Oxigenorik ez irlanderarentzat

Samara Velte / 2017-12-22 / 1371 hitz

Irlandako gaelikoa berezko hiztunik gabe geratzen ari da. Hala erakusten du argitaratu berri den errolda linguistikoak: ‘gaeltacht’ arnasguneetan, %11 egin du behera erabilerak. Ezagutza handitu arren, hiztun gehienentzat eskolako hizkuntza baizik ez da. Antzeko kezka du euskalgintzak ere.

Nork ikasiko du berezko hiztunik ez daukan hizkuntza bat?». Galdera gordinarekin deskribatu du Conchur O Giollagain ikerlariak Irlandako gaelikoaren egoera. Eskoziako Skye irlako unibertsitateko irakaslea da, gaelikoa biziberritzeko ikerketa institutuko zuzendaria, eta kezkaz begiratzen die argitaratu berri diren datu soziolinguistikoei: Irlandako Errepublikan, hizkuntza dakitenen ehunekoa igotzen ari da, baina erabilera, amiltzen. Areago: arnasguneetan, %11 jaitsi da azken bost urteotan.

Gaur egun, hegoaldeko 1,7 milioi irlandar dira gai bertako hizkuntzan solastatzeko; biztanle guztien %37 inguru. Erabili, ordea, soilik %1,5ek erabiltzen dute egunero. «Zaila da datuok interpretatzea; izan ere, irlanderaz hitz egiten dutela dioten 1,7 milioi horietako gehienentzat eskolan ikasitako hizkuntza bat da, edo Irlandako hizkuntza eta kulturarekiko atxikimendu inspirazional bat adierazi nahi dute hori esanda», uste du O Giollagainek.

Zabaldu bai, erabili ez

Irlanda hegoaldean estatu independentea eratuz geroztik (1921), hainbat ahalegin egin ditu gobernuak bertako hizkuntza berpizteko. Gaur egun, administrazioko zenbait eremutara sartu da, eta derrigorrezkoa da bigarren hezkuntzako azken ikasturtera arte. Ondorioz, asko handitu da hiztun potentzialen kopurua. «Duela ehun urte, 600.000 hiztun bakarrik geratzen ziren», ekarri du gogora Conradh Na Gaelige erakundeko Julian de Spainnek, baina paradoxa nagusi bat nabarmendu du: «Gaur egun, ia bi milioi dira gai hitz egiteko, baina soilik 60.000 dira berezko hiztunak. Horrek esan nahi du ezagutza hazi egin dela, baina hiztun natibo gutxiago dauzkagula». O Giollagainen ustez, hizkuntz politika «inozoek» arreta handiegia ipini dute eremu arautuetan —hezkuntzan eta administrazioan—, eta albo batera utzi dituzte arnasguneak, hizkuntza modu naturalean garatzen eta transmititzen den eremuak. «Ikasten ari zirenak lehenetsi dituzte, eta ez dituzte ulertu berezko hiztun komunitateen beharrak». O Giollagainen ustez, «fikzioa» da pentsatzea hizkuntza ikasi dutenen kopuruak oreka dezakeela berezko hizkuntz komunitateetan gertatzen ari den higadura. «Irlandan, hizkuntz politikari buruzko eztabaidak Klingonen aroan sartzen ari dira», nabarmendu du, Star Trek-eko humanoideei erreferentzia eginez: «Artifizialki antolatutako inguruneetan hitz egin daitekeen hizkuntza bat, baina ez errealitate sozial batean».

Arnasguneak, lehentasun?

Gaeltacht esaten zaie irlanderaren arnasguneei. «Tradizionalki eta etenik gabe gaelikoz hitz egin ohi den guneak dira», argitu du De Spainnek. Orain, ordea, gune horietan ere beherantz doaz ezagutza eta erabilera: %63 dira gai gaelikoz aritzeko —duela bost urte baino bost puntu gutxiago—, eta soilik bostetik batek erabiltzen du egunero. «Irlanderaren hizkuntz eskubide eta politikak berberak dira leku guztietan, baina gaeltacht-etan hiztun taldearen errealitatea aintzat hartu gabe sartu dituzte indarrean», uste du O Giollagainek, eta hizkuntz politika «neoliberala» egitea egotzi die errepublikako orain arteko gobernuei: «Hiztunek norbanako gisa lor dezaketenak babes morala jasoko du, baina ez dira onartzen zailtasun sozialei erantzuteko ekinbide kolektiboak».

