Mikel Legorburu, numismatikan aditua: «Aniztasun handiko txanponak aurkitu ditugu indusketetan»

Mikel Legorburu / 2014-03-01 / 931 hitz

Euskal Herriko historia azaltzeko, patrikan hazka egiten du Mikel Legorburu historialariak; txanponak eskuan hartu, eta gai da irudi eta hitz bakoitza zergatik jarri zuten esplikatzeko.

Mikel Legorbururi txikitatik sortu diote irrika txanponek, eta egun, numismatikan aditua da —txanpon, billete eta dominak aztertzen dituen zientzia—. Aranzadi Zientzia Elkarteko kide da, eta historialaria ikasketez. Txanpon batek historiaren azalpenak izugarri aberasten dituela dio. Ostegunean, Euskal Herriko historia aztertu zuen txanponetan oinarrituta, Baionako Euskal Museoan eman zuen hitzaldian. Maiteenen artean, baskoien garaiko denario bat du.

Euskal Herriko historia ikertzeko, bereziki argigarriak dira txanponak?

Erabat argigarriak dira. Gure historia zinez korapilatsua izan da; lurralde bakoitzean egoera desberdina izan da, eta izan diren gobernu mota guztiek txanpondu egin dute. Txanpon horietan agertzen diren irudi eta hitzek asko esaten dute. Euskal Herriko lehenengo txanponak ez ziren Erdi Aroan hasi; aurreragoko kontua dira, baskoien garaian ere erabiltzen baitziren.

Zer esaten dute txanponek?

Imajinatzen dugun baino dezentez gehiago kontatzen dute. Harrigarria da zenbat esan diezagukeen metal zatitxo batek: ideologia, erlijioa, hizkuntza, sinboloa… Gauza pila baten erreferentzia dago. Aldea dago txanpona nondik lortu; aztarnategiren batean aurkituz gero, testuinguru historikoa zehazteko baliagarri dira. Askoz aberatsagoak dira kasu horretan, kokatzeko balio baitute; garaiaren aztarna ematen dute, eta, niri, zer ziren transmititzeko aukera ematen didate. Ordea, neronek erositakoa edo aurkitutakoa bada, balioa galtzen du; jada ez da lagungarri azterketetan.

Euskaldunak erromatarren eraginez hasi ziren txanponak erabiltzen ?

Erromatarren garaian, bai, baina oraindik inperioa ez zenean; hau da, Euskal Herria erabat kontrolatu gabe zuten garaian. Baskoiak ginen haientzat. Iritsi ziren lehenengoak gure zerbitzuen truke iritsi ziren; soldadu joaten zenari zilarrez ordaintzen zioten, eta mailukada batez markatzen zuten zeini ordaindu zioten, eta han dago baskoien irudia.

Zer jartzen zuen txanpon horietan?

Euskaldunok garai horretan ez genuen idazkera propiorik, eta, horregatik, ingurukoena erabiltzen zuten. Mediterraneotik sartu ziren, grekoak hasieran, eta erromatarrak gero; horien idazkera hartu zen, idazkera iberiarra. Ez dugu beti garbi jakiten zer jartzen duen, baina, gehienetan, toponimiari lotutakoak izaten dira; beste kasu batzuetan, berriz, gentilizioari loturikoak.

Erromatarrek inperioa ezarri zutenean, tokian tokiko txanponak desagertu ziren?

Kristo aurreko lehenengo mendean, Augustoren garaian, txanponak latinez idatzita daude. Hori bai, bertako txanponak hemen bertan egiten zituzten. Calahorra latinez idatzita agertzen da orduko txanponetan, baskoiak baitziren hangoak ere. Geroago, beste fase bat hasi zen, zeinetan lokalismoak albo batera utzi ziren. Txanponak leku jakin batzuetan egiten hasi ziren, eta ez zen agertzen bertako irudirik, inperioko agintarienak baizik.

Inperioa erori zenean, berriz ere trukea nagusitu zen. Zer gertatu zen ordura arte iritsi ziren txanponekin?

Orduko gizartea kaletarra zen hasieran; gero, landatar bihurtu zen. Horregatik, murriztu egin zen txanponaren erabilera. Zirkulazioa, dena den, ez zen erabat galdu, txanponari balioa ematen ziona haren metalaren pisua baitzen. Txanpon osoari erdia kentzen bazitzaion, balioaren erdia hartzen zuen. Lehengo mendera arte iraun dute zenbait kasutan.

Erdi Arora bitarte ez zen txanpon gehiagorik egin?

