SuperTux Kart: kode irekiko Kart jokoa euskaraz

Urtzi Odriozola / 2015-11-05 / 304 hitz

Denok ezagutzen dugu Super Mario Kart joko mitikoa ezta? Nor ez inoiz ibili kart lasterketa zoro horietan? Nintendo 64ren joko mitiko hark inspiratuta etorri zen SuperTux Kart jokoa, kode irekikoa eta doakoa, nola ez.


Jokoaren funtsa auto lasterketa bat da, baina, bidean hainbat oztopoB gainditu beharko ditugu. Alde batetik, ibilbideak berak dituenak, eta bestetik, gure aurkariek jaurtitzen dizkigutenak. Izan ere, ibilbidean zehar lasterketan abantaila irabazteko hainbat objektu edota propietate dakartzaten “opariak” jaso ahal izango ditugu: azelerazioa handitzeko nitroa, aurkariak eraisteko bolo edo koheteak, besteak zapaltzeko euli zartagailu bat…

Lasterketa oso dibertigarri eta zoroa bilakatzen du horrek eta gidatzeko trebetasunez gain, trikimailu eta bestelako trebeziak garatu beharko ditugu. Gainera, gidari zerrenda, Software librean oso ezagunak diren programetako maskotez osatua dago. Linux sistema eragilearen Tux pinguinoa, GIMP argazki editoreko Wilber txakurra,  Pidgin mezularitza sistemako usoa, BSD sistema eragileko Beastie deabrua edota Blender 3D animazioak egiteko tresnako Suzanne tximinoa dira horietako batzuk.

Hona hemen gure @robouteguiliam kideak eginiko bideo iruzkindu bat. Grabaketan arazoak izan zituen eta saltoka bezala dabil bideoa baina beno, jokoaren dinamika nolakoa den ikusteko balio du.

Orain dela gutxi atera dute gainera joko honen azken bertsioa (0.9) eta hobekuntza grafiko nabarmenak dakartza aurreko bertsioarekiko. Jokoa jende ezberdinaren ekarpenarekin, doanik eta kode irekian libre banatua izanagatik ere, ez dauka beste hainbat jokori inongo inbidiarik izateko beldurrik. Modu honetan gainera, atzetik komunitate indartsu bat izatean, gehigarri ezberdinak ere aurki ditzakegu: kotxe, pertsonaia, ibilbide ezberdinak adibidez. Gainera, norberari ere jokoko elementuak egiteko aukera ematen dio!

Agian egunen batean Game Erauntsiako kotxea egin beharko dugu! Zein izango litzateke gure maskota?

Eta ez hori bakarrik, jendearen ekarpenetara irekita dagoenaz, gutxi-gehiago baina 65 hizkuntzetara itzulita dago. Horien artean dago euskara ere %80ko portzentajearekin. Itzulpenak egiteko, Transifex plataforman honako proiektu hau sortu dute eta nola ez, hemen ere Librezalekoak ari dira itzulpen lanetan.

Jokoa berriz, hemendik deskargatu dezakezue dohainik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.