XXI. mendeko esklaboak

Samara Velte / 2013-10-18 / 1.022 hitz

Mauritanian, diru truke eros daitezke pertsonak; Europan, etxeko zerbitzuetan kateatzen dituzte langileak. Estatu gehienek esklabotzaren aurkako itunak sinatu arren, ia 30 milioik dihardute lan behartuetan.

Haitin, landa guneko familia behartsuek ezer gutxi eskain diezaiekete seme-alabei: ez daitezela etxean geratu, ahal bada. Halakoetan, herria uzteko edozein eskaintza da ongi etorria. Egun batean, klase ertaineko gizon edo emakume bat agertzen da etxean, eta semea edo alaba apopilo hartzea proposatzen du. Batzuetan dirua ere egoten da tarteko, baina gehienetan familiek nahikoa dute promesarekin: haurrak bizimodu hobea izango du hirian, etxeko lanak egitearen truke. Errealitatea bestelakoa izaten da, ordea: hamar haurretik bati baldintza gizagabeetan lan eginarazten diote, eta gehienak ez dira egunero eskolara joaten. Ohiturari restavek deitzen diote —frantsesezko rest avec-etik, «norbaitekin gelditu»—, eta «esklabotza berriak» hartu dituen formetako bat da, Walk Free fundazioaren arabera.

Giza eskubideen aldeko Australiako erakunde horrek argitaratu berri du Munduko Esklabotzaren Txostena. Hor dioenez, mundu osoan 29,8 milioi pertsona bizi dira esklabotzazko baldintzetan. Ez soilik lanari dagokionez: Walk Freeren arabera, «beste pertsona batez jabetzea edo hura kontrolatzea» da esklabotza, «hari bere askatasun indibiduala nabarmen kentzeko moduan». Pertsona hori erabili nahi izatea, eta horretarako «indarkeriara edo indarkeria mehatxuetara» jotzea ere bada. Horregatik, giza esplotazioaren hainbat forma aztertu ditu erakundeak. Batetik, esklabotza bera, «beste pertsona bat jabegoa balitz bezala tratatzea: erosi, trukatu edo suntsitu ahal bailitzan»; eta bestetik, lan behartua, «onespenik gabe eginarazia». Ezkontza behartuak eta haurren esplotazioa ere hartu dituzte kontuan.

Denera 162 estatu aztertu ditu. Ez soilik zein neurritan gertatzen diren giza eskubideen urraketa horiek: gobernuek hartu beharreko neurrien inguruko balorazioa ere egin du, eta esklabotza murrizteko gomendioak ere badakartza txostenak. «Gobernu askok ez dute gogoko izango esango dieguna», azaldu du Nick Grono Walk Freeko zuzendariak.

Pertsona gehienentzat, esklabotzan erortzeko arriskua oso txikia da, baina munduko leku batzuetan «larritzeko modukoa» da. Kasuen %72,7 Asian gertatzen dira. Balio absolututan, India, Txina, Pakistan, Nigeria, Etiopia, Errusia, Tailandia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Myanmar eta Bangladesh dira esklabo gehien dituzten herrialdeak. Populazioarekin alderatuta, egoera okerrena Mauritanian, Haitin eta Pakistanen dago.

Europako estatu gehienak zerrendaren amaieran ipini ditu Walk Freek. Dena den, «horrek ez du esan nahi herrialde horietan esklabotzarik ez dagoenik». Erresuma Batuan soilik, 4.600 kasu egon daitezkeela dio txostenak. «Gobernuen erantzuna deskoordinatua izaten da, eta akats sistematiko larriak ditu; besteak beste, trafikatutako haurren zaintzari dagokionez». Bulgarian eta Errumanian ere kalkulatu baino askoz kasu gehiago egon daitezkeela nabarmentzen du.

Arrisku faktoreak

Badira oraindik esklabotzara jaiotzen diren pertsonak, batez ere Afrika mendebaldean eta Asiako hego-ekialdean. «Beste biktima asko bahitu egiten dituzte, ezkontza bidez, arrantzontzietan ordaindu gabeko lana eginaraziz, edo etxeko langile moduan». Beste batzuk etorkizun hobe baten promesarekin harrapatzen dituzte. Esklabo berriek era askotako itxura dute: izan daitezke haur soldaduak, sukaldariak edo sexu langileak, eta lotzen dituzten kateak ez dira beti fisikoak: ustezko zorrekin, larderiaren bidez edo beldurra eraginda menderatzen dituzte. Generoari, arrazari eta erlijioari lotutako bazterkeria egoerek ere zaurgarriago bihurtzen dute pertsona. Horregatik, dio txostenak, emakumeek arrisku handiagoa dute esklabotzan erortzeko, batez ere genero diskriminazioa handia den herrialdeetan. Berdin etorkinekin: Jordanian eta Saudi Arabian, esaterako, langileen %40 eta %90 artean dira atzerritarrak. Paperik gabeko migratzaileak aiseago bihur daitezke giza trafikoaren biktima.