Barbaro eta bisigodoek egin zituzten batzuk, baina ez asko, eta kalitatez ere eskasagoak. Iparraldean izan zen txanpon gehiago, Karlomagnoren garaian zehazki. Beiloizkoak ziren, nahasketak, zilar eta kobrez egindakoak, eta oso finak; erraz toles zitezkeen.

Alde nabarmena dago erromatarren eta Erdi Aroko txanponen artean?

Erromatarrek, argazki bat bezalaxe, irudi perfektua egiten zuten. Erdi Aroaren hasierako txanponetan, berriz, agintarien irudiak marrazkietakoak bezalakoak ziren, zehaztasunik gabekoak, eta kalitatez ere eskasak. Iritsi ziren txanpon arabiar batzuk, eta haiek esku hobea zuten.

Zein izan zen garai hartako lehena?

Oraindik baditugu zalantzak, baina aho batez onartzekotan gaude Antso III. Nagusiaren garaikoa izan daitekeela euskaldunen lehenengo txanpona, XI. mendearen hasierakoa. Alde batean, erregearen irudia zuen, baina iruntzian, beste aldean, zuhaitz bat agertzen zen. Antso VII.ak, berriz, iruntzian ilargi eta izar bat jarri zituen, eta haren ondorengoak mantendu egin zituen, baina gaztelua ere jarri zuen, eta geroago etorri zenak, berriz, gaztelua eta ilargia mantendu bai, baina izarrik ez zuen jarri. Segida bat dago, eraldaketa txikiekin.

Amaiurko gazteluko indusketetan txanpon mugimendu handia topatu zenuten. Mugimendu handiko ingurua zen?

Portugalgoa, Gaztelakoa, Aragoikoa, erromatarra, Eskoziakoa, gaur egungo Suedian egindakoa… Garbi ikusten da merkatarien ingurune bat zela. Datazio aldetik, garai guztietakoak aurkitu ditugu. Beste aztarnategi batzuetan ere badago aniztasun hura; besteak beste, Oiartzungo San Esteban elizan eta Irulegiko gazteluan aurkitu dira. Interesgarria da agertzen duten aniztasuna. Sinbologikoki, garai aldetik, metalaren aldetik, aberastasun handikoak dira.

Nolakoak dira indusketa horietan aurkitutako txanponak?

Brontzezkoak dira gehienak, brontzea ere lortzeko errazagoa baitzen. Urrezko txanponak ez dira horren erraz aurkitzen, gaur egun txanpon txikiak galtzea 500 euroko billete bat galtzea baino errazagoa den bezala.

Gaztelak Nafarroako erresuma konkistatu ondoren, zer aldatu zen txanponetan?

Gaztelaren menpe egonagatik, Nafarroak jarraitzen zuen erresumaren izaera izaten. Txanpona Nafarroan egiten bazen, armarria zeraman atzean. Nafarrek nahi bezala egiten ziren txanponak. Fernando VI.aren izendapena zuten kasuetan, protesta egiten zuten, Gaztelan baino ez baitzen Fernando VII.a; Nafarroan, bigarrena zen. Hala mantendu zen 1813 arte. Argi ikusten da ordura arte jarraitu zuela identitateak, matxikatua izan arren.

Iparraldea, berriz, erresuma independente gisa zegoen, nahiz eta Frantziarekiko mendekotasun babesa zuen tartean, Henrike III.a Nafarroakoa (IV.a Frantziakoa) Frantziako errege bilakatu arte. Errege hori bi tokitako errege izan zen; baita haren ondorengoak ere, Luis V.a Nafarroakoa (XVI.a Frantzian), Parisen gillotinatu zuten arte, Frantziako Iraultzan. Parisek Frantzia osoa bateratu eta eraldatu zuen, Pirinioez iparralderako Nafarroako Erresuma txikia bere departamendu berrietan egokituz. Epe labur batean, Frantziako txanponek baliokidetasuna izan zuten Nafarroan; hemen ez ziren egin.

Ondoren, 36ko gerran Eusko Jaurlaritzak sortu zituen txanponak daude.

Bruselan egin ziren txanpon horiek. 37ko urtarril eta otsail aldera hasi ziren erabiltzen, baina, ekainean erori zenez Bilbo, bertan behera gelditu ziren. Frankistek txanponetako metalak aprobetxatu, eta pezetak egin zituzten.

Bilbon, ekhi dirua abian jartzear dira; euskoa, berriz, Lapurditik Zuberoa eta Nafarroa Beherera zabaldu da. Nola hartu dituzu berri horiek?

Zirraraz. Trukerako tresna gisa sortu izanak egiten dit ilusio handiena, txanponen lehengo izaerarekin. Hainbat proiektu ari dira sortzen, zorionez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.