Google Photox

Gorka Julio / 2015-06-11 / 277 hitz

Oraindik ere, jende askori aurpegi errekonozimenduak beldurra ematen dio. Aurkeztu beharrik ez izan gabe norbaitek zein garen jakitea arraro egiten zaigu baita kalean ere. Barrera hori hor dago oraindik, eta ez da teknologikoa soilik, kalean ere gertatzen zaigu, baina egoera hori alda daiteke.

Googleek, bere azken konferentzian, Google Photos (https://photos.google.com) aparteko aplikazio bihurtu du. Androidentzat, iOSentzat eta nabigatzaile arruntentzat aurki daitezke orain. Gure argazki guztiak jasotzeko helburua daukate.

Horretarako gorde daitezkeen argazkietan mugarik ez dago; bere garaian Gmailek egin zuena gogoratzen du apur bat. Gain behera doan Flickrren Terabytearekin alderatuz ere, alde izugarria. Muga bakarra: argazkiek gehienez 16 megapixeleko definizioa izango dute.

Berrikuntza nabarmenena, aldiz, erabiltzen duen inteligentzia artifizialean dago. Igotzen ditugun argazki guztien azterketa egiten du, eta tresnak, lekuak, janaria, animaliak, pertsonak… bereizteko gai da edo izango dela diote. Argazkiak ordenatzen egon behar izan gabe, beren proposamena da teknologia bidezko bereizketa automatiko bat egitea.

Datu andana horretatik Googleek guri buruzko informazio ugari lortuko du; oraintxe duena gutxi balitz bezala (https://privacy.google.com). Hona eskaintzen ari dena, esaldi batean: «Zure argazkiak nahi ditugu, gure inteligentzia artifizialari eman eta zure datuak beste askoren datuekin erkatuz negozioa egiteko». Baliagarria ikusiko dute askok; beldurgarria beste hainbatek. Denbora gutxian gailu asko Internetera konektatuak egongo dira. Lehenik, segurtasuna eta komunikazioarekin lotuak daudenak izango dira, jada badira. Imaginatu une batez gure kaleetan dauden kamerak Googleen teknologia honetara sarbidea dutela.

Horretarako, Googleek informazio hori erabiltzeko aukera eman beharko luke noski, baina ez luke egingo? Estatuek baino indar gehiago izatea lortu duten multinazionalek, ordainduta bada ere, ez lukete teknologia hori erabiltzerik izango? Gobernu batek egoera «larri eta berezi» batean bada ere, eskatu edo behartuko balio ez luke egingo? Aplikazioan ohar bat jarri beharko lukete: «Kontuz, aplikazio toxikoa».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.