Erakundeak estatuen barruko pertsonen trafikoa soilik ikertu du, ez estatu batetik besterakoa. «Oraingoz, ez dugu kontuan hartu badela beste errealitate bat: Japoniako herritar batek oso aukera gutxi ditu Japonian esklabo izaten amaitzeko, baina Filipinetako edo Thailandiako herritar batentzat, Japonian esklabotzan erortzeko arriskua askoz handiagoa da». Adibideak Ipar Amerikako eta Europa mendebaldeko herrialde gehienetarako ere balio du.

Zenbait tokitan, erakundeko ikerlariek ezin izan dituzte nahiko datu bildu, eta mapatik kanpo utzi dituzte, esaterako, Kosovo, Zipre eta Taiwan. Esklabotzan bizi diren pertsonak identifikatu eta zenbat izan daitezkeen kalkulatzeko ere izan dituzte zailtasunak, kasu gehienak ezkutuan daudelako.

Esklabotza tradizioak

Esklabotza maila handia duten herrialde askotan, Afrikan bereziki, «mendeetako esklabotza moldeek» irauten dutela nabarmendu du Walk Freek: «Gatazka iraunkorrek, muturreko pobreziak, ustelkeriak eta merkatu globalak asetzeko baliabideen ustiapenak handitu egiten dute esklabotzarako arriskua». Behartuta ezkontzen diren haur eta emakumeen kasuak ere askoz ugariagoak dira halako lekuetan.

Pobrezia eta bazterkeria «instituzionalizatuta eta kulturalki onartuta» daudenean, larriagoa da egoera. Mauritania da, proportzioan, esklabotza maila handiena duen herrialdea: 3,8 milioi biztanleetatik 140.000 eta 160.000 artean bizi dira halako baldintzetan —herritarren %3,9—. Gizartea hiru kastatan banatuta dago han, eta botere harreman tradizionalek indarrean jarraitzen dute: beheko kasta zabaleneko kideak elitearen menpe daude erabat. Emakumeak «betiereko adingabeak» dira: «Tradizio mingarriak ohikoak dira, besteak beste, ezkontza behartuak eta sexu organoak erauztea. Ez dago emakumeen aurkako indarkeria arautzen duen legerik, eta ezkontzaren barruko bortxaketak ez dira delitu».

Sarritan egoera orokorra da, eta normalizatuta dago. Pertsona askok ez daukate dagozkien eskubideen berri, eta jakiteak ere ez die askotarako balio: «Mauritanian badaude lege nazionalak, baina biktimentzat oso zaila da justizian babes hartzea».

Pobreziak eta behartutako migrazioak ere nabarmen eragiten dute. India eta Pakistanen kasua da: biak daude esklabotza gehien duten 10 herrialdeen zerrendan, balio absolututan zein erlatibotan. Indian soilik, ia 15 milioi esklabo egon daitezkeela kalkulatu du Walk Freek. Pakistanen, berriz, gutxienez 1,8 milioi pertsonak dihardute lan behartuetan. Landa guneko emakume, gizon eta haur askok hirietara jotzen dute lan bila, eta aise erortzen dira baldintza gizagabeetako postuetan. Inguruko herrialde are pobreagoetatik doazen etorkin askori gauza bera gertatzen zaie, esate baterako, Afganistandik Pakistanera heldutako errefuxiatuei edo Indiara sartzeko bisarik behar ez duten bhutandarrei. «Eskrupulurik gabeko trafikatzaile askok heldu berrien ahuldadea baliatzen dute». Europan gertatzen den esplotazioaren zati handi bat ere halako kasuen ondorio da.

Munduko estatu gehienek sinatu dituzte pertsonen trafikoaren aurkako itunak, baina oro har, oso gutxi betetzen direla dio txostenak: «2012an, ofizialki, 46.570 biktima antzeman zituzten, baina soilik 7.705 kasu heldu ziren epaitegietara».

Globalizazioaren eragina

Europan eta Ipar Amerikan ere gertatzen da esklabotza, baina ilunpean gelditu ohi da: ekonomia beltzaren itzalpean dihardute sexu langileek, etxeko zerbitzariek eta, hainbat kasutan, eraikuntzakoek. Immigrazio lege zorrotzek prekarietatera kondenatzen dituzte lan bila doazen etorkin asko: horregatik jotzen dute AEBetara edo Kanadara igaro nahi duten latinoamerikar askok mugako mafietara.

Etxe barruan esklabotza maila txikia izanagatik, munduko eragile nagusienetako bat da Mendebaldea. Walk Freek ohartarazi duenez, AEBetako eta Europako enpresa transnazional askok baldintza gizagabeetan dauzkate langileak Asia eta Afrikako lantegietan. «Esklabotza modernoaren produktuak hornidura kate globaletara iristen dira, gero tokiko dendetara eta azkenik gure etxeetara. Hura elikatzen duten arazo asko ere mundu osokoak dira: ustelkeria, pobrezia eta baliabideen ustiapena, besteak beste».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.