Mikel Garcia Idiakez / 2016-05-11 / 205 hitz
“Ezin dut gehiago”. Halaxe mintzatu da Jesús Tomillero arbitro andaluziarra. Futbol partidu batean eraso homofoboak publikoki salatu eta bi hilabete pasa ez direnean, futbola utzi behar izan du, beste norgehiagoka batean berriz ere irainak eta barreak jasan ostean eta Andaluziako Futbol Federazioaren aldetik “baztertuta” sentitu ostean.
Oraingo honetan, penalti bat adierazi eta oihuka hasi zitzaizkion harmailetatik: “Hori da telebistan agertzen den marikoia, gola ipurditik sartuko duzu, marikoi zikina!”. Tomillerorentzat, dena den, “publiko guztia barrez ikustea” izan zen gogorrena, “horrek eman zidan min gehien”. Gertatutakoa eta gero, eta eraso homofoboak salatu zituenetik Andaluziako Futbol Federazioak izan duen jarrera ikusita –erasoak publiko ez egiteko presioak izan zituen eta hedabideetan agertzen jarraituz gero zigortuko zutela esan zioten–, futbola behin-behinean uztea erabaki du Tomillerok. Homosexuala dela onartu duen Espainiako Estatuko lehenengo arbitroa da bera.
Martxoan hasi zen dena
Martxoaren 26an, kadeteen arteko partidu batean, “nazkatu arte jango dituzu zakilak” bezalako irainak entzun behar izan zituen eta komisarian salatzea erabaki zuen. “Gehiagotan gertatu zait, baina beldurragatik ez dut salaketarik jarri. Aski da. Ez dut gehiago halakorik onartuko”, adierazi zuen orduan. Jarrera hauek inpune ez uztea eta bide batez futbol kategoria guztietan ematen den homofobia bistaratzea zuen helburu.
Babes mezu asko jaso ditu ordutik, baina nonbait, kontrako erasoek irabazi dute partida, oraingoz.