Ander Perez / 2015-09-10 / 1043 hitz
Erakundeetan eta gizarte zibilean, bietan ezagutu du Mikel Arregik euskararen aldeko lana. Orain, Nafarroako hizkuntz politikaren ardura hartu du bere gain. Aldaketa garaia da, eta euskalgintzaren «behar eta gogoetez» kontziente mintzo da.
Orain arte Euskarabidean lanean ibili izanagatik ere, erakundearen ibilbidearekiko kritiko mintzo da Mikel Arregi (Iruñea, 1961), zuzendari kudeatzaile berria. Hori dela eta, erakundearen estatutuak aldatu berri dituzte, izaera betebeharrekoagoa emateko. «Erakunde operatiboa gara orain, eta ez aholku emailea», adierazi du.
Nola jaso zenuen kargurako proposamena?
Izendapena egin baino hamar egun lehenago iritsi zitzaidan. Ana Ollok berak [Nafarroako Gobernuko eledun zein Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanen kontseilaria] deitu zidan esateko nire ibilbidea ezagutzen zuela eta aukera ona izan zitekeela nik ardura hau hartzea. Hasieran zalantzak izan nituen, baina nahiko azkar erabaki nuen, nahiko garbi dudalako momentu honetan aukerak aprobetxatu behar direla, euskararen normalizazioan aurrera egin nahi badugu ez baita txukuna konpromisorako unean alde batera gelditzea.
Aurretik ere ibili zara Euskarabidean. Zer iritzi duzu orain arteko ibilbidearen inguruan?
Iritzi kritikoa da nirea, nahiz eta hor lan egin izan dudan. Aurreko gobernuen ikuspegia oso murritza izan da, eta, beraz, Euskarabidea edukiz hustu dute. Mantendu dira oinarrizko programa batzuk, baina erantzuna ez da izan, inola ere, euskararen normalizazioak behar duena.
Hori aldatzea da zure asmoa.
Bai. Kontua da orain arte Euskarabideari izaera aholku-emailea eman zaiola. Orain, gobernu akordioak dioena kontuan hartuta, Euskarabideko eginkizunei idazkera lotesleagoa eman diegu. Irizpideak eman ditzakegu, betiere adostasunak bilatuz, noski. Nolabait, erakunde operatiboa gara orain, ez aholku emailea.
Nafarroako aldaketa politikoak itxaropen handiak piztu ditu gizarteko sektore askotan. Euskararen arloa ez da salbuespena. Itxaropenak zapuzteko beldur zara?
Ez naiz beldur. Kontzientea naiz une honetan euskalgintzan eta euskaldunon komunitatean behar eta gogo handia dagoela. Nire izendapena iragarri zenean, eta BERRIAren azalean nire izena letra larriz ikusi nuenean, bertigo sentsazioa izan nuen. Pentsatu nuen: «Izendapenari horrelako garrantzia eman bazaio, asko espero delako eman zaio». Beste kontu bat da kontziente izan behar dugula krisian gaudela, eta baliabide ekonomikoak, zoritxarrez, ez direla izango programa akordioari bere osotasunean aurre egiteko behar direnak. Gure lanetako bat izango da transmititzea programa akordio hori ez dela izango hurrengo sei hilabeteetan gauzatu beharrekoa, legealdi osorako programa baizik. Beraz, asmatu behar dugu lehentasunak eta larritasunak identifikatzen, nonbaitetik hasi ahal izateko, ezinbestean, sektore batzuk oso egoera larrian daudelako.
Zuk, jadanik, zehaztu dituzu lehentasunak. Zeintzuk dira?
Orain arte euskara ezin ikusia zen, eta jauzia ematea da lehentasuna, euskararen presentzia gaztelaniaren ondoan ziurtatzeko. Gainera, badira premia bereziko sektore batzuk: helduen alfabetatze eta euskalduntzea, euskarazko komunikabideak, eta udaletan garatzen diren plangintzak eta ildoak. Beste bat ere balegoke: gizartetik garatzen diren euskararen aldeko programak. Hor badira erakunde eta elkarte interesgarriak, eta bere lana duintasunez egiteko baliabideak behar dituzte. Epe oso laburrean horiek dira lehentasunak. Zer gertatzen da? Hurrengo urteetako aurrekontuak onetsi arte ez dugula dirurik.
Ziurta al daiteke euskaltegiek finantzaketa berreskuratuko dutela?
Bai, gure konpromisoa da heldu den urteko aurrekontuetan estrategikotasun eta larritasun egoeran dauden programa horiei begira diru sailak egotea, baina une honetan ezin dut zenbatekoa zehaztu. Hizkuntza politikaren arloan argi dugu zeintzuk diren lehentasunak, baina gobernu akordioan beste 600 neurri ageri dira, eta horietako askok ere hornidura beharko dute. Tentuz ibili beharko da desorekarik ez sortzeko.
Euskarazko komunikabideek laguntzak izango dituzte?