Arnasguneen inguruko kezka hori Euskal Herrian ere badago, hemen ere behera egin baitu euskararen erabilerak gune euskaldunenetan —datu gisa: Euskal Herrian, euskararen ezagutza %80koa edo handiagoa den guneak hartzen dira arnasgunetzat; Irlandan, aldiz, %60an dago langa—. Azterketa soziolinguistiko eta kaleko erabileraren neurketa berrienen arabera, %88tik %79ra jaitsi da euskaldunen kopurua gune horietan hamabost urtean, eta hiru puntu egin du behera erabilerak.

Txanponak badu beste aurpegi bat, ordea: gune erdaldunak euskaldundu egin dira, eta bertako erabilera ez da arnasguneetan bezainbeste jaitsi. Eta horietan bizi da «herritarren gehien-gehiengoa», Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko teknikariak nabarmendu duenez. «Hizkuntza batek bere funtzioak betetzeko eremu territorial batzuk izatea garrantzitsua da», azaldu du. Gune geografiko hertsiak baizik, izan daitezke gune erdaldunen barruko eremu estrategikoak; Bilboko Kafe Antzokiaren inguruko komunitatea, adibidez. «Horrek, ordea, arriskua dakar pentsatzeko badirela gune paradisiako batzuk eta horietan salbatuko dugula hizkuntza», ohartarazi du: «Ez, hain zuzen: gaur egungo gizarte ereduan, hiztunak ez dira euren herrian geratzen». Oso arrunta da herri euskaldunetako jendea besteetara joan-etorri ibiltzea. Ondorioz, ustezko paradisu horiek ez dira existitzen: «Inportantea da arnasguneak zaintzea eta interbentzio praktiketan kontuan izatea, baina kontuan izanda oso bulnerableak direla mugikortasun aldetik». Arnasguneak eremu erdaldunak bezain estrategikoak direla nabarmendu du: «Batzuetan, badirudi lehentasun izan behar dutela, eta ez nuke hala esango».

Euskal Herrian, gune erdaldunen artean sakabanatuta eta haiekiko etengabeko kontaktuan daude arnasguneak. Irlandan, ordea, mendebaldeko kostan daude gaeltacht gehienak. «Urrutiko eskualdeak dira, langabezia eta emigrazio tasa handiak dituztenak», azaldu du De Spainnek. Bat dator O Giollagain: «Estatuak landa garapeneko agenda bat sustatu zuen gaeltacht-en testuinguru geografikoan, baina ez zion atentziorik ipini hizkuntza planifikazioari». Gune horietako gazte ugarik hiriburuetara jotzen du ikastera edo lanera. «Ipar Euskal Herriko arnasguneetan ere gertatzen da hori», nabarmendu du Altunak, baina gogorarazi du haietan erabilera handiagoa neurtu dutela azken urteotan.

Eskolako hizkuntza

Hemendik hamarkada batera «ahalik eta hiztun elebidun gehien egotea» da Irlandako Gobernuaren asmoa, Irlanderaren 2010-2030erako Estrategian jasota dagoenez: hezkuntza sistematik kanpoko erabiltzaileen kopurua 83.000tik 250.000ra igotzea, eta gaeltacht-etako erabiltzaileena %25 handitzea. Oraingoz, kontrako norabidean doaz biak.

Estrategia orriari begiratuta, aise ondoriozta liteke haurrengan eta eremu ofizialetan dagoela gobernuaren lehentasuna: agiriak zerrendatzen dituen hamahiru helburutatik, zazpi dagozkie hezkuntza, hedabide eta administrazio esparruei. Izan ere, Irlandan, Euskal Herrian bezalaxe, haurrak dira berezko hizkuntzan alfabetatuenak, baina haien artean ere, gehienak hobeto moldatzen dira hizkuntza hegemonikoan. Dublingo gobernuaren estrategia orriaren arabera, 1985etik 2002ra %36 eta %40 artean jaitsi zen irlanderaz komunikatzeko maila egokia zeukaten ikasleen kopurua. Ikerketa egin zutenean —2007an—, ondorioztatu zuten lehen hezkuntzako ikasgelen erdietan soilik irakasten zela irlandera «modu on edo oso onean», eta, aldiz, hiru ikasgelatik batean irakasleek ingelesa erabiltzen zutela irlandera erakusteko.

