Atacamako basamortuan desagertuen bila

Estibalitz Ezkerra / 2013-04-07 / 694 hitz

Oraindik ere, sakona da diktaduraren marka Hegoamerikako zenbait herrialdetan, eta haren eraginari buruzko lan interesgarriak idatzi dira Argentinan eta Txilen.

Diktaduren marka sakona da, oraindik ere, Amerikako Hegoaldeko Konoa deritzon eremuan. Tortura eta atxiloketa gune klandestinoen zerrenda luzatuz doa urtetik urtera, eta Egia eta Justizia komisioek erregimen militarren izugarrikerien testigantzak biltzen jarraitzen dute, tragediaren dimentsioa ondo kalkulatu (eta ulertu) nahian. Justiziari begira, ordea, salbuespen bat edo beste kenduta, ez da aurrerapauso handirik egon. Salbuespenen artean, aipatzekoa da 2009ko abenduan Argentinan Armadaren Goi Mailako Mekanika Eskolan aritu zirenen kontra hasi zen epaiketa. Esma esaten diote, herrialdeko atxiloketa, tortura eta hilketa zentrorik handiena izateagatik, Argentinako Auschwitz izendapena jaso zuen guneak. Baina aipatu epaiketa Argentinan denen ahotan zebilen bitartean, Txileko Gobernuak Esmeralda itsasontzi-eskola Bicentenario estropadara bidali zuen, aintzat hartu gabe ontzi horixe tortura gune gisa erabili izan zutela Augusto Pinocheten erregimenaren pean.

Nostalgia de la luz (2010) dokumentalean Patricio Guzmanek azaltzen duenez, arkeologia eta astronomiarekiko interes handia dute Txilen. Duela milaka urte jazotakoa jakiteko irrika bizia dute txiletarrek. Gertuko historia, baina, orain dela hamarkada batzuk gertaturikoa, nahiago dute ahaztu. Baina desagertuen amek gogoan dituzte diktadura urteak. Are gehiago, haientzat orainaldia ez da existitzen, iragana oraindik gainditu gabe dagoelako. Desagertuen amentzat ez da orainaldirik egongo galdu zituzten senideei gertatu zitzaiena, haien gorpuen kokalekua, zehazki zein den argitzen ez den bitartean. Erregimenaren kolaboratzaile izandakoek diote itsasora bota zituztela gorpuak, sarraskiaren aztarnarik ez uzteko. Baina ez dago jakiterik erabat egia ote den hori. Atacamako basamortuan hainbat gorpu, oso zein zatikatu, agertu dira azken urteetan; baina eremua hain da zabala eta informazioa hain urria, ez baitago zehazterik gorpu guztiak han ote dauden. Hala ere, desagertuen amak Atacamara joaten dira egunero, munduko eremu idor zabalena bilakatzen duten 105.000 kilometro koadroetan senide galduaren aztarnaren bat aurkitzeko itxaropenarekin.

Paradoxikoki, lurralde horretan bertan, beste bi sarraski gertatu ziren duela mende batzuk. Lehenengoa, indigenena izan zen; bigarrena, tokiko gatzagetan lan egiten zuten lagunena. Langile horiek, beren lan baldintza eskasengatik egin zuten protestan (1907) galdu zuten bizia. Haiei buruz mintzo da Hernan Rivera Letelierren Santa María de las flores negras (2002). Guzmanen dokumentalean parte hartzen duen arkeologo batek esaten duen bezala, bidegabekeriak salatzeko orduan, bat ezin da gertakari bakar batera mugatu. Memoriaren demokrazia lortu nahi bada, sarraski guztiak kontuan hartu behar dira. Maiz, kokaleku berean gertatzen dira. Atacamako basamortuan.

Pilar Colveirok Argentinako kontzentrazio esparruen gainean idatzitako liburuan —egilea bera haietako batean preso egon zen— esaten du torturatzaileak ez zirela munstroak. Haiek sortutako estatu makineriaren parte ziren, zeinaren bitartez heriotza burokratizatu, ohiko bihurtu eta naturalizatu zuten. «Desagerpenak eragin zituzten gizonak gu bezalakoak ziren; gizarte honetako gizon arruntak ziren. Horra hor drama. Gizarte osoa izan da biktima eta biktimatzaile; gizarte osoak jasan zuen jazarpena, eta, aldi berean, erantzukizun bat du gertatu zen hartan», dio Colveirok.

Bazterreko kontua oraindik

Diktadurak Argentinan eragindako desagertuen gaineko literaturak lan interesgarriak eman ditu. Haien artean daude Mario Benedettiren Primavera con una esquina rota (1982), Elsa Osorioren A veinte años, Luz (1998), Ricardo Pigliaren Respiración artificial (1980) zein Marcelo Figuerasen Kamchatka (2003). Txileren kasuan, oraindik bazterreko kontua da Pinocheten erregimenaren gainean zuzenean idaztea, baina ahaleginak egon egon dira arlo horretan. Agian, kasurik ezagunena Ariel Dorfmanen La muerte y la doncella (1990; Herioa eta dontzeila euskaraz, Fito Rodriguezek itzulia) da. Demokraziarako trantsizio garaian kokaturik dagoen lan honetan, ezustean egingo du topo bere torturatzailearekin diktadura militarraren garaian torturatua izan zen emakume batek, bere senarra dela tarteko. Diktadura ondorengo lehen hilabeteak dira, Txileko kostaldeko leku zehaztugabe batean, nahiz eta diktadurapetik irten berri den beste edozein herrialdetan koka litekeen istorioa. Jorge Edwardsen El sueño de la historia (2000), berriz, diktadurako azken urteak ditu eztabaidagai testuinguru zabalago batean. Hain zuzen ere, gertuko historiaz gain, nobelak Txileren sorrera uneari erreparatzen dio, independentzia garaitik hona herrialdean gertatu diren bidegabekeriak aintzat hartuz. Bien bitartean, Pedro Lemebelen De perlas y cicatrices (1988) kronika bilduman testu gogor eta hunkigarri batekin topo egiten dugu. Radio Tierra kateko Cancionero saiorako idatzitako kroniken artean, bada Carmen Gloria Quintana (o una página quemada en la feria del libro) izeneko bat, Pinocheten diktaduraren biktimetako bati buruzkoa. Carmen Gloria Quintana izena zuen, hain zuzen, erregimenaren kontrako agerraldi batean patruila militar batek erre zuen emakume gazteak. Erasotik bizirik atera ahal izan zen neska, eta txiletarrak pairatzen ari ziren jazarpenaren sinbolo bihurtu zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.