Maite Asensio Lozano / 2020-09-24 / 747 hitz
Koronabirusean positibo eman dutenen gertuko kontaktuak bilatzea baino gehiago da aztarnari sistemako kideen lana: gaitzari eta bakartzeari buruzko informazioa emateaz edota zailtasunak dituztenen jarraipena egiteaz ere arduratzen dira.
Pandemiak ekarritako hitz berrietako bat da: aztarnariak. «Guk nahiago dugu kasuen kudeatzaile terminoa erabili: aztarnari jarraitzea bilatze sistema bat da, positibo bakoitza nondik etorri den eta nora joan den ikertzea, haren kontaktuei jarraitzea; baina kudeatzaileek kasu bakoitzarekin lan egiten dute, atzean dagoen pertsonarekin, haren istorioarekin eta egoerarekin. Aztarnari segitzea baino gehiago da». Inma Morok eman du azalpena: Osakidetzako Erizaintzako zuzendariorde aholkularia da, eta Barakaldoko (Bizkaia) Arrontegiko osasun etxean dago, aztarnari sarearentzat atondutako bulegoan. Dozena bat lagun ari dira lanean, ordenagailu aurrean, telefonoz hitz egiteko gailuak jantzita. Orduak egiten dituzte COVID-19an positibo eman dutenekin eta haien gertukoekin hizketan: gaitzaren ibilbidea ikertzeaz gain, itxialdian dauden pertsonak zaintzen dituzte.
330 pertsona inguruk osatzen dute egun Osakidetzaren aztarnari sistema, baina Morok zehaztu du «sare zabal batek» egiten duela koronabirusaren transmisioaren jarraipena eta kontrola: bertan parte hartzen dute ospitaleetako prebentzio medikuntzako zerbitzuek, lan osasunekoek, lurralde bakoitzeko zaintza epidemiologikoko unitateek… «Baina aztarnari taldeak eta kasuen kudeatzaileak dira ezagunenak: haiek arduratzen dira herritarrekiko komunikazioaz». Trebakuntzaz erizainak dira gehienak, baina, sarearen martxa egonkortu ahala, bestelako langileak ere sartu dira, hala nola gizarte langileak, administrazio laguntzaileak edota fisioterapeutak. «Diziplina anitzeko taldea da orain».
PCR probak egiten dituzten laborategietatik abisua jasotzean hasten da sarearen lana: aztarnariei beren eskualdean positibo eman dutenen zerrenda igortzen diete. «Lehen deia egin baino lehen, badugu kasuaren ikuspegi global bat: sintomarik izan duen, larrialdietara joan den…», esplikatu du Itziar Llanera Camacho kudeatzaileak. Birusa dutenen osasun arta lehen arretako medikuen esku geratzen da, baina kasuen kudeatzaileek ere badute zeresana, besteak beste, bakartzeko jarraibideak ematean: «Positiboarekin hitz eginez baloratzen dugu zer baldintzatan konfinatuko den: norekin bizi den, nolako etxea duen… Ingurua ezagutzen dugunez, badakigu zer egoera demografiko eta sozioekonomiko dagoen toki bakoitzean, eta horrek laguntzen digu babes zerbitzu edo baliabideak bilatzen».
Batez beste, zortzi kontaktu
Horrekin batera, positibo eman duen pertsona bakoitzaren azken harremanak ikertzen dituzte: norekin egon den, zer segurtasun neurri erabili dituen, nork izan duen kutsatzeko arriskua… Hala osatzen dute gertuko kontaktuen zerrenda; positibo bakoitzeko zortzi lagunen ibilbidea aztertzen dute batez beste, Morok berretsi duenez: «Kasu bakoitza aztertu, eta gertuko kontaktuak hala diren egiaztatzen edo baztertzen dute. Eta beharrezkoa bada, zirkulua zabaltzen dute». Begoña Olaskoaga Luengo kudeatzaileak aitortu du zalantzak izaten dituztela maiz: «Protokolo bat daukagu, baina kasu bakoitza bakana da; sarearen alde ona da zalantzen inguruan kontsulta asko egin ditzakegula. Positiboei eta kontaktuei ere galdera asko egiten dizkiegu; zalantzaren bat badugu, badaezpada gertuko kontaktutzat hartzen ditugu. Beraz, hala izendatzen ez badugu, irizpideak betetzen ez dituen seinale».
Aztarnari sarea maiatzean martxan jarri zenetik ere asko ikasi dutela erantsi dute kudeatzaileek. Llanera: «Gure formakuntzak berekin dakar komunikatzeko gaitasuna. Garrantzitsua da aztertzea pertsona bakoitzak nola erantzuten duen, eta gure jarduna horren arabera moldatzea. Dei batzuek denbora asko behar dute, gauza asko azaldu behar direlako, edo babes emozionala eman behar zaiolako». Olaskoaga: «Pertsona batzuek behar dute entzun ditzatela, lasaitzeko, eta aurrerago egingo dugu beste dei bat bakartzeaz xehetasunak emateko; beste pertsona batzuek beharra dute sentitzeko hor egongo garela laguntzeko; eta azkenik, beste pertsona batzuekin irmoagoak izan behar dugu, eta argi utzi egoeraren larritasuna».
Ez da beti lan erraza. «Mundu guztiak ez du onartzen bakartzea sintomarik ez badu», dio Llanerak. Olaskoagak gaineratu du halakoetan kontrol estuagoa egin behar izaten dutela: «Bakartzea zer den ulertzen dutenei jarraipen arinagoa egiten zaie, zailtasunik ba ote duten jakiteko. Uzkur agertzen direnekin bai, telefonozko jarraipen estuagoa egin behar dugu». Kasuren batean Poliziari eman behar izan diote urraketaren baten berri, baina kasuen gutxiengoa direla nabarmendu du Morok: «Bidezkoak izan behar dugu: gehienek ondo egiten dute, eta etxeratzea ez da inoren gustukoa». Zabal hitz egin da gazteen jokabideaz, baina Llanerak ez du uste bereziki arduragabeak direnik: «Egia da bizitza soziala egitean ez direla arriskuaz hain kontziente izan, baina kutsatu direnean damua agertu dute, eta etxeko adinekoekiko kezka».
Ikasturte hasieran lasaiago
Uda gogorra izan dela diote hirurek: abuztuko bigarren erdian, eguneko 600 kasu inguru izan dira EAEn, eta Bizkaian egun batzuetan laurehun positiboen langa gainditu dute. «Une zailak izan dira; sarea berrantolatu behar izan dugu, baina arrasto guztiei segitu diegu, baita zortziehun kasu izan ditugunean ere», azpimarratu du Morok. Udazkenak beste egoera bat ekar dezakeela uste du: «Herritarron jokabideen isla dira kutsatzeak. Udan aisialdian gertatu dira; orain, bizimodu ordenatuago batera itzultzean, beste leku batzuetan erlazionatuko gara, eta ikusiko dugu nondik datozen kutsatzeak». Tartean, eskola lehenetsi behar dela esan du: «Agian hasieran kasu asko izango ditugu, baina gero eremu horretan ere hobeto moldatzen ikasiko dugu, besteetan egin dugun bezala».