Haurrak solidoak jaten hasten direnean

Cristina Perez / 2014-03-11 / 625 hitz

Haurren garapen fisiko eta kognitiboa elikatzeko jarrerarekin lotuta dago. Gurasoek arreta handia behar dute elikadurarekin lotutako seinaleak ulertzeko. Solidoak jaten hastean hainbat gomendio jarraitu behar dira.

Orokorrean, jaioberriek 2.500 eta 3.800 g tartean pisatzen dute, eta 47 eta 54 cm tartean neurtzen dute. Lehenengo lau edo sei hilabeteetan, haien pisua bikoizten dute, eta urtebetean, hirukoiztu. Halere, tarte zabala dago normaltzat hartzen diren pisu eta garaieraren kontuan, ume bakoitzak bere patroiari segitzen baitio.

Behar kalorikoak

Hainbat faktorek parte hartzen dute jaioberrien behar kalorikoetan, baina gutxigorabehera, aurreneko sei hilabeteetan 108 kcal/ kg beharko ditu egunean; sei hilabetetik urtebetera, berriz, 98kcal/kg behar dira.

Jaioberriaren garapen fisiko eta kognitiboa

Garapen fisikoak eta kongnitiboak umearen elikatzeko jarrerarekin zerikusi handia dauka. Bestalde, digestio aparatuaren garapena ere oso garrantsitzua da. Kontuan izan behar da umearen digestio aparatua garatzeko, sei hilabete baino gehiago behar direla. Askotan jaioberrietan, digestio aparatuaren heldutasun falta hainbat eratan azaltzen da: kolikoak, errefluxu gastrikoa, beherakoa edo idorreria. Baina kontuan izan behar da, nahasmendu horiek ez dutela trabarik jartzen nutrienteen absortzioaren ahalmenean, eta orokorrean, ez diote garapen fisikoari trabarik jartzen.

Elikatzeko trebetasunaren garapenak haurtzaroan

Umeak elikatzeko kapaz izateko erreflexuekin jaiotzen dira; lehenengo sei edo zazpi asteetan, errefexuak galtzen dira, eta umeek jateko nahia eta beharra adierazten ikasten dute. Baina umeak, 3 urte dituen arte, ezin du hitzez adierazi gose dela. Bitartean, gosea eta asetasuna faktore biologikoen eta giroko faktoreen bidez erregulatuta dago. Gurasoek umeek ematen dituzten seinaleak (gosea, nekea, deserosotasuna) interpretatzeko duten gaitasunak eragina du umeak garatzen dituen elikatzeko trebetasunetan.

Seinale horien artean honako hauek daude: haurrak gosea daukanean, janariari begiratzen dio jan aurretik, ukabilak estutu edo koilara hartzen du. Bestalde, jateko erritmoa geldoa bada, edo janaria ematen diotenean geldiera luzeak egiten badituzte, haserre azaltzen da. Asetasuna adierazteko, janariarekin edo koilararekin jolasean hasten da, jateko erritmoa apaltzen du, edo elikagaietatik urruntzen da.

Elikagai solidoak, koilararekin

Hasieran ale txikitan eskaini behar dira, koilarakada bat edo bi, eta egunean behin edo bitan. Lau eta sei hilabeteko umeak hasten dira elikagai solidoak hartzen, baina asmoa ez da behar nutrizionalak asetzea, baizik eta ahoaren muskulatura lantzea eta elikagai berriekin ohitzea; izan ere, behar nutrizionalak esnearekin asetzen baitira oraindik.

Haurra koilararen bidez elikatzeko, hurrengo gomendioak jarraitzea baliagarria izan daiteke:

Lehenengo, esperientzia ondo programatzea komeni da, umea lasai dagoen garaia aukeratu behar da, ez aktibititate handian eta jolasteko gogo handiarekin dagoenean, ezta nekatuta edo gose handiarekin dagoenean ere.

Koilarakada txiki bat eskaintzea de hoberena; gainera, garrantzitsua da janariaren eta koilararen tenperatura. Hobe koilara metalezkoa ez bada, gehiegi berotu daitekeelako.

Umeari denbora eman behar zaio ahoa irekitzeko, ez zaio behartu behar ahoa koilararekin irekitzera, ez badu ahoa irekitzen eta mingaina ateratzen, oraindik ez da elikagai solidoarekin hasteko momentua.

Haurraren jateko erritmoa errespetatu behar da; izan ere, jaten azkarregi ematen bazaio, kontrako eztarritik joateko aukera dago, eta orduan, jateko esperientzia ez da atsegina izango haurrarentzat.

Hasieran, nahikoa da 5-6 koilarakada hartzen baditu, horretarako bost eta hamar minutu artean beharko ditu.

Behin koilararekin jaten hasten denean, haurrak ematen dituen gose eta asetasun seinaleak errespetatu behar dira. Kontuan izan behar da oraindik esnea dela bere elikagaiaren oinarria, eta elikagai solidoak gutxinaka barneratu behar direla.

Umearen kokapenak ere garrantzia dauka

Koilararekin jateko, badaude umea jartzeko gomendioak: haurrak hobeto kontrolatzen du bere ahoa eta burua eserita badago, eta sorbalda eta hankak ondo eutsita badauzka.

Koilara eskaintzen duen pertsonak umearen parean jarri behar du, eta kontaktu bisuala izan, horrela umeak ez du burua mugitu beharko.

Aulki altua aproposa da, umea laguntzarik gabe esertzen baldin bada. Posizio horrek umearen orekan eta digestioan laguntzen du.
——————–

Pisu eta garaieraren ohiko garapenak

Adina Zer Pisu hartuegunean Zer PISU pisu hartu hilean Zenbat luzatuegunean Zenbat luzatu hilean
0-3 hilabete 20-30 g 600-900 g 0,1 cm 3 cm
3-6 hilabete 15-21 g 450-630 g 0,068 cm 2 cm
6-12 hilabete 10-13 g 300-390 g 0,047 cm 1,4 cm

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.