Iker Tubia / 2018-03-16 / 1212 hitz
Berriki, XIX. mendeko Arabako lautadako euskalkia sorberritu dute ‘Errementari’ filmean. Aurretik ere, fikziozko hainbat lanetan birsortu dira ikuslea edo irakurlea garai batera eta toki batera eramaten duten hizkerak. Testu horiek, sinesgarri ez ezik, ulergarri ere izan behar dute.
Errementariak Usue duka, eta deabrua ere han zon». Hala mintzo da Errementarifilmeko mutiko bat, filmaren eszena batean. Ez da salbuespena. Arabako lautadan giroturik dago Paul Urkijok zuzentzen duen film hori, XIX. mendean. Ikuslea bertara eramateko, euskara ere sormenerako tresna izan da. Garai hartan toki hartan erabiltzen zen euskalkia sorberritu dute filmean. Ez da orduko euskalkia aditzen dena, ez da lan filologiko edo zientifiko bat. Girotze lana izan da. Euskalki horren kutsua eman diote euskara batuari, «errealistagoa» izan dadin.
Gorka Lazkano filologoa arduratu da horretaz. Gaztelerazko gidoia euskarara itzuli zuen hark; lehenbizi hizkuntza estandarrera, eta, ondoren, euskalkiaren trazak eman zizkion. Horretarako, Juan Bautista Gamiz arabarrak XVIII. mendean idatzitako liburu batean oinarritu zen, batik bat. «Gamizek erdialdera jotzen zuenez, euskaldun guziok hobeto ulertzeko moduko euskara zen. Beraz, hori hartzea erabaki genuen». Hala ere, liburu horrekin ez zen aski. Koldo Zuazok Arabako euskarari buruz egindako lana erabili zuen, eta Zuazo bera aholkulari izan zen Arabako euskalkia sorberritzeko saioan.
Arazorik handiena aditzak izan zirela aitortu du Lazkanok. Urdiaingo (Nafarroa) aditz sistema hartu zuen, euskalkia bizirik dagoelako, eta inguru horretako euskarak lotura duelako Arabakoarekin. Bestalde, Arabako euskararen hainbat elementu erabili dituzte: -gaz deklinabidea, a letraz bukatzen diren hitzei eeranstea (hormea, zaratea…), egin aditza tartekatzea eta aurreko aditzari -tugehitzea (hartu egizu), i letrarekin bukatzen diren aditzek azken hizkia galtzea (ikus dot, ekar dot…), eta b eta p letrak batzuetan f bihurtzea ifini, ipini-ren ordez. Beti ez, baina. «Hasieran marka bereizgarri gehiago sartu genituen, baina geruzak kenduz joan ginen, eta edulkoratu genuen. Gure iparra ulergarritasuna zen», dio Lazkanok. Adibidez, ez zen ausartu zapia erabili beharrean zafia erabiltzera.
Hizkera sorberritua
«Inork ez du pentsatuko hori zenik Arabako euskalkia, baina aire hori lortu dugu. Euskalki artifizial bat sortu dugu», dio filologoak. Horixe baita, horrelakoetan, helburua: giro jakin bat lortzea. «Batez ere, ulergarria izan behar da. Batzuetan, esaldi batzuk zailak ziren irakurtzeko; beraz, zineman kolpe batean entzuteko…». Horregatik, guziaren gainetik ulergarritasuna gailendu zen Arabako euskalkia birsortzean.
Ez da hori filmean aditzen den hizkera bakarra, baina. Herritarrek filmerako sortutako euskalkia darabilte, baina instituzioek, euskara batua —diputazioak eta deabruek—. «Anakronikoa da, baina lizentzia hartu genuen. Fikzioa da, ez saiakera filologiko bat», zehaztu du Lazkanok. Narratzaileak, berriz, Ataungo (Gipuzkoa) euskalkia darabil, Jose Migel Barandiaranen omenez, hark bildu baitzuen Patxi errementaria ipuina.
Aurretik ere egin dira antzeko sorkuntza lanak Euskal Herrian. Adibidez, Asisko Urmenetak eta Juanjo Elordik zuzendutako Gartxot filmean, Itzaltzun (Nafarroa) XII. mendean hitz egin zitekeen euskalkiaren kutsua zuen hizkera bat erabili zuten. Komikian, zaraitzuera erabili zuen Urmenetak, nahiz eta aitortu duen «nahiko itxuragabea» zela. Filmean, beste hautu bat egin zuen: «Euskalkian ez zuen zentzurik, baina zentzurik ere ez zuen batu aseptiko batez ateratzea», dio Urmenetak. «Hizkera beste lanabes bat zen ikuslea atmosfera jakin batean sarrarazteko».
Girotu zuten, baina ez oinarri zientifiko batetik: «Batua behar zen, baina bestelako batu bat. Oraingo denboretatik, ekialdeko bortuetako dialekto bat nahi genuen; ekialdeko batu ekumeniko bat». Zaraitzuerako bitxikeria batzuk sartu zituzten, hala ere. Aktore gehienak zuberotarrak ziren, eta askatasuna eman zieten testuak irakurtzerakoan. Hala ere, arau zorrotz batzuk jarri zituzten: ü kendu, rhegoaldean bezala markatu eta h ahoskatu. Ibar horietako honki Zuberoan bizirik dagoena mantendu zuten, baina j esaterakoan Zuberoako ahoskera hobetsi zuten bertako x-ren gainetik.
