Tere Maldonado / 2016-09-20 / 729 hitz
Egun gutxiko tartean, bi albiste harrigarri ezagutzeko parada izan dugu. Ustez ohituretan oso aurrerakoia den Frantzian izan dira bi gertakizun larriok. Lehenengoan, Nizako hondartza batean, lau gizon armatuk (lau poliziak, alegia) emakume bat larrugorritzera behartu zuten edo, behintzat, jantziak arintzera, arropa gehiegi zeramatzalakoan; gizonak zutik, emakumeari begira, azken hori hareatan eserita, alboan alaba negar batean zeukala. Bestean, Frantziako bertako beste puntako kostaldean, pertsona talde batek kristoren jipoia eman zion topless egiten zegoen emakume bati, hori ere senar eta seme-alabekin zegoela. Senarrak ezin izan zuen emaztea lagundu, bera ere kolpatu baitzuten eta asko baitziren erasotzaileak. Hedabideek kontatu zutenaren arabera, «basatia» izan zen erasoa. Suposatzen dut kasu horretan ere seme-alabek negar egingo zutela.