Bai, jasoa dago konpromiso hori, eta lehentasunen artean dago euskarazko komunikabideei berme ekonomikoa eta teknikoa modu iraunkorrean ematea. Halere, oraindik ez dakigu iraunkortasuna bermatzeko zein den erabili beharreko formula.
Nafarroan gizarte zibila eta administrazioa bakoitza bere aldetik ibili dira beti, elkarren kontra gehienetan. Elkarrekin lankidetza abiatzeko garaia al da?
Argi dut bakoitzak bere tokia duela, baina horrek ez du esan nahi komunikatu gabeko guneetan bizi behar dugunik. Garbi dut komunikazioa bilatu behar dugula, eta landuko dugula. Gobernuak badu parte hartzearen arloan estrategia bat diseinatzeko asmoa, eta guk estrategia horren barruan jokatuko dugu hizkuntza politikari dagokionez.
Komunikazioa euskaratzea da beste erronketako bat. Administrazioan Euskaraz Taldeak, ordea, jada salatu du ohar batzuk erdara hutsez igorri dituela gobernu berriak.
Argi dago aldaketaren gobernua osatzearekin batera ez direla arazoak desagertu. Gizarteak hor dauden arazo eta kexak mantenduko ditu. Gure erantzukizuna da kexa horiei modu egokian erantzutea, eta kexa horiek ez egoteko oinarriak jartzea. Nik nahiko nuke kexatzeko arrazoirik ez egotea, baina baldin badago, ez dut isiltasunik nahi. Halere, administrazioaren funtzionamendu osoa bi hizkuntzetan gauzatzeko egin behar den ahalegina oso handia da, eta, beraz, gure lehenengo erabakia izango da lehentasunak non dauden detektatzea: herritarrek nagusiki zer arlotan dituzten harremanak administrazioarekin, hortik abiatzeko. Ibiltzearen poderioz ikusiko dugu akatsak nola egiten ditugun eta non hobetu dezakegun.
Euskarari prestigioa eman nahi diozuela adierazi duzue. Aldez aurretiko zer jarrera espero duzu Nafarroako gizartean?
Argi identifikatu behar dira kontrako diskurtsoak non dauden eta zergatik eraikitzen diren. Gizarteari modu lasaian azaldu behar diogu Nafarroak bi hizkuntza dituela, eta biek tratu bera merezi dutela. Gu oinarri horretatik abiatuko gara. Nafarroako Euskararen Kontseilua [administrazioa eta gizarte eragileak elkartzen dituen foroa] gune egokia izan daiteke gizarte eragileekin elkartzeko eta mezu positibo horiek nola landu behar diren ikusteko. Izan ere, administrazioak ikuspegi bat izan dezake, baina argi dago euskararen inguruko mezu positiboak ez direla administrazioaren jabetzakoak, bestela oso mezu instituzionala suertatuko litzateke, gizartearen errealitatetik urrun egon daitekeena. Baina egia da instituzioen inplikazioak berme bat emango diola euskararen aldeko diskurtso positibo horri.
Gobernu akordioa osatzerako orduan, aldaketaren aldeko lau alderdiek ez dute Euskararen Legea aldatzeko adostasunik lortu. Kezkatzen zaitu?
Alde batetik, argi dago euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan onartuta ez egoteak arazo handia dakarrela hizkuntza eskubideen arloan. Baina argi dago programa akordioan esaten dena bete ahal izateko baliabideak eta berme legalak badaudela. Gero praktikan ikusiko da kasuistikari nola aurre egiten zaion. Une honetan garbi dugu legea garatzeko indarrean dagoen araudia egokitu behar dela, eta posible dela, euskaldunon eskubideak bermatze aldera, araudi egokiagoak egitea. Baina beti izango dugu zonifikazioaren muga edo arazoa. Tira, ikusi dugu aukera handiak daudela, zonifikazioa kontuan hartuta ere, euskaldunen eskubideen arloan aurrera egiteko. Hori gauzatzen den neurrian, agian gizartean ez da arazo izango ofizialtasunaren eztabaida gainditzea, baina uneotan, egia da gobernuari sostengua ematen dioten alderdien artean ez dagoela adostasunik.
Non nahiko zenuke egon hemendik lau urtera?
Gustatuko litzaidake legealdia bukatzen denean esan ahal izatea programa akordioan dauden puntuak bete ditugula, eta gizartean kontrastatuta bete direla, behintzat ehuneko handi batean. Bestetik, nahiko nuke hemendik lau urtera gutxieneko batzuen inguruan gizartearen adostasun zabala lortu izana, eskubideen onespena ez egoteko mutur batetik bestera dantzan, aldiroko gobernuaren nahien arabera. Lorpen handia litzateke lortuko bagenu neurri batzuk eztabaida politikotik kanpo uztea, horrek ekarriko lukeelako minimo batzuk ziurtatuta egotea, gobernu aldaketa bat balego. Ez baitugu ahaztu behar Nafarroako gizartea nagusiki erdalduna dela —ia %80 erdaldun elebakarrak dira—, eta, beraz, erdaldunen iritzia ere aintzat hartu beharrekoa dela.