Ikastetxetik kanpo, hizkuntza ez da ia erabiltzen; haur eta lehen hezkuntzako irakasleen artean ere, %7k baino ez dute gaelikoz hitz egiten lanetik kanpo. Altunari ez zaio oharkabean pasatu irlanderaren erabilera neurtzeko sistema hori: «Erroldak bereizi egiten ditu eskolako erabilera eta eskolaz kanpokoa, hain zuzen, jabetzen direlako irlanderaren ezagutza batez ere hezkuntzan derrigortuta etorri dela». Gaelikoaren adin piramidea nabarmendu du: «Duela 28 urte inguru arte, galtzen ari zen hizkuntza; umeek ez zekiten». Gero «erreakzio» bat egon zen, eta, harrezkero, adin txikienetakoak dira, batez ere, irlanderaz dakitenak.

Euskal Herrian ere hezkuntza eta administrazioa dira gehien euskaldundu diren eremuak. Aldaketa ez da izan Irlandan bezain azkarra, baina erabilera sozialaren beherakada ez da gaelikoarena bezain dramatikoa. «Eskola eta eremu formala neurtzen ditugun bakoitzean, gorakada sumatzen dugu», azaldu du Altunak. «Informalean ez da hazi, baina ez da Irlandakoa bezala: han eskolaz kanpo ez du ia inork hitz egiten».

Bi kasuetan argi geratu da ezagutzak soilik ez duela erabilera bermatzen. «Kaleko erabilera informala da, espontaneoa, inongo interbentziorik ez duena», azaldu du Altunak: «Administrazioan esku hartze bat dago, baina kalean norberari ateratzen zaiona da. Hor oso inportantea da norberak daukan jarioa, hizkuntza hegemonikoarekiko daukan gaitasun erlatibo hori». Herritarrak hobeto moldatzen badira gaztelaniaz, nekez erabiliko dute euskara aisialdian. Beste arrisku bat ere ikusten dio Altunak euskara eskolako hizkuntza bihurtzeari: «Eskolatik datozen hiztunak irabazten ditugu, baina haren iruditerian zera geratzen da: ‘Hizkuntza hau gauza batzuetarako da’. Uste dut Irlandan hori gertatu dela: hitz egiten da, baina eskola eremuan. Gero kanpora ateratzen zara, eta hizkuntza horrek ez dauka bere lekua, edo ez du balio».

Euskalgintzan ere kezka hori zabaldu da azken urteotan. «Ustez euskaldun kopurua hazita etorriko zen bere horretan erabilera, eta kaleko neurketak erakutsi du ez dela hala gertatu. Eremu batzuetan bai, baina lagun artean erdararako joera handia dago». Eusko Jaurlaritzak egiten duen Arrue ikerketa ekarri du gogora Altunak: hark hizkuntz ohiturez galdetzen die haurrei. Emaitza argia da: «Erabilera handiena gela barruan dago; gero, eskolako jolastokian; gero aisialdian —erdi araututako espazioan—; eta, azkenik, kalean».

Aldaketa demografikoak

Gaelikoa eta euskara, biak dira hizkuntza hegemoniko baten erdian euren espazioa zabaltzeko borrokan bizi diren hizkuntzak. Baina gauza bera ote da gaztelaniarekin eta ingelesarekin lehiatzea? «Alde batetik, bai», uste du Altunak: «Azkenean, hizkuntza gutxiagotu batean norberak egin behar du hautu pertsonal bat, eta horretan faktore pila bat sartzen dira: lehen aipatutako gaitasun erlatiboa, hizkuntza horrek duen prestigioa, seme-alabei zer eman nahi diezun…». O Giollagainen ustez, baldintza horiek ez dira betetzen irlandar gazteen kasuan: «Gune natiboetan, hiztunen dentsitatea jaitsi egin da; haurtzaroko eraginak, etxe gaelikoetan ere, ingelesez betetzen ari dira; eta gazteen arteko sozializaziorako hizkuntza ingelesa da».

Altunak ohartarazi du aldaketa demografikoei ere erreparatu behar litzaiekeela. «Irlandako hiztun kopurua proportzioan igo da, baina kopuru absolututan jaitsi. Interesgarria litzateke hemen ere proiekzio bat egitea: berezko hazkuntza tasak nola jarraituko du Euskal Herrian, eta zenbat euskaldun izango ditugu?». Zahartzen ari den gizarte batean arreta gazteen joeretan soilik jartzea hankamotz geratzea dela uste du: «Orain gutxiago entzuten da euskara kalean duela hamar urte baino. Gero esaten da: ‘Jakina, baina haur eta gazteen erabilerak gora egin du, eta hori inportantea da’. Bai, baina hemen benetako masa helduena da, eta izango da aurrerantzean ere».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude