteak:

Gure belaunaldikook ezagutu dugun mundua betirako ari da aldatzen. Jaun-andreok, etorkizuna inauguratuta geratu da!

Hain da bizkorra teknologia berrietan gauzatzen ari diren aldaketak, konturatzeko astirik ere ez digula ematen. 1900-1920 bitartean jaiotako belaunaldiak ez luke ezagutuko gaur egungo mundua. Baina 1960-1980 bitartean jaiotakoak ere, beste mundu batean bizi dira dagoeneko, horren jakitun izan gabe ere.

Atzokoak dira goian aipatutako hiru berriak; dagoeneko etorkizunean bizi garela baieztatzen diguten albisteak:

  1. Atzotik, Teslak (kotxe elektrikoak ekoizten dituen enpresa berri-berriak) Ford erraldoiak baino gehiago balio du burtsan. Horrekin lotuta, Europako herrialde eta hiriburu gehienak dagoeneko hasi dira gasolina-kotxeen aurkako araudiak ezartzen. Kotxe elektrikoen iraultza hemen dago (baita kotxe autonomoena ere), eta horrek gure hirien itxura eta egitura ere aldatuko ditu, Sustatun bertan duela hilabete batzuk iragarri genuen bezala.
  2. 2017ko martxoan, Android izan da mundu mailan gehien erabili den Sistema Eragilea, lehenengoz Windows gaindituz. 20 urteko ia erabateko monopolioaren ondoren, Windowsek ordenagailuen eta Interneten lidergoa galdu du (duela aste batzuk iragarri genuen hori ere Sustatun). Paradigma aldaketa baten erakusgarri: denok dugu smartphonea, denok gaude konektatu, uneoro. Gure begien aurrean gertatu den beste iraultza ikaragarri bat.
  3. Netflix eta Holloywoodeko arduradun nagusiak negoziatzen ari dira, pelikula estreinatu berriak hilabete eskasera Netflixen ikusi ahal izateko. 100 urte inguru dituzten beste 2 ekoizpen-modu ere goitik behera aldatu dira, edo aldatzen ari dira: zine eta telebista kontsumoa dagoeneko Interneteko plataformen bidez egiten da. Agur zinema-areto klasikoei; agur telebista-kontsumo ohikoari. Pelikula eta telesailen kontsumoa, epe labur-laburrera, Interneteko plataformen bidez egingo da ia erabat: NetflixHBO, Rakuten-Waaki, AmazonPremium,… edota Youtube Red.

Etorkizunean gaudela ziurtatzeko beste kontu bat bakarrik falta da: espazioaren konkista. Eta hor ere, iragarritakoa betetzen bada, 2018an bidaliko da lehenengo turista espaziala ilargira, eta Marterako bidaiak ere laster ikusiko omen ditugu.

Jaun-andreok, etorkizuna inauguratuta geratu da!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude