Ana Galarraga / 2018-10-08 / 518 hitz
Zientzia-gaiak gutxitan iristen dira komunikabide orokorretara. Badira salbuespenak, ordea, eta horietako bat izan da Amaia Arranz Otaegui arkeobotanikariaren azken ikerketa: gaur egun Jordania den eremuan, duela 14.000 urte talo-itxurako ogia egiten zutela frogatu dute.
Arranz gustura dago ikerketak izandako hedapenarekin, eta garrantzi handia ematen dio dibulgazioari: “Ikerketa gehienak ez dira gizartera iristen. Ikertzaileon zeregina da gure lana gizarteratzea; azken finean, gizarteari gure ikerketak finantzatzeko jarri duena itzultzeko modu bat da”. Haren esanean, dibulgatzaile ona izateko ikasi egin behar da, baina, hasteko, nahikoa da borondatea izatea: “Ikerketa honekin komunikabide askotatik deitu didate, eta oso esperientzia polita izan da”. Hain polita, ezen dibulgazioan sakontzen jarraitu nahiko bailuke.
Dibulgazioa gustuko duela nabari bazaio ere, are grina handiagoa erakusten du ikerketaz hitz egitean. Aitortu duenez, txikitatik zituen gustuko paleontologia, arkeologia eta halakoak: “Anaiak fosil batzuk zituen, eta haiekin ibiltzen nintzen. Egiptorekin, berriz, txundituta nengoen; dena irakurtzen nuen. Azkenean, hamabost urterekin, lortu nuen Egiptora joatea amarekin, eta museoan negarrez hasi nintzen, hunkituta“.
Ekialde Hurbilak liluratuta
Argi zuen bide hori hartu nahi zuela, eta, horretarako, Historia ikastera joan zen Bartzelonara, oso irakasle onak zeudelako han eta etxetik urruntzeko gogoa ere bazuelako. Lizentziatura amaitutakoan, Eusko Jaurlaritzako beka bat eskatu zuen, masterra eta tesia egiteko. “Kontua zen ezin nuela gaia aukeratu, dena gustatzen zitzaidan. Adibidez, Paco Etxeberriarekin hitz egin nuen… Justu orduan Siriako indusketa batera joateko gonbidatu ninduten, Bartzelonako talde batekin; tartean ziren Juan Jose Ibañez, Bartzelonako ikertzaile garrantzitsu bat, eta Lydia Zapata, Euskal Herrian arkeobotanika garatu duena. Eta tesirako gaia proposatu zidaten: hango landare-aztarnak ikertzea, nekazaritzaren sorrera eta hori dena. Niri gai hori oso ikertua zegoela eta dena ezaguna zela iruditzen zitzaidan, baina baiezkoa eman nuen”.
Horrela hasi zen Ekialde Hurbilarekiko lotura. Siriako gerra hasi zen arte, urtero joan zen hango aztarnategira, eta geroztik Jordaniara joan ohi da. Libanon ere izan da, eta beti itzuli da Ekialde Hurbilera. “Penaz itzultzen naiz handik, lankideak baino gehiago lagunak uzten baititut han”.
Dena ez da gozoa izaten, baina, eta egoera desatseginak bizitzea ere egokitu zaio, batez ere Iranen, emakume izateagatik: “Oso hierarkizatuta dago, eta, emakumea bazara, denen behetik zaude. Ni eskerrak doktore nintzen, bestela, ez ninduten aintzat hartuko ezertarako. Eta, hala ere, ez zidaten uzten ezer egiten bakarrik, ez nuen askatasunik”. Jordanian, ordea, bestelakoa da egoera, eta han ez du arazorik parez pare lan egiteko hango ikertzaileekin. “Agintzen dutenak denak gizonak dira, baina hori Europan ere geratzen da gaur egun”.
Bestelako zailtasunak ere aurkitzen ditu, ez emakume izateagatik, baizik eta idatzita dagoena hankaz gora jartzeagatik. “Paleolitoan ogia egiten zela erakustea uste zenaren aurka doa. Baina ez da adibide bakarra, beste zenbaitetan ere frogatu dugu ustea okerra zela, eta ez dute onartu nahi. Esaterako, jarraitzen dute esaten Turkian etxekotu zirela landareak lehen aldiz, nahiz eta gure aurkikuntzek erakutsi duten hori ez dela horrela. Erresistentzia handiak daude”. Hala ere, Arranz ez da isilik eta besoak gurutzatuta geratzen, eta orain arte bezainbesteko irrikaz jarraituko du ikertzen, iragana ezagutzeko eta ezagutarazteko.
Fitxa biografikoa:
Amaia Arranz Otaegui Tolosan jaio zen 1987an. Historian lizentziatu ondoren, Kuaternarioko Masterra burutu zuen UPV/EHUn. Doktorego-aldian Arkeobotanika landu zuen, Ekialde Hurbileko hainbat aztarnategietako landareak aztertuz. Gaur egun, doktorego-ondorengo ikertzailea da Kopenhageko Unibertsitatean, eta ehiztari-biltzaile/nekazari trantsizioa ikertzen jarraitzen du.