Higgs bosoiaren mota zehazteko

Amaia Portugal / 2013-03-21 / 362 hitz

Talkagailuak aurreko astean emandako datu berriek berretsi egin dituzte aurkitutako partikulari buruz ikertzaileek zituzten aurreikuspenak.

Higgs bosoia behar du izan. Baina Eredu Estandarrarekin bat egiten duen Higgs bosoi hori bera al da? Edo izan al daiteke bestelako bat? Bildutako datu berrienei esker, Ikerketa Nuklearrerako Europako Zentroko (CERN) ikertzaileek berretsi egin dituzte iazko uztailean aurkeztu zuten partikularen inguruan zeuden susmo sendoak. Bai eta galdera berriak mahaigaineratu ere.

Topatutako partikula Higgs bosoia izatetik gertuago dagoela adierazi zuten joan den astean CERNeko ikertzaileek. Albistearen eraginaz jakitun, kontu handiz egiten dituzte halako adierazpenak, baina funtsean baietz esan nahi du horrek, Higgs bosoia dela. Hadroien Talkagailu Handia izeneko makina erraldoian egindako lanari esker aurkitu zituzten partikularen arrastoak, eta iazko udan haien susmoen berri eman zutenean, aurreko udaberrira arte bildutako datuak zituzten esku artean. Joan den asteko adierazpenek, aldiz, ordutik aurrera bildutako datu berriagoen babesa dute.

Higgs bosoiak bi propietate esanguratsu ditu: paritate positiboa eta spinik ez. Azken hori bereziki deigarria da: partikularen ardatzaren inguruko biraketarekin du zerikusia, eta oinarrizko partikula guztiek dute, honek izan ezik. Datu berrienek berretsi dute uztailean aurkeztutako partikulak bi baldintzok betetzen dituela. Lehen zalantza txikia bazuten, orain are txikiagoa. Ikertzaileek galdera berri bat dute orain, ordea: Peter Higgsek eta enparauek 60ko hamarkadan maila teorikoan proposatutako bosoi mota hori bera al da? Egon al daiteke mota bat baino gehiago eta hau bestelako bat izan?

Gaur egun partikulen fisikan egiten den ikerketa Eredu Estandarraren teorian oinarrituta dago. Materiaren askotariko osagaiek elkarren artean nola jokatzen duten azaltzen du. Bertan, Higgs bosoia proposatzen da galdera honen erantzunaren gako gisa: nondik dator masa? Peter Higgsen proposamenaren arabera, badago partikulak moteldu eta horiei masa ematen dien eremu bat, eta horrela sortzen da unibertsoko materia. Higgs eremua litzateke hori, eta Higgs bosoia, eremu horri zentzua ematen dion osagaia.

Litekeena da, baina, aurkitutako partikula ez izatea Eredu Estandarreko Higgs bosoi arrunta. Esaterako, teoria batzuen arabera, bosoi horren aldaera bat baino gehiago egon daitezke, eta litekeena da horietako batzuek partikulen fisikaren are galdera zailagoei erantzutea. Esaterako, oraindik ere misterio hutsa den materia ilunaren jatorriari. Hori argitzeak luze joko du, ordea. Hadroien Talkagailu Handiak bi urteko etenaldia hasi berri du, eta hura berriz martxan jarri eta datu gehiago bildu arte itxaron beharko da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude