Iker Tubia / 2016-01-23 / 1.280 hitz
Familiako zaintza lanak eta soldatapeko lana uztartzea ez da erraza izaten, eta oraindik badago zer hobetua. ‘Kontziliazio’ hitza geroz eta gehiago aditzen da, baina oraindik ere eremu pribatukotzat eta publikotzat hartzen diren lanak uztartzeko kultura aldatzea falta da.
Hautsak harrotu ziren duela egun batzuk Carolina Bescansa Podemoseko diputatuak haurra Espainiako diputatuen kongresura eraman zuelako. Bi eremu horien banaketa gainditu egin zuen, eta, keinu horrekin, kontziliazioaren afera mahai gainean jarri nahi izan zuen. Kritika anitz ere jaso zituen, haurra haurtzaindegian uzteko aukera zuela eta. Dena den, ez dirudi keinu horrek legebiltzarreko arazo bat agerian utzi nahi zuenik, gizartean oro har izaten den bateraezintasuna baizik.
Ez da politikari batek keinu hori egiten duen lehenbiziko aldia. Bescansaren asmo bera izan zuen Licia Ronzulli PDL alderdi italiarreko europarlamentariak. Lana eta familia uztartu zituen, eta bere haurrak ongi ezagutu zuen parlamentuko lana. 2010ean eman zuen bere erabakiaren azalpena: «Sinbolo bat izan nahi dut nire alaba Victoriarekin batera, eta lanbidea eta familia uztartu ezin dituzten emakume guziak ditut gogoan». Beste batzuetan, keinuetatik harago joan da afera. Hori da Hanne Dahl europarlamentariaren kasua. 2009an haurra eraman behar izan zuen parlamentura, bozketan parte hartu ahal izateko. Dahlen bikotekidea ezin izan zen haurraren kargu egin, eta botoa galdu eginen luke parlamentura joan izan ez balitz. Horrelako kasuak anitz izan dira.
Lur Etxeberria Bilduko legebiltzarkideak begi onez ikusi du keinu hori. «Interesgarria da batez ere lortu duelako keinu horrekin zaintza lanen beharra ikusaraztea. Zaintzak ezkutuan egiten ditugu gehienbat, etxean, eta ez dira baloratzen. Beraz, keinu positiboa iruditu zait». Batzuek aipatu izan dute keinua indartsuagoa izanen zela gizon batek egin izan balu. Beste batzuek, berriz, zaintza emakumeen afera dela irudikatzen ahal duela. Baina, oro har, mezuaren alde egin dute, familia eta lanaren arteko kontziliazioaren beharra aldarrikatzen dutenek.
Haurrak parlamentuetara aldarrikapen gisa eraman dituztenek argi dute oso markaturik dagoen lerro bat gurutzatu dutela. Hau da, eremu pribatuko lana publikora eraman dute. Baliteke hori izan daitekeela aurkako mezu askoren gibelean ezkutatzen dena, zaintza pribatuan gordetzearen aldeko jarrera, hain zuzen ere. «Interesgarria da plaza publikora ekartzea espazio pribatuan egon behar dela uste den zaintza lana», borobildu du Etxeberriak.
Ez da erraza familia eta lanaren arteko uztarketa politikagintzan. Etxeberriak bere kasua kontatu du. Ama bakarra izatea erabaki zuen, eta bikiak ditu. Jakin bazekien jendeak pentsa zezakeela konpromiso publiko batzuk hartzeak beste gauza batzuk alde batera uztea dakarrela, ez direlako bateragarriak. «Gaur egun, batez ere emakume asko, egoera horretan aurkitzen dira. Nik argi nuen ama ere izan nahi nuela, eta, egia esan, une oro taldekideengatik oso babestua sentitu naiz».
Politikagintzan, baina, ingurukoen borondate onaren menpe izaten dira haur txikiak dituzten gurasoak. Eusko Legebiltzarrean ez dago amatasun baimenik. Sei astez botoa beste baten esku utz daiteke, baina hortik aurrera, plenoetara joan beharra dute, botoa eman gabe geratu nahi ez badute, behinik behin.
«Nirekin malguak izan ziren, eta lehenbiziko hiru hilabeteetan ez nintzen joan, baina, gero, nahiz eta bajan egon, plenoetara joan behar izaten nuen botoa ematera». Hala, legebiltzarrak bermatzen ez zuen eskubidea baliatu ahal izan zuen. «Amatasun baimena eskubide inportantea dela argi nuen hasieratik, eta erabiliko nuela. Nire taldeak onartu zuen, eta, egia esan, hori gabe ez dut ikusten umeak hazteko aukera dagoenik».
Eusko Legebiltzarrean ez dago baldintzarik, ez dago haurtzaindegirik, adibidez. «Beraz, amatasun baimena izan da oinarri-oinarrizkoa hau dena egin ahal izateko». Taldekideek kontuan hartu dute egoera, eta bilerak Etxeberriaren etxetik gertu egiten saiatzen dira. Inguruan ere laguntza handia izan du.
Haurtzaindegia lantokian
Jaurlaritzan ez, eta lantoki gehienetan ere nekez izaten dira haurrak uzteko tokiak. Ez da hori, baina, Euskal Herriko Unibertsitatearen kasua. Irrintzi Fernandez Erizaintza Fakultatean irakasle da, eta haur txikia han uzten du goizean. Enpresa pribatuan egiten zuen lan, baina haurra zaintzeko aukera gehiago zituen unibertsitatean, beraz, lana aldatzea erabaki zuen. «Ordutegiak ez dira enpresa pribatuan bezain zorrotzak, eta aldatzeko aukera izaten dut. Lehenengo orduan ez ipintzeko esaten diot zuzendaritzari, eta normalean kasu egiten dute», azaldu du. Irakasle gazte askok haurrak dituztela azaldu du, eta, beraz, txandaka egin ohi dute lehenbiziko orduetako lana.
Lehenbiziko alabarekin ez zuen hainbeste aukerarik izan. Hala ere, ez da kexatu. Arazoren bat izan duenean, lanera eraman izan du inolako arazorik gabe. Dena den, batzuetan faboreak eskatu behar izaten zituen. «Beste lankide batzuen umeak ere ikusi izan ditut, ez da ohikoena, baina batzuetan egin behar da».
Bi haurrekin amak baimena hartu zuen. Hilabete horien ondoren, bien artean arduratu izan dira, goizean bata, arratsaldean bestea. Fernandezek etxetik egin ohi zuen lan, haurra zaintzeko aukera izateko. Egun zehatz batzuetan lantokira joan behar zuen, baina orduan artikuluak idatzi behar zituenez, etxetik egiteko aukera eman zioten. «Ezinbestekoak dira horrelako neurriak», azaldu du. «Egun, seme-alabekin dudan hartu-emana handia da».
Kontziliazio neurrien artean, telelana egiteko aukera dago. Hau da, etxetik lan egitea. Fernandezek egin bezala, Rebeka Arrarasek ere bulegoa etxean jarri zuen. Orain, berriz ere etxera itzultzekoa da: «Nik beharra sentitzen dut familia bizitza gozatzeko».
Arraras autonomoa da. Diseinu lanak egiten ditu, eta enpresan bi dira. Dena den, hamalau lagun aritzen dira elkarlanean. Bulegoa dute biltzeko, hornitzaileak hartzeko… Orain, telelanaren aldeko apustua eginen du. Lehen, berandu arte aritzen zen bulegoan lanean, ez baitu ordutegi zehatzik. Orain, haur bat izanda, lauretarako atera behar duela dio. «Etxetik lan eginda, errazagoa da».
Autonomo izateak aukerak eta desabantailak ditu kontziliaziorako. Arrarasek azaldu du errazago eraman dezakeela haurra medikuarengana ordu zehatz batean. Baina, ez du gaixoaldi baimenik hartzeko aukerarik izaten. Gutxieneko amatasun baimena hartu zuen, eta gainerakoa, senarrak hartu zuen. «Enpresa txiki baten jabeak ezin ditu opor luzeak hartu». Senarrak lantokira eramaten zion haurra, titia emateko. Are, erditu ondoren, ospitalean bezero batekin bildu zela kontatu du.
Bere egoeraz gainera, egoera orokorraz ere mintzatu da Arraras. Kontziliazioa helburu duen elkarte bateko lehendakariordea izan da duela bi urtera arte. Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien elkartea sortu zuen, beste emakume batzuekin batera. Elkarteak Reconcilia programa sortu zuen, enpresek langileen kontziliazioan laguntzeko baliabideak izan zitzaten. Garai hartan zegoen hutsunea bete nahi izan zuten. «Aitzindariak izan ginen», azaldu du Arrarasek.
Reconcilia zigiluaren balorazioa egin du: «Oso ondo joan da, eta eskaria handia da. Normalean eskaera egiten duten enpresak baino gutxiago hartzen ditu programak». Gainera, Nafarroako enpresa ezagunak zigilua lortzen saiatu dira. Lortuz gero, konpromisoak berretsi behar dituzte.
Urratsak egiteko garaia
Bide horretan urrats asko daude egiteko, oraindik ere. Hala uste du Arrarasek: «Pausoak eman dira, eta jendeak kontziliazio hitza aditzea lortu dugu, baina asko aldatu behar dugu kontziliazioaren kultura», esan du. «Bikotea, anaia, koinata… denak oso jatorrak dira, baina ez dute ulertzen. Ez da bakarrik enpresek tresnak izatea, etxean eta gizartean lan egin behar da gauzak aldatzeko».
Finlandiako kasua aipatu du, han «benetako kontziliazioa» dagoelakoan: «Ez dute emakume eta gizona bereizten, eta telelana normala da». Etxeberriak Islandia aipatu du: «Krisi garaian parekatu zituzten aita eta amen baimenak, eta horrek zaintza parekidean eragiten du». Fernandezek ere uste du baimenak parekatu behar direla: «Hiru aste berehala pasatzen dira». Baina ez hori bakarrik, amatasun baimena ez da aski: «Motzegia da, nik uste dut batek sei hilabeteko baimena beharko lukeela, eta besteak beste sei hilabetekoa».
Arazoaren muina kontziliazioa zokotik ateratzea dela uste du Etxeberriak. «Gainera, batez ere emakumeen arazo gisa ikusten da». Norbere afera bada, norberak ahal duena egiten du. «Kontziliazioa erronka kolektiboa da. Ekonomia berezitako bi espazio gisa ulertzen da: pribatua eta publikoa. Erronka kolektiboa da pentsatzea nola antolatu ekonomia eta gure bizitzak, biekin mundu bat egiteko, ongi bizi eta pertsonak zaintzeko». Are, enpresen eta gizonen erronka ere badela gogorarazi du. Ezin ahantzi afera bera dela pertsona nagusien zaintzari dagokionez: etxeko eta soldatapeko lanak uztartzeko arazoa.