Urtzi Urkizu / 2015-11-24 / 498 hitz
Jerusalemen ari da lanean azkeneko hilabeteetan Mikel Aiestaran (Beasain, Gipuzkoa, 1975). Handik erantzun ditu galderak, telefonoz, Euskal Herrira saria jasotzera etorri aurretik. «Poza» sentitzen du saria jasotzeagatik, «sentsazio arraroa». Kazetaritza barrutik ateratzen den saria izanda, biziki estimatzen duela aitortu du.
Kazetaritza sariek zertarako balio beharko lukete? Zer garrantzi ematen diezu?
Jendearen aurrean plus bat ematen dute sariek. Norbere lana gehiago ezagutzeko balio dezakete. Espero dut jendeak arreta gehiago jartzea nire kroniketan. Pertsonalki iruditzen zait kasu honetan jarraipen bat egon dela egiten dudan lanarekin, ez nagoela bakarrik, eta eskertzen dut.
Ekialde Hurbilean kamera gainean duzula ibiltzen zara. Nolako lan baldintzak dituzu Jerusalemen?
Freelance kazetaria naiz, eta bakarrik ibiltzen naiz. Baldintza txarrak ez ditut, badirelako urte batzuk talde berekin lanean ari naizena. Ekialde Hurbilean bortizkeria giro amaigabean mugitzen gara, eta Jerusalemen ere bai. Baina lasaiagoa da hemen egotea, Iraken edo Sirian egotea baino.
5W komunikabidean gatazketako berriemaile batzuk bildu zarete. Zer moduz doa proiektua?
Oraingoz proiektua da, bai. Ondo doa, eta polita da guk sortu dugulako. Komunikabide tradizionaletan sartzen ez duguna hor argitaratzen saiatzen gara. Argazkilari berriei ere aukera ematen ari gara. Espero dugu poliki-poliki handitzen joatea.
Siria aipatu duzu. Ezagutzen dituzun hiru kazetari desagertuta daude duela lau hilabetetik.
Sirian arriskua oso-oso handia da, eta gero eta arriskutsuagoa izango da. Zoritxarrez, oposizioko talde armatuek kontrolatzen duten esparrura ezinezkoa da joatea. Ez gara ongi etorriak ez gu ez hango kazetariak. Zulo beltza sortu da hor, eta pena handia ematen dit. Propaganda baino ez dugu jasotzen bai talde jihadisten aldetik bai inteligentzia zerbitzuen aldetik.
Propaganda gerra, orduan.
Ez dugu inoiz ikusi Siriakoa bezalako propaganda gerrarik. Ez dago beste iturririk, zoritxarrez. Ez dago jakiterik zer gertatzen ari den Sirian. Adi nago ea sare sozialetan zerbait berria ateratzen den, baina ez dago informaziorik.
La Sextako Salvados saioan egin zizuten elkarrizketak oihartzun handia izan du. Han aipatu zenuen ezin dela esan errefuxiatu siriarren artean Europara terrorista infiltratuak etor daitezkeela.
Ez da orain une onena ateak ixteko. Ateak irekitzeko unea da. Badaude sistemak kontrolatzeko zer motatako jendea etortzen ari den, eta integrazioan laguntzeko modua badago. Europan arazo handiena da asimilazioa nahi dugula, eta ez integrazioa. Siriatik datorrenarekin integrazio prozesu bat egon behar du.
Parisko atentatuak. Hurrengo egunetan Espainiako hainbat komunikabidek sekulako hanka sartzeak egin zituzten.
Dena bizkor eta kontrastatu gabe emateagatik gertatzen da maiz hori. Hanka sartzeak galantak izan dira. Inteligentzia zerbitzuen filtrazio bitxiak ere izan dira, pasaportearena, esaterako. Irudien tratamenduari dagokionez, ez dugu odolik ikusi, eta nire ustez hori egokia da. Ekialde Hurbilean kontrakoa gertatu ohi da, eta odola ikusten da egunero.
Facebooken galdetu zenuen ea Estatu Islamikoa amai daitekeen. Zer erantzun jaso duzu?
Gehienek erantzun didate militarki bakarrik ezinezkoa dela Estatu Islamikoa amaitzea. Neurri militarrak beharrezkoak dira, baina epe luzerako ez dira nahiko. Siriakoak luze joko du. Baina Estatu Islamikoaren benetako arazoa Iraketik dator. Han sortu zen taldea, eta benetako gerra Iraken gertatuko da.
Bitartean, nola dago Palestina?
Oso gaizki, inoiz baino okerrago, eta okerrera doa. Palestinarrek ez dute itxaropenik, barnean ez dago konponbiderik. Etortzekotan, kanpotik inposatu beharko da prozesu bat.