Xuka ere erabili zuten, egun Nafarroa Behereko herri batzuetan ibiltzen dutena. Tradizioari begiratuta, Errege izen propio gisa deklinatzen zenez gero, hori ere erabili zuten. Hitzei dagokienez, ulergarritasunaren alde egin zuten: «Ez ginen sukalkietara joan; hitzik galduena ez zen onena». Balmaseda (Bizkaia), Tafalla (Nafarroa) eta Maulen ikus zitekeen film bat egitea zen erronka: «Sinesgarria izatea, baina ulergarria ere bai. Nik uste dut lortu genuela», dio Urmenetak. «Ez da hiztegia ondoan irakur litekeen liburu bat. Film bat da, ongi pasatzeko, eta momentuan ulertu behar da erraten dutena».
Aipatu bi filmen kasuetan, euskara batuaren gainean eraiki dituzte desagerturik dauden euskalki batzuk. Baina hizkuntza ez da zurruna, eta moldatu liteke. Hala uste du Urmenetak: «Geure buruari askatasun erabatekoa eman genion nahi genuena egiteko. Sormenerako lanabesa da euskara, eta interbenitu behar dugu». Orain ere, euskara batutik abiatuta beste hizkera bat darabil Urmenetak Basolatik berri onik ez komikiko solasaldietan. Joseba Larratxerekin batera sortu duen istorio hori Orbaizetako olan (Nafarroa) gertatzen da, XVII. mende inguruan, eta, garai hartan girotzeko, hizkuntza ere erabili dute.
Klasikoen laguntzaz
Zinema eta komikiak aipatuz gero, ezin eleberriak alde batera utzi. Horietan, hizkuntza ez besterik izaten du idazleak nahi duen giroa eta atmosfera erdiesteko. Hainbat dira garai bateko hizkeraren kutsua eman diotenak euskarari. Anjel Lertxundik horixe egin zuen Otto Pette eleberrian. «Guztiz asmatua da, euskara batua oinarri hartuta. Erronka zen sinetsaraztea hori posible zela garai horretan», azaldu du. Haren aburuz, sinesgarritasuna da jokoan dagoena: pertsonaien solasak horrela izaten ahal zirela pentsatu behar du irakurleak.
Aingeru Epaltzak lan handia hartu zuen Erresuma eta fedea eleberrietako euskara birsortzeko. Nafarroako konkistaren garaiko pertsonaien hizkera sinesgarria izatea nahi zuen. Bi gauza zituen buruan: garai hartako kutsua ematea, eta irakurleari nekagarri ez egitea; ulergarria izatea, alegia. «Arrisku eremu batean sartzen zara, eta horrek erran nahi du aldiro erabakiak hartu behar izatea; etengabe egin behar duzu edo ulergarritasunaren alde edo zuk hartu duzun erabakiaren alde».
Epaltzak uste du hizkuntza horretarako dagoela, eta euskararen alde direla gisa horretako sormen lanak. Ezin da idatzi modu berean XIX. mendean girotutako istorio bat edo 2018ko Iruñean gertatzen den bat, istorio bereko pertsonaiek erregistro ezberdinak erabiltzen dituzten modu berean. «Oso gutxi erabilitako eremu bat dugu hor, eta altxor horri probetxu gehiago atera diezaiokegu, horrek dituen arrisku guztiekin. Baina nola ez gara baliatuko dugunaz? Gure hizkera literarioa aberasteko eta sendotzeko modu bakarra hori da: hizkera diferenteak erabili ahal izatea», dio idazle nafarrak.
Euskararen kasuan, zailagoa gerta liteke horrelako hizkera bat birsortzea, ez baitago ezarritako eredu bat. «Beharbada, herri normaldua bagina, bestelako bide bati segituko zion estandarraren eraikuntzak, eta bestelakoa litzateke emaitza», dio Urmenetak. Epaltzak ere erreparatu dio horri. Haren aburuz, errazagoa da garai bateko hizkera birsortzea inguruko erdaretan. Idazleak arrisku gutxiago hartu behar ditu, beren idazle klasikoak ezagunagoak direlako, besteak beste. «Badago halako tradizio bat nahiko errotua. Hizkera fikzionatua berehala ezagutzen dugu, eta berehala antzematen diogu». Euskaraz, ez. Horregatik, Errementari filmaren kasuan, Arabako XIX. mendeko euskalkia birsortzen saiatu direla azaldu behar dute. «Azaldu izan ez balute, segur aski ikusleen %90ek ez zuten hori ulertuko», azaldu du Epaltzak. Dagoena ongi aprobetxatzearen alde agertu da Lazkano: «Gauza askotan hankamotz gaude, baina dauzkagun baliabide apurrei petrolioa atera behar diegu». Hala ere, inoiz baino baliabide gehiago badirela gogoratu du Epaltzak. Zailago izan zuen Jon Etxaidek Joanak joan edo Gorrotoa lege idazterakoan 1950 eta 1960ko hamarraldietan.
Garai bateko euskararen kutsua emateko, beharrezkoa da ongi dokumentatzea. Lertxundik eta Epaltzak argi dute ezinbestekoa dela klasikoetara jotzea. Gero, erabakiak hartu behar dira, irakurlearen ulergarritasunean pentsaturik. Horrek ez du esan nahi irakurleari dena egina eman behar zaionik. Lertxundik azaldu du nola egiten zituen ulergarri hitz batzuk: «Hitz arrotz bat sartzen nuenean, nire helburua zen hitzari ematen nion testuinguruagatik irakurleak esanahia uler zezala. Hori literaturaren oinarri bat ere bada».
Hala, laurak bat datoz birsortzen diren euskara horiek sinesgarriak eta ulergarriak izan behar dutela. Hori kontuan izanda, eta koherentziari eutsirik, hizkuntzarekin aritzeko askatasunaren alde agertu dira. Lazkanok argi du horrela behar duela: «Argi eduki behar da fikzioa dela, eta horrelako testuinguruetan euskararekin jolasteko libre izan behar dugu».